Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ilara artean igaro den goiza berreskuratu dute ikasleek

Euren goiza berreskuratu dute ikasleek asteazken honetan. Landako Gunea betez ekin zaio Durangoko Azokari. 1.500 gaztek izan dute sortzaileekin aurrez aurre egoteko aukera.

Euskal Herriko gazte andana bildu da Landako Gunean.
Euskal Herriko gazte andana bildu da Landako Gunean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Goizean goiz hasi dira ilarak Durangon. Euskal Herriko hainbat txokotatik zekartzan autobusen ilarak. Behin Landako Gune ingurura iritsita, barrura sartzeko ilarak. Eta salmahaietan gustuko musikarien autografoak lortzeko, ilarak.

ETS taldea izan da goizeko protagonista. Landako Gunearen sarreretako baten ondoan dute erakusmahaia eta kanporantz dozenaka gazte egon dira, pazientzia handia erakutsiz, zain. Oso gazteak batzuk, helduxeagoak besteak, denek ‘lapurtu’ nahi izan dizkiete taldekideei minutu batzuk, bi hitz egin eta sinadura eskuratu. Lanez lepo ibili dira musikariak, hedabideontzat tarterik hartu ezinean. «Zale asko ditugu zain eta barkatu, baina ezin dugu eten», erantzuna.

Azken bi urteotako etenaren ostean Azokaren lehen egunak berreskuratu du Ikasle Goiza. Garrantzitsua Gerediaga Elkartearentzat zein argitaletxeentzat. Lara, Aitana, Nahia eta Ane Bilbotik iritsi dira. Bigarren aldia da Azokara hurbildu direna. Trenez etorri dira gaur. 1º Batxillergoa ari dira ikasten. Gustura ikusten dira. Irakasleak agindutako galdetegia eskuetan. Azokan igarotako egunaren amaieran zer nabarmendu pentsatu behar dute. Musikariren batekin argazkia egin behar dute, baita arreta piztu dien salmahaia kameraz hartu ere. Disko berrien zerrenda osatzea, etxeko lanen beste puntuetako bat.

Abeslarien presentzia da gehien eskertzen dutena. Pozik daude, Izarorekin argazkia egitea lortu baitute. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen standa aukeratu dute berezienen artean, «haurtzarora garamatza», aitortu dute.

Giroa ere nabarmendu dute. Parranda ala kulturaz ari diren galdetuta, «biak», irribarre artean. Durangoko Azokatik bueltan, ikasgelan, elkarren artean komentatuko dute bizitakoa irakaslearen laguntzaz.

Trapagarenetik iritsi dira Ane eta Elko. ETSren disko berria eskutan –ostegunean ikusi zuen argia–, ‘Gurekin’, taldekideek sinatu zain daude. Espreski horretara etorri dira. 20 minutu daramatzate eta merezi duelakoan daude. «Kontzertuetan ere badugu beraiekin egon eta argazkiak egiteko aukera, diskoa sinatzea nahi dut gaur», kontatu du Anek. Gatibu ere agendan dauka. Kasu horretan errazagoa izan da, ilara laburragoa baita. «Diskoak sinatzearen ohitura ez da galdu behar, diskoa berezia da», dio.

Estrategikoa

Pozarren daude antolatzaileak Landako Gunea gaztez gainezka ikusita. Irribarretsu ikusi ditugu Azokaren ate irekieran eta ondorengo orduetan ere. Azken urteotako buruhausteak alboratuta, ohiko eredua berreskuratu duen edizioaren hastapenean.

Izan ere, estrategikotzat jotzen du Gerediaga Elkarteak Ikasle Goiza. «Murrizketengatik ezin izan dugu antolatu azken bi urteotan eta estrategikoa da guretzat», azpimarratu du Izaskun Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko kideak.

«Funtsezkoa da, gero Azokako bisitari direnentzat Ikasle Goiza baita beraien lehen kontaktua. Lehenengo Azoka zein izan zen galdetuta, gaur gaurkoz, gehienek erantzungo dizute Ikastolarekin Azokara etorri zirenekoa izan zela. Eta guretzat inportantea da. Ikasle modura etorri direnak gero Unibertsitateko lagunekin hitzordua eginda etortzen dira, eta transmisioa ez etetea dakar horrek. Pandemia urtearekin bi belaunaldi galdu ditugu, agian asko esatea da, baina ikastetxe batzuetan maila bakar bati egokitzen zaio Azokara etortzea, eta haiek jada ez dira etorriko agian; galduz zoaz».

