Joxe Mari Auzmendi A-tik Z-ra, cromlechean mundu berri bati ekin zion hezitzailea

Euskalgintza eta herrigintza ardatz, hezkuntzari emana bizitu zen Joxe Mari Auzmendi hezitzailea. Auzolanean edo cromlechean egiten zuen lan, begirada aurrerakoiaz eta ezberdinak batzeko gaitasunaz. Hik Hasi egitasmoaren arima zenaren izana jaso dute liburu batean: ‘Euskal pedagogoa lokatzetan’.

Joxe Mari Auzmendiren izana jaso dute liburu batean.
Joxe Mari Auzmendiren izana jaso dute liburu batean. (Jon URBE | FOKU)

Bizitza besteei eskaini zien, motorra zituen ardatzen bueltan jardunez: hezkuntza, herrigintza eta euskara. Ezagutu zutenek, bidelagun izan zirenek, eta asko eta anitzak izan ziren, maitasun handiaz oroitzen dute, baina batez ere miresmez izugarriaz. Eredu eta akuilu izan zen askorentzat.

Otsailean hiru urte beteko dira Joxe Mari Auzmendi Matxain hil zela, Hik Hasi egitasmoaren hazia, hezkuntzaren bidez mundua eraldatu nahi zuen ameslaria. Amesten zuen bai, baina egingarria zela sinistuta. Eta horren alde borrokatzen zen.

Hik Hasi egitasmo pedagokikoak bere figuraren bueltan liburu bat argitaratu du, omenaldi moduko bat izan nahi duena. Bere figurari gorazarre egin zaio A hizkitik hasi eta Z letraraino. Lana, bizitza eta balioak jaso dituzte parte hartu dutenek, irakasle, idazle, hezitzaile eta lagunek.

Eñaut Aiartzagunea marrazkigilearen ilustrazio ederrez lagundua, nork letra baten bidez gogora ekarri ditu Auzmendiren ekarpenak eta baloreak, eta anekdotak zein konpartitutako hainbeste une ekarri dituzte liburura. ‘Euskal pedagogoa lokatzetan’ ostegun honetan aurkeztu dute hedabideen aurrean Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, eta publikoaren aurrean Hernanin aurkeztua izan da arratsaldean.

Argitalpenera hurbiltzeko beste aukerak ere egongo dira; abenduaren 10ean Durangoko Azokan aurkeztuko dute, eta bertan ere salgai egongo da, hala nola Hik Hasi-ren webgunean ere bai.

Oparoa izan zen oso 40 urtez aktibo izan zuen ibilbidea. Euskarak eta hezkuntzak mundua eraldatzeko ez ezik, bizigarriago eta justuago egiteko gaitasuna dutela defendatzen zuen Auzmendik.

Azkaraten jaioa, Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen lanean. Irakasle lanetarako haurtzaroan izan zuen Avelino Sanchez maisuaren eredua gaurkotu eta euskaldundu zuen, eta berea egin zuen. Euskal Hezkuntzagintzak zituen behar larriak identifikatuta iritsi zen, 1995ean, Hik Hasi egitasmo pedagokikoa sortzera beste kide batzuen laguntzaz. Lehenago, LAB sindikatuaren hezkuntza arloko ordezkaria izan zen Gipuzkoan.

Hutsuneak identifikatu eta behar horiek asetzeko lanari ekiten ziola goraipatu dute askok liburuan. Ordea, egindako lan kopuruaz baino, askok egiteko zuen moduan jarri dute azpimarra. «Izaera berezia zuen Joxe Marik, bisio handikoa zen, eta konprometitua zen», adierazi dute. Abegikorra eta zaintzailea zela ere aipatu dute, eta hain zuzen horrek ematen ziola akordioak lortzeko gaitasuna. «Konplizeak bilatzen zituen, eta oso zaila zen bere proposamenei ezezkoa ematea», oroitu du lankide eta lagun izan zuen Mila Apezetxeak.

Auzolana zen ekiteko eta egiteko zuen modua. Horregatik C hizkia ‘Cromlecha’ hitzarena da. Elkarrekin eta borobilean, elkarri begira egiten zuen», oroitu du Joxe Mari Agirretxe Porrotxek. «Joxe Marik hainbeste maite zuen besarkada biribila» zen.

