Euskararen Egunaren testuingurua probestuz, 2005etik, urtero egiten duen legez, Lauaxeta sariak banatu ditu Bizkaiko Aldundiak. Estepan Urkiaga poetaren izenpean, sari hauen bitartez esker ona adierazi nahi izaten zaie jendaurrean euskara eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko egin duten lanagatik nabarmendu diren pertsonei, taldeei eta erakundeei, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen. Aurtengo edizioa, hemezortzigarrena, Bilboko Filarmonikan burutu da ostirala goizean.
Ikus entzunezkoek tartea izaten dute Lauaxeta sarietan, eta aurtengoa Iratxe Fresneda zinemagileari, NAIZ eta GARAko kolaboratzaileari, egokitu zaio. Aipatu dutenez, epaimahakideek aho batez erabaki dute Fresnedaren ‘erregistroaren gaineko’ trilogia ixten duen ‘Tetuan’ filmea aukeratzea. Epaimahaikideek nabarmendu dute lan hau memoria historikoaren parte dela: «Protagonistak jatorri askotakoak dira, iraganeko garai batekoak eta egungoak, baina denek migratu behar izan dute. Dokumentalak agerian uzten du bizipen-lotura uste baino estuagoa dela, eta egungo migratzaileek geroko euskal memoria historikoa osatzen dutela. Hausnarketak egungo eta etorkizuneko euskal gizarte integratzaile eta solidarioaren aldeko ikuspegi baikor eta itxaropentsua ere jasotzen du».
Xixoneko jaialdian eta Zinebin estreinatuta. Bizkaitar zinemagile honen hirugarren film luze dokumentalean –aurretik ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016) eta ‘Lurralde hotzak’ (2018) egin ditu– migrazioari buruzko hausnarketa sakona egiten da. Tetuan, Almeria, Euskal Herria, Saharako kanpamenduak eta Danubio ibaiaren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat dira, besteak beste, hausnarketarako bideak zabaltzen duen bidaiaren abiapuntu eta muga.
Lau istorio dira, bai abiapuntu edo hauspoa Fresnedaren aita izan zena izan da. Eta aitari eskaini nahi izan dio, hain zuzen ere, saria egileak ostiralean.
Euskara, munduan
Hemezortzigarren edizio honetan Rafael Yustek, Laurak Batek eta Hanna Lanttok jaso dute 2022ko Lauaxeta Ohorezko Saria, nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean egindako lan luze eta emankorragatik. Eta oholtzatik, euskaraz hirurek, euskararekiko maitasuna adierazi nahi izan dute.
Columbiako Unibertsitatean (Estatu Batuak) euskarari prestigioa emateko egin duen lanagatik saritu dute Rafael Yuste biologo madrildarra. Iñaki Gabilondok 2017an egin zion elkarrizketa batean, euskara ikasten ari zela aitortu zuen Yustek. Madrildar neurobiologo hau, AEBn Brain proiektuaren burua da (Brain Research Through Advancing Innovative Neurotechnologies), hau da, garunaren misterioak argitzea xedea duen egitasmo handia.
Ostiralean Bilbon Yustek euskaraz soilik irakurri du bere eskertza diskurtsoa. Bertan «euskara miresten dut» aitortu du, bere «azkartasuna, logika, adierazten duen zuzentasunagatik, malgutasuna eta umoreagatik», besteak beste. Euskal kulturarekiko eta gizartearekiko «miresmena» adierazi nahi izan du era berean, Aranzadi eta Ikerbaasque bezalako erakundeak goraipatu nahi izan duelarik.
Hanna Lantto filologo finlandiarrak Turkuko Unibertsitatean (Finlandia) irakurle-programak garatzeagatik eta atzerrian euskararen erabilera sustatzen egindako lanagatik jaso du bere saria. Orain hogei urte, Erasmus egitera etorri zenean, sei hilabete eman zituen Lantto Bilbon. Bertan bizipen asko izan zituen: Durangoko Azoka edo ‘Euskaldunon Egunkariaren’ itxiera, besteak beste, oholtzatik euskara ederrenean aipatu duen bezala.
Bizitza aldatu zitzaion. Euskara irakatsi du ordutik, finlandiarrei gure hizkuntza erakutsi. «Eta zergatik euskara? galdetuko didate. Eta zergatik ez?».
Hirugarren ohorezko Lauaxeta saria Jose Gabriel Anituak jaso du saria, Laurak BAT ordezkatuz, Buenos Airesko (Argentina) euskal etxea. Dagoen euskal etxerik zaharrena da, gainera.
Poesia sariak
Bestalde, Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik gorakoen kategorian Aritz Gorrotxategi izan da saritua, eta 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Itziar Ugarte kazetaria.
Itziar Ugarteren ‘Gu gara ere’ lanak, epaimahaiak nabarmendu duenez, «hasieratik amaierara ahots orekatu batek idazlearen ingurunearen berri ematen du, deskribapen erraz esanguratsuekin eta beharrezkoak baino ez diren hitzekin. Oroitzapen sendoak agertzen dira, beti samurtasunez. Letra txikiz idatzitako poemak dira, baina letra erraldoiz irakurtzen direnak».
35 urtetik gorakoen kategorian Aritz Gorrotxategik Uda betea lanagatik jaso du poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu du atsekabe multzoa dela, «ahots heldu batek lasaitasunez eta hitz egokiekin kontatua, eta unibertso horretan itsasoak, lagunek eta udak leku nabarmena betetzen dutela. Irakurlea maisutasunez etorkizunari begira jartzen du, bizi izan dituen eta biziko dituen pozen lekuko».
Aurtengo edizioko sari banaketan bertaratutakoek Rakel Rodriguezen (Arymux) dantza inklusiboaz, Maren abeslariaren eta Aukeran dantza taldearen emanaldiez gozatu ahal izan dute. Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin den ekitaldian Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.