Euskal Herriko gazte andana bildu da lehen goizean. (Marisol RAMIREZ ! FOKU)


Aurten indar berezia jarri da gazteenei zuzendutako egitarauan. Orain arte tailerrak izaten ziren nagusi, baina aurten ikuskizunak ere prestatu dituzte. «Ikuskizunek aukera ematen digute jende gehiago hartzeko. Saio bakarrera mugatu beharrean saio bi egin ditugu», azaldu du.

Zifrak ez dira txantxetakoak. «Aurten 1.500 ikaslek izan dute aukera sortzaileekin harreman zuzena izan eta horretaz disfrutatzeko».

Bartolome Ertzilla Musika Eskolan haurrak ikusi ditugu komiki tailerraz gozatzen. Euskarazko ikus-entzunezkoak ezagutzeko aukera ere izan dute goizean zehar, web-serieak batez ere. Ahotsenean ‘Mauriziak ez du inor hil’ proiektua ezagutu dute bertatik bertara. Musikaz gain sare sozialak ere uztartzen ditu. Eta antzerki inprobisazioan ere parte hartu dute.

Irakasleei zuzenduta lehen aldiz

Aurten bada nobedaderik. Ikasleekin datozen irakasleei zuzenduta bi topaketa egin dira. Batetik, baliabide digital libreei buruzko jardunaldia eta, bestetik, euskal kulturaren transmisore bezala duten paperaren gaineko hausnarketa. «Uda aurretik Hezkuntza Legeari begira hainbat eragilek agiria sinatu genuen eskatuz euskarazko ekoizpenak lekua izan behar duela. Pisu osoa ez daukate eskolek, familiek ere asko daukate egiteko, baina funtsezkoa iruditzen zaigu ikastetxeetatik, eta kontuan izanik gero eta globalizatuagoa den munduan bizi garela, guk ez badiegu lekurik egiten... gazteak sakelekoa eskuan dabiltza eta entzuten dutenaren artean euskarak presentzia txikia dauka. Beraz, guk hor egon behar dugu».

Gaur egun, tamalez, irakasle bakoitzaren borondate pertsonalaren araberakoa da hezkuntza sisteman egiten den transmisioa. «Irakasleek eurek ere nolako prestakuntza duten aztertu behar da. Batzuk bai, badute, baina beste askok ez dute euskal kulturarik edaten», esan du.

70 irakasle bildu dira goiz honetan Gerediagaren gonbitari erantzun eta gaiaren inguruko hausnarketa eginez. Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Hezkuntza eta Batxilergokoak.

Olatz Osa Elkar Taldeko argitaletxeen arduraduna irribarretsu aurkitu dugu salmahaian. Bat dator Ellakuriagarekin. «Oso inportantea da ikasleei begirako ate irekitzea. Askorentzat Azokara hurbildu eta euskal kulturarekin harremana izateko aukera bakarra delako. Familia eremutik transmisio edo grina hori jaso ez dutenentzat eskola da liburuekin, diskoekin... orohar euskal kulturarekin harremanetan jartzeko».

«Ezinbestekoa eta funtsezkoa» da aurrera begira. Hala dio. Irakaslearekin aurretik gaia landuta datozenaren inpresioa du Osak. «Ikastetxeetatik datozenak bai, ez da denbora pasa bakarrik. Hauekin batera badira besterik gabe buelta bat ematera datozenak ere», esan du.

«Hurbiltzea bera inportantea da baina hezkuntza arloan kulturak presente egon behar du, ez momentu puntualetan bakarrik, zehar-lerro bezala baizik. Ikaskurte osoan lantzearen atzean irakasle bakoitzaren lana, interesa eta esfortzua dago», nabarmendu du Osak.

Garbi dio. «Batzuen borondate eta formazio esfortzu horren gainetik egon beharko luke sistemak berak kultur transmisioa eta kulturarekiko grina pizteko lanketa urte osoan zehar modu antolatu eta planifikatuan egiteko. Hori behar dugu. Hezkuntza Lege berriaren atarian gaude eta horixe ari gara aldarrikatzen».