Mikel Aginagalde

Euskararen kaleko erabilerak %2 eskas egin du gora azken hiru hamarkadetan

Euskal Herriko kaleetan euskararen erabilera %1,8 hazi da 1989. urtetik, baina oraindik zortzi lagunetik bat soilik mintzatzen da euskaraz (%12,6). Gainera, paradoxikoa dirudien arren, eremu erdaldun handienak euskaldunduz joan diren bitartean, eremu euskaldunenak erdaldunduz joan dira.

Euskararen erabilpen maila Gipuzkoan %30,6koa da; Bizkaian %9,4; Nafarroa Garaian %5,9; Ipar Euskal Herrian %4,9 eta Araban %4,8.
Euskararen erabilpen maila Gipuzkoan %30,6koa da; Bizkaian %9,4; Nafarroa Garaian %5,9; Ipar Euskal Herrian %4,9 eta Araban %4,8. (NAIZ)

Soziolinguistika Klusterrak iragan maiatzean argitaratu zuen bere azken txostena, 2021. urteari dagokiona. Bost urtean behin argitaratzen dute eta azken honetan 600.000 pertsona eta 200.000 elkarrizketa inguru behatu dituzte euskararen lurraldea osatzen duten 145 udalerritan. Olatz Altuna izan da ikerketaren zuzendaria eta Maialen Iñarra landa-lanaren arduraduna.

Txostenaren datuak aintzat hartuta, gutxiengo batek darabilen hizkuntza da euskara eta egoera zaurgarrian dago gaur egun. Ez hori bakarrik, ele minorizatua eta gutxitua ere bada euskal hizkuntza. Izan ere, euskararen erabilera hainbat faktorek baldintzatzen dute ezinbestean. Izaera gutxitua izateak hiztun elebidunak baldintzatu egiten ditu solaskide euskaldunak aurkitzeko garaian, eta hiztun horiek zenbait oztopo legal, politiko, sozial eta kultural izan ohi ditu egunerokoan euskara modu normalizatuan erabili ahal izateko.

Txostenari erreparatuta ikus daiteke, bestalde, azken bost urteetan ez dela aldakuntza nabarmenik izan euskararen kale erabilera orokorrari dagokionez, 2016an egindako azken neurketatik gaurdaino. Hala, euskarak ez du presentziarik galdu kalean, baina era berean esan beharra dago erabilerak ez duela gora edo behera egin estatistikoki modu esanguratsuan. Txostenaren egileek azpimarratu dute XX. mendearen erdialdetik hona, euskararen egoera soziolinguistikoa nabarmen hobetu dela, nahiz eta euskararen lurraldean gaztelaniaren eta frantsesaren hegemonia agerikoa izan.  

Gorabeherak eremuaren arabera

Hizkuntzaren presentzia, ezagutza eta erabilera ez da homogeneoa Euskal Herriko gune batetik bestera. Hala, Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den lurraldea (%30,6) eta, ondoren, Bizkaia (%9,4). Aldiz, gutxiago erabiltzen da euskal hizkuntza Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian eta Araban (%5-6 inguru). Beraz, esan daiteke desberdintasun eta aniztasun handia dagoela Euskal Herria osatzen duten lurraldeen artean, irizpide horri dagokionez.

Hala ere, ikus daiteke azken 30 urteetan joera desberdina izan dutela eremu administratiboek. Esaterako, EAEn euskararen erabilerak gora egin du denbora tarte horretan, baina behera, berriz, Ipar Euskal Herrian; bereziki 1997. urtetik hona. Nafarroa Garaian, bestetik, bilakaera ez da hain gorabeheratsua izan, erabilerak, gehien jota, 1,8 puntuko aldakortasuna izan duelarik.

Lurralde-banaketari dagokionez, burututako ikerketak adierazten du euskal lurraldeetako hiriburuetan euskara ez den beste hizkuntza batzuen erabilera altuagoa dela lurralde osoa kontuan hartuz gero baino. Horrela, euskal hiriburuetan euskararen erabilera %2,5 eta %4 artean kokatzen da, Donostian izan ezik; bertan %15,3koa da euskararen kale erabilera.

