NAIZ

Sortu eta Ernai: «Euskal Herriak ez du ezer ospatzeko. 78ko erregimena, herrien kaiola»

Konstituzio espainolaren eguna dela eta, Euskal Herriko hainbat eragile politikok esateko zutena plazaratu dute. Ernaik duela 44 urteko erreferendumean gure herriak ez zuela onartu gogoratu du, Sortuk 78ko erregimenari egin dio erreferentzia eta EAJk kritika egin dio Sanchezen balantzeari.

Ernaik Konstituzioa «birrintzen» duela antzeztu du.
Ernaik Konstituzioa «birrintzen» duela antzeztu du. (@ernaigazte)

Abenduaren 6 honetan Konstituzioaren eguna ospatzen da Estatu espainolean, eta gizartearen hainbat sektorek argi dute ez dagoela ezer ospatzeko. Hala, Ernaik, Sortuk eta EAJk beren irakurketa egin dute egun honek islatzen duenari buruz.

Ernaik adierazpen bat zabaldu du sare sozialetan. «Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko, duela berrogeita lau urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugu espainiar Konstituzioa onartzen», adierazi dute gogoratuz Konstituzioari buruzko erreferendumean Euskal Herrian abstentzioa nagusitu zela «herri honek Konstituzioak suposatzen zuen iruzurra ulertu» zuelako.

Hala, nabarmendu dute orain «inoiz baino beharrezkoagoa» dela erabakitzeko eskubidea izatea, burujabetza kuotak eskuratzea eta bestelako alternatibak planteatu ahal izatea. «Sistema neoliberal zisheteropatrialkalak ezartzen duen antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoak, mundua zibilizazio krisian murgiltzera eraman du. Espainiar Estatuak, sistema neoliberalaren ordezkaria den heinean, honen gaineko erantzukizunaren zati bat du. Honen aurrean, munduaren biziraupena erroko alternatiba baten eraikuntzak soilik bermatu dezake. Logika kapitalista hautsi eta alternatibak eraiki, herritar guztion bizitza duinak bermatu arte. Bide horretan, ezinbesteko urrats bezala kokatzen da Euskal Herri aske baten eraikuntza», aldarrikatu dute. Horregatik argi utzi nahi izan du Ernaik: «Gaur ez dugu ezer ospatzeko eta dena dugu borrokatzeko».

Sortu, Euskal Errepublika

Sortuk ere ildo beretik jo du sare sozialetan eta adierazi du «78ko erregimena herrien kaiola» dela. «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortu gabe jarraitzen du Espainiak, 78ko erregimenean eta Konstituzioan aterpetuta. Egunez egun independentziarako baldintzak ereiten segituko dugu, eta zalantzarik ez izan: bozkatuko dugu, erabakiko dugu. Ospatzeko ezer ez, gurea Euskal Errepublika!», esan du Twitter kontuaren bitartez.

Legea errespetatzea

EAJ, bere aldetik, Pedro Sanchez presidente espainolak gaurko egunean egin duen legealdiaren balantzeari buruz aritu da. Aitor Esteban bozeramailearen ustez, «lurralde auziari aurre egiteko aukera galtzen» utzi du PSOEk, 2019ko abenduan EAJ eta PSOEren arteko akordioak horren inguruko aipua jasotzen zuen arren. «Ez da konbentzimendurik egon ezta borondaterik ere Euskadi eta Kataluniako nazio auziei heltzeko», laburbildu du Estebanek.

Honek gogora ekarri duenez, «borondatea egotekotan, Euskadin aplika daitekeen formula erraza da: nazio aitortza, aldebikotasuna, arbitro neutrala eta erabakitzeko eskubide itundua».

Bestalde, gogoratu du bere alderdia Sekretu Ofizialen Legearen eguneratzea eskatzen denbora luzea daramala, CNIren Pegasus sistemarekin zerikusia duen espioitza kasuaren inguruko guztia «argitzeko» eskatzen bezalaxe.

Hala, Estebanek adierazi du «Espainiako Konstituzio berrinterpretatua daukagu esku artean, hainbat zentzutan jatorrizkoarekin zerikusirik ez duena. Lege nagusi hau batzuetan aplikatzen da eta bestetan ez», besteak beste tokian tokiko eskuduntza esparruetan, autogobernu arloan edo organo konstituzionalei dagokienean.

Jardun, Iruñean

Bestalde, Jardun koordinadorak, Jarki antolakundearen bidez, manifestazioa egin du Iruñean gaur arratsaldean, «Konstituzioaren aurka eta Euskal Herri sozialista baten alde».

Jardun koordinadorak manifestazioa egin du Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)