Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hizkuntzen inguruko gogoeta egin du Sarasuak munduan zehar bizitakoak kontatuz

Mexiko, Haiti, Tanger eta Brasileko txoko desberdinetan gertatutakoen berri ematen du Jon Sarasuak ‘Harizko zubiak’ lanean. Horietan aurkitutako egoeren eta Euskal Herriaren arteko konparazioa egitea naturala izan da hizkuntzari buruzko gogoetaz betetako lanean.

Jon Sarasua bere azken liburuarekin.
Jon Sarasua bere azken liburuarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Brasilgo Pernambuco, Mexikoko Puebla eta Yucatan, Ipar Afrikako Tanger eta Haitira egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Jon Sarasuaren ‘Harizko zubiak’ (Pamiela). Jose Angel Irigarai editoreak azaldu bezala, duela hamarkada bat hasi zuen trilogia moduko baten azken atala da honakoa, alegia, ‘Ertzeko zatiak’ eta ‘Bost truke’ lanen ondorengoa. Oraingoan ere bidaiatzen zuen bitartean bizitakoa kontatzen du, hangoa hemengoarekin konparatuz, urrutiko errealitatean gurea txertatuz.

Hizkuntzaren inguruko kezka izan du buruan Sarasuak, eta hiztunen eta herrien arteko harremanaren ispilu bihurtu ditu bere testuak. «Lan mamitsuak dira Sarasuarenak, nahia eta beharra pizten dituztenak –adierazi du editoreak–, gogoeta interesgarriak, beharrezkoak eta sakonak eskaintzen dizkigu».

Nahiz eta bidaian gertatutakoak jasotzen dituen liburuak, ez dira bidaia kontakizunak, eta Irigarairentzat «oso pertinenteak dira». Editoreak «glocal» hitza aipatu du jorratzen diren gaiak deskribatzeko. Hau da, gai lokalak, tokian tokikoak, baina baita ere globalak, nazioartekoak. Horren adibide da munduaren beste puntan hizkuntza gutxituek dituzten arazoak euskarak dituenaren antzekoak direla.

Sarasuak azaldu bezala, mota honetako hirugarren liburua du baina oso desberdinak dira euren artean. Honen kasuan «herri esperientzia eta estrategien kontrabando bat» ematen da, elkartruke bat. «Liburua kontrabando honen kontakizuna da, baina gogoetaz zipriztindu dut. Gogoetak hangoaz batez ere, baina baita ere Euskal Herria, euskara eta bertsolaritza tartekatzen dira», esan du. Hala, ikusi dezakegu nola ikusten gaituzten munduko beste lekuetatik.

Hizkuntza gutxituak

«Mini-testuak dira, testu laburren sorta, eta hizkuntza-lankidetzan egindakoak aipatzen dira gehienetan», adierazi du idazleak. Adibidez, Yucatanen maia hitz egiten da eta Pueblan, berriz, nahuatl. «Yucatanen hizkuntza sustatzeko mugimendu soziala sortu nahian daude eta horren berri ematen dut. Pueblan esperientzia kooperatiboa aipatzen dut», argitu du. Pernambucon, ordea, kantu inprobisatuak indarra du eta Euskal Herrian arlo horretan dugun esperientziarekin alderatzen du.

Idazleak esan duenez, gogoeta gehienak hizkuntzari buruzkoak dira nahiz eta tarteka gogoeta ideologikoak ere egin dituen. Erabilitako hizkuntza ahozkotasunetik oso gertu dagoen arren, era berean jantzia dela azpimarratu du Irigaraik.