Datu kezkagarriak

Soziolinguistika Klusterrak kaleratutako azken txostenetik ateratako beste ondorio garbi bat da eremurik euskaldunenean behera egin duela euskararen kale erabilerak. Datuen arabera, 1993tik gaurdaino euskararen erabilerak gora egin du euskaldunak %75 baino gutxiago ziren udalerrietan. Txostenak utzitako emaitzetatik ondoriozta daiteke abiapuntuko erabilera-mailarekiko hazkunde-proportzio handiena %25-50eko ezagutza duten eremuetan izan dela, eta ondoren, %50-75 ezagutza dutenetan.

Paradoxikoa dirudien arren, azken hamarkadetako joerari erreparatuz gero, eremu erdaldun handienak euskaldunduz joan diren bitartean, eremu euskaldunenak erdaldunduz joan dira. Iraganean euskara apenas erabiltzen zen gune batzuetan, esaterako, euskararen erabilera nabarmen hazi da, baina kontrara, euskaldunena zen eremua erdaldundu egin da.

Horren arrazoi nagusia izan liteke eremu horietako bakoitzak izan duen barne osaeraren aldaketa. Izan ere, txostenaren egileek azaldu dutenez, udalerrien konbergentzia-joera ikusten da, alegia, udalerri bakoitzeko euskararen ezagutza-maila aldatuz joan den heinean, erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude; muturreko eremuetan, berriz, gero eta gutxiago.

Adin tarte guztietan gorakada

Beste alde batetik, kaleratutako txosteneko emaitzetan ikus daiteke azken bost urteetan euskararen erabilerak gora egin duela haurren artean, eta hori bera gertatu dela gainontzeko adin-tarte guztietan ere, helduenetan izan ezik, erreferentzia 1989. urtetik aurrera hartzen bada. Zentzu horretan, datuek diote haurren eta gazteen artean euskararen erabilera 4 puntu inguru igo dela eta helduen artean, berriz, 2,3 puntu 1989 eta 2021. urte bitartean.

Adinekoen arteko erabilerak, aldiz, 5,6 puntuko beherakada izan du, eta gazteen eta helduen euskararen erabilerak ez du aldaketa aipagarririk izan. Halaber, datu deigarria da adin-talde bereko hiztunen arteko elkarrizketetan txikiagoa dela euskararen kale erabilera.

Gauzak horrela, ikus dezakegu gizartea zaharkitu arren, euskara gaztetu egin dela nolabait esatearren. Izan ere, umeak eta gazteak dira gaur egun euskaraz gehien mintzatzen direnak Euskal Herriko gune gehienetan, eta hori berri ona da euskararen biziraupenerako erronkan.

Emakumeek gehiago

Soziolinguistika Klusterrak kaleratutako azken txostenetik ondoriozta daiteke, oro har, emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago egiten dutela euskaraz. Azken datu hori adin tarte guztietan eta Euskal Herriko eremu gehienetan errepikatzen den joera dela ere ikus daiteke. Halaber, hiztuna zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale erabilera gizonezkoari. Hortaz, euskararen biziberritze-prozesuan, emakumezkoen presentziak protagonismoa hartu du, eta etorkizunean ere hala izango dela pentsa dezakegu.

Txostenaren azken ondorio gisa, esan beharra dago azken hamabost urteetan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren hizkuntzen kale erabilera bere horretan mantendu dela, alegia, %3 inguruan. Jatorri atzerritarreko biztanleen pisua nabarmen hazi da Euskal Herrian azkenaldian, eta gaur egun kolektibo hori bertako populazio guztiaren %10 eta %16 bitartekoa da. Aipagarria da talde horren barruan jatorriz gaztelania hiztun direnak %50 baino gehiago direla.

Aipagarria da ere jatorri atzerritarreko populazioa hazi egin den arren, gainerako hizkuntzen erabilera maila bere horretan mantentzen dela, edo ez duela aldakuntza handirik izan. Egindako kale neurketetan bildutako datu horiek bat datoz, hein handi batean, aipatu biztanleriaren ezaugarri demografikoekin.