Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Beñat Gaztelurrutia
Gerediaga elkartearen kudeatzailea

«Kulturarekin daukagun harreman afektiboa positiboa izatea behar dugu»

Euskal kulturgintzak bizi duen egoeraren isla da Beñat Gaztelurrutiak NAIZi eskainitako elkarrizketan egindako hausnarketa: Azoka jendetsu batek euskal kulturgintzaren osasunaren okerreko irudia eman dezake, egiturazko ahulguneak dituelako.

Beñat Gaztelurrutia, Landakoko eraikinean.
Beñat Gaztelurrutia, Landakoko eraikinean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bizitakoak bizita, Gerediaga Elkarteko kideek sinetsi duzue ohiko eredura itzuliko dela Azoka gaurtik igandera?

Aspaldian ari gara Azoka hau antolatzen eta, orain arte jaso dugunaren arabera, ohiko dimentsiora itzultzeko zantzu guztiak ditu, bai tamainari dagokionez, bai edukiari dagokionez eta baita bisitariei dagokienez ere. Aurten aurkeztuko diren nobedadeak 900etik gora dira eta 250 erakusmahai izango dira Landako Gunean. Egitaraua ere goraino dago; aurkezpen batzuk kanpoan utzi behar izan ditugu. Aipatzekoa da ikasleen goiza berreskuratuko dugula aurten, azken urte bietan etenda egon eta gero. Guretzat oso garrantzitsua da eskola-umeek Azoka bisitatzea, Azokaren beraren eta euskal kulturaren transmisioan laguntzen duelako. Mimo handiz prestatu dugu haientzako goiza Azokako lehenengo egunean. Neurgailu ona izango da hurrengo egunak zelan datozen ikusteko.

Lehen urtea duzu murrizketarik gabeko Azoka kudeatzen.  

Kulturgintzan gabiltzanok etengabe baldintza berriak sortzeko ahaleginean gabiltza baina, aldi berean, testuinguruak eskaintzen dizkigun aukerei ahalik eta zuku gehien ateratzen ikasi dugula uste dut. Aurtengoa ez da iazkoa, beste aukera batzuk eskaintzen ditu eta denak baliatzen saiatu gara. Murrizketen pisurik ezak ematen duen lasaitasaunarekin baina ardura handiarekin antolatu dugu.

Leloak berak adierazten du Landako jendez bor-bor ikusi nahi duzuela.

Azoka arrakastatsua den edo ez baloratzeko adierazle bat baino gehiago dago; adibidez, aurkezten diren sormen lanen kopurua, kalitatea, aniztasuna.... Baina bisitari kopuru aldetik jendetsua izatea ez da kontu hutsala. Kulturarekin daukagun harreman afektiboa positiboa izatea behar dugu, arrakastarekin lotzea. Azokaren kasuan, horrek zerikusi handia dauka bisitari kopuruarekin. Badakigu Azoka jendetsu batek euskal kulturgintzaren osasunaren inguruko okerreko irudia eman dezakeela, egiturazko ahulguneak eduki badituelako. Baina hori horrela izanda ere, Azokak bizipoza transmititu behar du, sortzaile, ekoizle eta zaleei indarra emateko.

«Euskal kulturgintzaren benetako arazoa da kalitatezko sorkuntza kopuru onargarri bat izan arren ez daukala behar beste zale»

 

Azokak eskaintzen dio euskal kulturgintzari bere burua berresteko abagunea.

Euskal kulturgintzaren benetako arazoa da kalitatezko sorkuntza kopuru onargarri bat izan arren ez daukala behar beste zale. Horrek eragiten ditu egoera hauskorrak, eta horregatik dira azken urte bietako albo-kalteak hain bistakoak. Dena dela, ondo diozun moduan, behar dugu bai arnasa apur bat hartu eta hemen gaudela berrestea, eta ospatzea. Durangoko Azoka euskal kulturgintzaren erakustaldi masiboa da eta alde horretatik bikain betetzen du funtzio hori.
Gaur Azoka sortzaile eta kulurzaleen arteko topaketa handi bat dela esango nuke. Oso erakargarria da antolatzen dugun egitaraua, kultur mundura kuku bat egin eta norbere gustukoak bilatzeko. Baina egitarau hori antolatzeko premisa erakusmahaien azoka bertan egotea da. Eta erakusmahaiak bertan egoteko ezinbestekoa da argitaletxeentzat plaza erakargarria izatea salmenten ikuspuntutik. Elkar elikatzen duten Azokaren aurpegi bi dira eta biek behar dute elkarrenetik.

«Online» denda geratzeko etorri da. Kulturzaleak Landakora hurbilduko direla kontuan izanda aurten ze espektatiba duzue?

Pentsatzekoa da aurreko urteetan baino erabilera apalagoa izango duela. Hala ere, aztertu egin nahi dugu murrizketarik gabeko aurrez aurreko Azoka batean zein harrera duen online dendak. Epe laburrera begira horixe esan dezakegu. Baina gai hau sarri-sarri irteten da elkarrizketa guztietan, ziurrenik baduelako bere garrantzia Azokaz harago. Digitalizazioak aldaketa asko ekarri ditu, gure bizitzak aldatu ditu eta kultur mundua ere bai. Musikari dagokionez, adibidez, euskarri fisikoa kolokan jarri du. Baina ez hori bakarrik, kultura jasotzeko eta eskuratzeko moduak ere aldatu egin ditu. Eremu digitalak mundu globalean jartzen zaitu eta ohartu orduko tanta bat zara ozeanoaren erdian, inoren mende eta ikusezin. Kezka hori airean dabil, horrela heldu zaigu guri behintzat. Eserialdi batzuk behar dituen gaia da. Sortzaileek, argitaletxeek, banatzaileek, liburu-dendek eta erakundeek zeresan handia dute horretan, eta pentsatu behar genuke zer egin online dendarekin epe luzera.

Musikari bultzada eman nahi diozue eta espazio berezitua izango du aurten. Sektoreak egindako eskaera izan al da?

Iazko Azoka amaitu eta gutxira balorazio batzarrak egin genituen eragile ezberdinekin. Erakusmahaiak jartzen dituzten partaideekin ere bai, jakina. Helarazi ziguten musikaren arloarentzat Azoka zaila izan zela. