NAIZ

Erdi Aroan sortutako ohiturari eutsiz, badator Santa Lutzi feria

Urretxu eta Zumarragan ospatzen den azoka ezin galduko zita da askorentzat. Bertan, baserritarren lana ezagutu eta haien produktuak zuzenean eskuratzeaz gain, abereak gertutik ikusteko aukera ere badago.

Santa Lutzi feriaren aurkezpena.
Santa Lutzi feriaren aurkezpena. (Gipuzkoako Aldundia)

Erdi Aroan sortu zen Santa Lutzi feria abenduaren 13an ospatzen da urtero Urretxu eta Zumarragan. Bi udalerriek ahalegin handia egiten dute bertako komertzioa bultzatu eta salerosketak indartzeko, baina azokak bertako erosle eta saltzaileez gain, kanpokoak ere erakartzen ditu, zita paregabea eginez.

Behin baserritarren topaketa zena, egun askoz gehiago da eta bestelako kultur eta kirol ekintzak antolatzen dituzte egunaren inguruan. Hala ere, azokaren muina baratzeko produktuen, artisautzen eta gozoen postuak dira, abereen erakusketarekin batera. Izan ere, lehiaketa ugari egiten dira egunean zehar.

Urretxun Ardo azokaren 29. edizioa, eta Arabako Errioxako urteko ardoaren dastaketa egingo da, Mikel Garaizabal enologoaren parte hartzearekin, dinamizatzaile moduan. Eskualdeko Ezti Lehiaketa ere egingo da Urretxun, baita herri kirol erakustaldia ere, Ederrena pilotalekuan, eta artzain txakurren erakustaldia, Zubimusu plazan, lehendabiziz ardiekin.

Pilotalekuan, 17.30ean, profesionalen arteko pilota partiduak jokatuko dira: Bakaikoa-Morgaetxebarria Egiguren V-Erostarberen kontra, eta Jaka-Aranguren, Altuna III-Tolosaren kontra.

Zumarragan, berriz, geroz eta indar gehiago hartzen ari den abere sariketa egingo da (zaldi-azienda nahiz bestelako abereak, eta oilasko eta kapoiak). Makinaria eta lanerako tresneriak ere badu bere gunea azokan, baita fruta eta barazkiek ere; eskualdeko baserritarrek egunerokoan egiten duten lanaren adibide dira. Artisauek euren lana nola egiten duten erakutsiko dute Zumarragan, postuetan, eta eguna idi probekin amaituko da, Euskadi plazan.

Ekintza osagarriak

Azoka 13an ospatzen den arren, aurretik giroa pizten hasiko dira. Abenduaren 11an Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo dute Zelai Arizti aretoan, 19.00etan. Bertan Maialen Lujanbio, Txaber Altube, Sustrai Colina eta Amaia Iturriotz arituko dira. Era berean, 12an arratsaldez jada zabalduko dute ardo azoka.

Aipatutakoez gain, bestelako ekintzak ere izango dira Santa Lutzi feriaren inguruan. Egun osoan zehar musika entzun ahal izango da txoko guztietan. Izan ere, goizetik arituko dira Lizarriturri Txistulari Elkartea, Iratzarri Dultzainariak, Tolosako Dultzainariak, Zumarraga-Urretxuko trikitilariak, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariak, Zumarragako Musika Banda eta Antxiñako Ama Txistulari Taldea.

Argazkizaleentzako Argazki Rallya egingo dute (parte hartzeko nahikoa izango da 9.00-10.00 bitartean Urretxuko kultur etxera azaltzearekin), eta bisitarientzat Non Dago Wally? jolasa proposatu dute, alegia, Wally eta bere 3 lagun azokan zehar izkutatu dituzte, eta laurekin argazkiak ateratzea lortuz gero, produktuen bi saskiren zozketan sartuko dira parte hartzaileak.