EH Bilduk eta LABek bilera egin dute astearte honetan Donostian, Euskal Hezkuntzaren Sistema eraldatzeko aukera baloratu eta zenbait irizpide batera finkatzeko. Ezker independentistak dituen erronken eta konpromisoen inguruko gogoetak partekatu dituzte eta agerraldi bateratua egin dute gero. Bileran Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Pello Otxandiano Programa Zuzendariak hartu dute parte EH Bilduren aldetik, eta LABen ordezkari gisa Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorra eta Irati Tobar Irakaskuntzako arduraduna.
Testingurua ezaguna da. Urte hasieran EH Bilduk EAJ, PSE eta EP-IUrekin sinatuko zuen hezkuntza akordioaren ondoren, EAEko Hezkuntza Lege berrirako egitasmoa plazaratu du Urkulluren Gobernuak, denetarako iritziak eraginez. Sindikatuek (LAB tartean dela) protestak abiatu dituzte beren aldetik, zirriborro horren aurka, eta tartean bi greba egun hezkuntza publikoan; lehena, asteazken honetan bertan.
Gauzak honela, euskal hezkuntza sistema propiorako trantsizioa egiteko hezkuntza akordioa «baliogarria» dela adierazi dute bi aldeek: «Aukera baten aurrean gaude, eta aukera guztiek bezala, honek ere baditu bere arriskuak. Arrisku behinena litzateke egungo sistema duala betikotzea». Trantsizioa izango bada, eraikitzen diren indar harremanen araberakoa izango dela nabarmendu dute.
«Berretsi nahi dugu ezker independentistak bere esku dagoen guztia egingo duela aukera hau baliatu dadin, euskal hezkuntzaren aro berri bat ireki dadin. Hurrengo hilabeteetako erronka izango da lege on bat onartzea, eta Hezkuntza Akordioaren garapen egoki bat egitea. Asko dago jokoan, eta ezker independentistak bere onena emango du herri honen eraikuntzarako lehen mailako garrantzia duen erronka honetan», adierazi dute LABek eta EH Bilduk.
Garbiñe Aranburuk eta Arnaldo Otegik irakurri duten adierazpenean, «orain, lege on bat onartzea da erronka eta aurkeztu den lege proposamenean atzerapausua ikusi dugu hainbat alor funtsezkotan. Kezkaturik gaude hezkuntza komunitatean, eta jendartean oro har, giroa nahasten eta polarizatzen ari delako eta, uste dugu, Euskal Herria bezalako herri zapaldu batean gai izan behar dugula hezkuntza sistema publiko burujabearen norabidean akordioak erdietsi eta urratsak emateko».
«Orube berri bat, tradizio ezberdinen onena jasoz»
«Gure ustez, orube berri bat jarri behar da, hezkuntza tradizio ezberdinen, bai ikastolen eta bai eskola publikoaren onena jasoz: Konfluentzia da bidea, sare publiko, bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza sistema propioa eraikitzen hastea. Aitortza zor zaio eskola publikoaren komunitateari, administrazioaren inbertsio ezaren ondoriozko baldintza kaskarretan herrigintzan egindako lanagatik, euskara zabaltzeko egindako ahaleginagatik eta klase eta jatorriagatiko segregazioa, zeina gizarte gisa dugun arazo handietakoa den, eztabaida publikoaren erdigunean jartzeagatik».
Honetan sakonduz, «aitortza zor zaie ikastolei ere kultur transmisioan eta euskararen irakaskuntzan administrazio publikoa egiteko gai izan ez denari eutsi diotelako. Ikastolen sistema gai izan da nazio ikuspegia bere hezkuntza jardueran bermatzeko. Hezkuntza Akordioak abiatu behar duen trantsizioaren lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar du, Ikastolen antolaketa eredu komunitarioa oinarri hartuz. Ekarri behar du aukera berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea, eta horretarako eskola publikoak ardatz izan behar du. Eta ekarri behar du, baita ere, jauzi bat euskalduntzean, laikotasunean, inklusioan eta eraldaketa pedagogikoan. Momentua da, baita ere, titulartasun partekatuak esperimentatzeko, tokikotasunean oinarrituz eta udalen parte hartzearen bidez».
Akordioak eta mobilizazioak
«Eztabaida honetan, nahiz mendebaldeko hiru herrialdeetan ari garen, nazio ikuspegiz jokatu behar dugu –ziurtatu dute LABek eta EH Bilduk–, gaur hiru herrialdeetan ematen diren urratsak eraikuntza nazionalaren parte izan daitezen, eta gaur posible ez diren urratsak bihar posible izan daitezen. Garaia da, baita ere, burujabetza politikoa aldarrikatzeko: Euskal Herriak trantsizio honetan bidea egiteko konpetentzia esklusiboak behar ditu hezkuntzan».
«Horretarako, beharrezkoa izango da eztabaida gune eraikitzaileak sortzea, akordioetara iristea eta baita mobilizazioak antolatzea ere. Hezkuntza eragile desberdinen proposamen eta eskariak entzun egin behar dira, besteak beste, hezkuntzako langileena. Hezkuntza sistemako langileak, bakoitza bere eskola, ikastola edo ikastetxean mobilizatzen ari dira eta datozen egunetan eremu publikoan grebak daude deituta. Bat egiten dugu langileen eskaerekin», adierazi dute.