Besteen begiradetatik

Cromlechean lan egiten zuen eta cromlechean sortu dute bere soslaia letren bidez. Lorea Agirre ‘Jakin’eko zuzendaria B hizkiaren atzean kokatu da Auzmendiren inguruan mintzatzeko. ‘Bizizalea’ hitzarekin defendatu du pedagogoa. Eta aitortu du zor ziola testu sentimental bat, politikoa. «Pertsonalena delako politikoa», azaldu du aurkezpen ekitaldian.

Auzmendi «bizizale handia zen eguneroko bizitzan», eta «ase arte» bizitza edaten zuen. Beste hitz batez mintzatu nahi izan du laguna zuenaz aritzeko, eta da «lilurabera». «Bizitzak liluratuko dituen pertsonak behar ditu munduak, eta Joxe Mari bazen halakoa». Pasioa eskatzen zuen, berak ere hortik asko jartzen zuen. «Ameslari bat zen, baina bisionarioaren zentzuan. Auziak hamar urte aurretik planteatzen zituen».

Jendea gauza eta asmo onez kutsatzen zuen, eta lortzen ei zuen batzea. «Eraman ninduen leku batzuetara ni nire kabuz ailegatuko ez nintzatekeena», aitortu du Agirrek.

Antzeko moduan abiatu du bere hitzartzea Ane Ablanedok. «Nire ibilbidea ez dut irudikatzen bera gabe. Niretzat zen oso inspiratzailea, eta nire bizitzan bizitu ditudan hito edo mugarri batzuk berekin izan dira». Oraindik hunkitu egiten da Auzmendiz mintzatzean.

«Pedagogo bezala beregan gorpuzten ziren bizitzaren balioak, eta horiek heziketan txertatzen zituen. Zer bizitza eskaini nahi diegu haurrei? Ez hainbeste zein hezkuntza. Zer da humano batek behar duen bizitza ona? Sen ona bazuen horretarako», gogora ekarri ditu Ablanedok zenbait hausnarketa Auzmendik bistaz galdu ez zituenak.

Heziketari dagokionez, lau ardatz aipatu ditu. Konfiantza da aurrenekoa. «Pertsonengan konfiantza zuen, umeengan sinisten zuen. Umeak egingo du edo ez, baina berak konfiatzen zuen haiengan guk, helduok, gehiegi bideratu gabe».

Zaintza, bizipoza era errespetua dira beste ardatzak, Ablanedoren irudikoz. «Gutako bakoitza ginanarekiko errespetua azaltzen zuen, eta horrela ateratzen zuen bakoitzaren esentzia. Erritmoak eta estiloak errespetatzen zituen eta loratzen ziren gauzak».

Ablanedo «Libertatea» hitzaren bueltan aritu da. «Joxe Mariri berari idatzi diot. Izpiritu librea zen, askea. Bere xumean, ez zen espektatiba handikoa, baizik eta oinarrizkoan, dela inportanteena, norbera izatearen askatasunean. Eta Joxe Mari oso Joxe Mari zen. Ba al dago hori baino gauza zailagorik?», hausnartu du. Umeak ume izateko zeuden balizko mugez ere maiz aritu zen, eta horiek apurtzearen alde asko borrokatu zen.

Haurrak haur izatearen inportantziaz. Hil ala bizikoa kasik. Haurren begiradaz eta ematen zaien paperaz asko hausnartua, horren bueltan aritu da Joxe Mari Agirretxe Porrotx. Lagun mina zuen Auzmendi. Elkarrekin hamaika kanta sortu zituzten, beste proiektu askoren artean. «Mundu bat denona eta denontzat egina, haurrentzat baina haurrekin egina, gazteentzat gazteekin, helduentzat helduekin», oroitu du.

Haurrak erdigunera eramateko filosofia horretan –jarraitu du–, haurrak ez zituen objektu bezala tratazen edo kokatzen, subjektu politiko bezala baizik. «Jolas, abesti eta elkarlanaren bidez egiten zuen proposatu, hausnartu, eta ideiak aurrera eraman. Borobilean eserita, denak elkarri begira».

«Amets sortzailea» ez ezik, «amets egilea» ere bazela adierazi du.