Maite Ubiria

EEPri ulertezina egiten zaio Hezkuntza Ministerioak azterketei buruz ez erantzuteak

Iragan irailaren 14an Hezkuntza Ministerioan eginiko bilerak aldarte berria irudikatu bazuen ere, geroztik Brebet eta Baxoko azterketak euskaraz egin ahal izateko luzaturiko galderak ez du erantzunik jaso. Euskararen Erakunde Publikoak bere ulertezintasuna agerian jarri du egoera horren aitzinean.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten Seaskako ikasleek iragan azaroaren 14an, Bordelen. (NAIZ)
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten Seaskako ikasleek iragan azaroaren 14an, Bordelen. (NAIZ) (Hamaika Telebista)

Euskararen Erakundeko lehendakaria, Antton Kurutxarik, egitura horren lehen lehendakari orde den Maider Behotegi departamendu kontseilariak, eta EEPren bigarren lehendakari ordeak eta Akitania Berria Eskualdeko kehendakariaren ordezkariak Frederique Espagnacek, agiria plazaratu dute gaur, asteazkenean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak azterketen aferei buruz atxikitzen duen isiltasunaren aurrean haien ulertezintasuna agerian jartzeko.

Joan zen irailaren 14an Kurutxarri buru zuen euskal hautetsien delegazioa hitzordua hartu zuen Parisen Hezkuntza ministro berria den Pap Ndiayeren laguntzaleekin.

Bileraren ostean aski baikor mintzatu zen EEPko lehendakaria, konpromiso zehatzak lortu ez bazituzten ere «aldarte aldaketa» sumatu zuelako euskal delegazioak.

«Zentzuzko denbora tarte batean» Ndiayerenek berak aferaren gainean bere erabakia iragarriko zuela hitza eman zuten bilera horretan Hezkuntza Ministerioko ordezkariek.

Alta, geroztik inolako erantzunik ez da heldu. Are, EEPren arduradunek zein euskal hautetsiek beraiek eginiko desmartxek isiltasun harresi horrekin topo egin dute.

Horrendako, gaur plazaraturiko agirian Euskararen Erakunde Publikoa ordezkatzen duten hiru kolektibitateen ordezkari diren EEPren lehendakariak eta bi lehendakariordeek haien «ulermen eza adierazi dute «gertaerak hartzen ari diren norabideari dagokionez».

Erantzunik gabeko mezuak

Izan ere, Brebeta diplomari buruz Parisen antolaturiko bileran euskal delagatuek eman zituzten azalpenak «argi eta interesgarritzat» jo bazituzten ere, geroztik Hezkuntza Ministerioaren aldetik ez da ondoriorik izan, «nahiz eta urriaren 19an berriz idatzi eta azaroaren 10ean telefono bidez mezu bat igorri Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako Errektore andereari», EEPko hiru ordezkariek gaur plazaraturiko idatzian zehaztu dutenez.

Irailaren 14ko bileran ez zen denborarik izan Baxoari buruzko dosierra sakonki aipatzeko. Alta, bilera berri batean gaia aztertzeko ados agertu ziren bi aldeak.

Gaurko agiriaren bidez afera horretan ere aitzinamendurik ez dela izan jakitera eman dute Euskararen Erakundeko arduradunek.

«Gaurdaino ez zaigu heldu data berri baten proposamenik, nahiz eta eskaera hori berriz egin joan den urriaren 19ko idazkiaren bidez», zehaztu dute Euskararen Erakundeko ordezkariek.

Are larriago da azterketen aferari heldu zionean Max Brisson senatari miarriztarrak jaso zuen erantzuna. Joan zen azaroaren 8an Brissonek zuzenean aipatu zion Hezkuntza ministroari gaia eta bere erantzuna emateko orduan Pap Ndiayerenek ez zuen deus erran Baxoari buruz.

Alta, agiria sinatu duten hiru ordezkariek oroitarazi dutenez EEPk gai horiek landu zituen Michek Blanquer Hezkuntza Ministro ohiarekin 2018an Lizeoko erreforma aurkeztu zuenean.

Bere ondorengoak, ordea, Brebetaz baizik ez zen mintzatu Brissoni emandako erantzun horretan. Edonola ere, ez zuen azalpen argigarria eman egutegiari buruz.

Jakin behar da, ordea, irakasle taldeak dagoeneko azterketak prestatzeko garaian sartuak direla.

Konkrezio falta berdina egotzi dio EEPk Bordeleko Erretoretzari, egoera horretan ezinezkoa zaiola «konkretuki lanei ekitea» aitortuz.

«Gaur egun Hezkuntza Nazionala falta dela» iradoki dute haien oharraren bukaeran «ulertezintasuna da nagusi» idatzi dute Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek.

Parisko bileraren bi hilabete bete ziren egunean, iragan azaroaren 14an, mobilizazioa egin zuten Seaskako ikasleek Bordelen, Hezkuntza Akademia eta Giza Eskubideen arteko ibilbidea osatuz.

Bertan Seaskako lehendakariak ohartarazi zuenez «hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira eta eskubide horiek errespetatu arte mobilizatuko gara».

Hezkuntza Errektoretzari eta Parisko Gobernuari galdera pausatu zien Peio Jorajuriak: «Zer demokrazia da hau gure ikasleei haien hizkuntzean mintzatzea eta idaztea galerazten diena?».