NAIZ

Nafarroako Gobernuak Lan Epaitegitik kanpo mantendu duela salatu du LABek

Nafarroako Gobernuak CEN patronala, UGT eta CCOOk egin dituzten presioen aurrean men eginez LAB Lan Epaitegitik kanpo mantentzeko erabakia hartu duela salatu du sindikatu honek. Lan harremanen esparrua demokratizatzeko bidean ez dela aurrera egin nabarmendu du LABek.

Metaleko hitzarmenaren alde 2013an Nafarroako Lan Epaitegiaren LABek egindako elkarretaratzea. Ordutik hona erakunde hau ez dela demokratizatu salatu dute.
Metaleko hitzarmenaren alde 2013an Nafarroako Lan Epaitegiaren LABek egindako elkarretaratzea. Ordutik hona erakunde hau ez dela demokratizatu salatu dute. (Lander F. ARROYABE | FOKU)

Nafarroako Lan Epaitegitik LAB kanpo uzteko CEN patronalak eta UGT CCOOk egin dituzten presioen aurrean Nafarroako Gobernuak men egin duela salatu du sindikatu abertzaleak. Gogoratu duenez, 1996an auzitegi hau sortu zenetik LAB sistematokiko baztertua izan da eta azken hilabeteotan erakundea demokratizatzeko eta irekitzeko egin diren saiakerak zapuztu egin dira.

«Azken hilabeteeotan, Erregimenaren txiringitoa amaitzeko eta apartheid-a gainditzeko bere eskakizun historikoekin bat etorriz, LABek bilerak egin ditu CENekin, UGTrekin eta CCOOrekin, baita Nafarroako Gobernuarekin ere, hamarkadetan zehar jasandako bazterkeriarekin bukatzeko. Hala ere, batez ere CENekoen eta UGTkoen jarrerak zorrotzak izan dira: LABek Lan Epaitegian parte hartzea, bere printzipioei uko egin gabe, onartezina litzateke, bere garaipena eta Elkarrizketa Sozialaren porrota ekarriko lukeelako. Bestela esanda, LAB Lan Epaitegitik kanpo nahi dute eta ez dute onartuko parte hartzea eliteen printzipioak bere egiten ez baditu», azaldu dute.

Aldaketarik ez lan-harremanetan

LABek gaineratu duenez eskuina Nafarroako erakunde nagusienetatik bota zenetik lan-harremanetan aro berri bat irekitzeko aukera eskaini diotela Nafarroako Gobernuari nabarmendu du sindikatuak. Horrela, Uxue Barkosen garaian, «Nafar Lansarerekin gertatu ez bezala, ez zen borondaterik egon finantzaketa publikoa duten gainerako organoak erabat demokratizatzeko», salatu dute. Honekin batera, «Navarra Sumarekin eta PSNrekin batera Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik eliteen kontseilua, Elkarrizketa Soziala izenekoa, indargabetzea eragotzi zuten», gaineratu du.

Maria Chiviteren Gobernuak egoera hau aldatzeko borondaterik ez duela salatu du LABek, «iraganeko etapekin dituen loturengatik eta ‘CEN, CCOO eta UGT sindikatuak ez dira ukitzen’ Erregimenaren esaldi horrengatik».

Lan harremanak demokratizatzeko edozein aurrerapen eragozteko CEN eta UGTren presioak «maila gorenekoak» izan direla esan du LABek. CCOOri, berriz, «inakzioa eta eskuinaren estaldura» egotzi dio.

«Parlamentuan sindikatuekin egindako bilkura batean, Bitartekaritzari buruzko Foru Legeari buruz, Navarra Sumaren ordezkaritzak LABi galdetu zion ea sindikatu honentzat beste epaitegi bat sortu behar ote zen, egungo txiringitoa ez ukitzeko. Eta Gobernuak ere bere burua behartuta ikusi du Lan Epaitegian ez sartzera Bitartekaritzari buruzko Foru Legearen proiektuan, nahiz eta Epaitegi horren finantzaketa bere kontura izan», azaldu dute.

«Langile klaseak eta, oro har, Nafarroako gizarteak ez dute ulertzen eragile horiek oraindik ere iraganeko tresnei eta, batez ere, konponbiderik ematen ez duen eta Nafarroako gehiengo sozialaren bizi- eta lan-baldintzak okertzen laguntzen duen dinamika antzuari eusten jarraitzea», gaineratu du LABek.