Nerea Goti

Hezkuntza Akordioa sistema propioa eraikitzeko abagunetzat du EH Bilduk

Hezkuntza herri baten eraikuntzaren zutabe nagusietako bat da, eta oso noizbehinka sortzen da jauziak emateko aukera, adierazi du EH Bilduk Bilbon. Nabarmendu duenez, Hezkuntza Akordioa sistema burujabe bat eraikitzen hasteko «oinarrizko kanpaleku» gisa ulertzen du koalizioak.

Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendaria, gaur goizean Bilbon.
Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendaria, gaur goizean Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hezkuntza Konferentzia egin du astearte honetan EH Bilduk Bilbon, Euskalduna Jauregian. Bertan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adostutako Hezkuntza Akordioaren garrantzia nabarmendu du koalizioak, «hezkuntza sistema propiorantz trantsizioa abiatzeko oinarriak» jartzen dituelako.

Izan ere, akordioaren oinarriek suposatzen duten «abagunea» azpimarratu du koalizio subiranistak. Pello Otxandiano Programa arduradunak zabaldu du ekitaldia, eta azken hezkuntza akordioak zabaltzen duen bidea baliatzearen garrantzian sakondu du.

Euskal sistemaren kasuan, «hezkuntza tradizio ezberdinen artean indarrak batzeko» aukera da, hezkuntza zerbitzua eta balio publikoa ondo definituz, esan du.

Eskola publikoak eta ikastolek egindako lana aitortu ditu EH Bilduk, eta bi esperientzien arteko beharrezko konfluentzia horretan jarri du fokua, «eredu publiko komunitarioan antolatuko litzatekeen sistema publiko burujabea eraikitzen hasteko» bide gisa.

Izan ere, zehaztu du Otxandianok. lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar du, baita berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea, «eta horretarako eskola publikoak ardatz izan behar du», erantsi du.

«Jauzia egiteko» unea, hamaika urrats

Euskalduntzea, laikotasuna, inklusioa eta eraldaketa pedagogikoan jauzia egiteko unea dela esan du, baita herri proiektuak ehuntzeko, herriz herri ikastetxe ezberdinen arteko elkarlana eraikiz.

Argi azaldu du aurrean dagoen erronka lege on bat onartzea izango dela, Hezkuntza Akordioaren garapen egoki bat egiteko, eta aro berri bat zabaltze horretan hamaika urrats zehaztu ditu.

Kontzertazioarekin bukatzea, doakotasun errealaren bermea, euskara ardatz duen eredu orokortu batera jauzia ematea edo sexu segregazioarein bukatzea eta laikotasuna bermatzea dira aipatutako urratsetako batzuk.

Aurrean dauden erronken artean, segregazioari aurre egitea, Haurreskolak Partzuergoa doakoa eta unibertsala bilakatzea eta eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko inbertsio handiak lortzea zehaztu dtu EH Bilduk. Ondoan, eraldaketa pedagokioa bultzatzea, ikastetxeen autonomia sustatzea eta zentroen arteko kooperazioa artikulatzea planteatu du.

Kataluniako eredua aztergai

EH Bilduren Hezkuntza Konferentzia Kataluniako sistemari begira jarri da, irakaspenak eta ahulguneak aztertzeko. Nuria Mora Generalitateko Hezkuntza sailburuordeak, Juanjo Falco Lleidako alkatetzako hezkuntza aholkulariak eta Francesc Colome sailburuordeak hartu dute parte Bilboko ekitaldian, Ikoitz Arrese eta Bakartxo Ruiz parlamentariekin izandako solasaldi formatuko saioan.

Katalunian sinatutako segregazioaren kontrako itunaz eta itunpeko zentro eta publikoen arteko dualitatearen kudeaketaz hitz egin dute, besteak beste. Aipatu dituzte egoera zaurgarrian dauden ikasleen identifikazioan eta aukera berdintasunerako bermeetan emandako aurrerapausoak, baina batez ere sistemaren deszentralizazioa marraztu dute, herrietan udalen eta beste eragile batzuen parte-hartzea duten planifikazio mahaiak bezalako tresnen funtzioak azaltzean.

Hala ere, Colomek planteatu du bere ustez udalek oraindik parte-hartze handiago bat izan beharko luketela eta adibide gisa eskola uztea aipatu du, udal zerbitzuak ikaslearengandik gertuen dauden estamentuak direla gogoratuz.