Andoni Lopez de Abetxuko (1999, Agurain) da Euskaltel-Euskadik datorren denboraldiari begira egin duen bigarren fitxaketa. Euskadi Fundazioaren gizonezkoen profesional taldera iristen den euskal harrobiko beste txirrindulari gazte bat, alegia. Bi urterako hitzarmena sinatu du, 2023 et 2024 denboraldietarako, hain zuzen ere.
«Txirrindulari profesionala izatea bizikletan hasten den haur ororen ametsa da, eta, gainera, etxeko talde batean eta Fundazioak duen hainbeste historiako talde batean egiten badezakezu, ilusioa handiagoa da», berretsi du Aguraingo txirrindulariak. «Halaber, eskerrak eman nahi dizkiot Caja Rural taldeari amateurretan egindako urte hauengatik. Nire lehen urtean, ahalik eta gehien ikastea nahi dut, batez ere taldekide beteranoengandik, eta lasterketaren batean lehiatu ahal izateko aukera badut, aurten Portugalgo Itzulian stagiaire bezala egin dudan, nire dohainak erakusten saiatuko naiz», adierazi du, Euskaltel-Euskadi taldeak argitaratu duen prentsa-oharraren bitartez.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariak, bestalde, deskribatu du Andoni Lopez de Abetxuko «tropel amateurreko txirrindulari azkarrenetako bat» izan deña eta beraz, aukera ona ikusi dutela: «Etxeko gaztea, harrobikoa, proiekzioa duen txirrindularia, eta gauza politak egin dituena, izan ere, emaitzak lortu ditu profesional mailan stagiaire izaten, erraza ez den zerbait. Konfiantza osoa dugu gurekin hazteko eta gure helburuak batera lortzeko».
Arabako txirrindularia Caja Rural taldean (2018-2022) lehiatu da azken bost denboraldietan, eta abiadura, erregulartasuna eta aniztasuna erakutsi ditu, ibilbide gorabeheratsuak gustuko dituen esprinterra baita. Aurten, stagiaire izan zen udan, eta hirugarren postu bikaina lortu zuen Portugalgo Itzuliko etapa batean, Poitou Charentes Tourra eta Italiako hainbat klasiko lehiatzeaz gain. Hain zuzen ere, urtero lortu ditu garaipenak, lehenengoan izan ezik. 2022an, gainera, Espainiako Kopa irabazteko lehiatu zen, hirugarren amaitu zuen, elite mailako txapeldun, Guerrita eta Ontur probetan bigarren izan ondoren, eta 13. izan zen Aiztondon, 18. Valenciagan eta 23. Legazpin, oso lasterketa gogorretan. Emaitza horiei esker Espainiako Federazioaren sailkapeneko hirugarren postua bereganatu du.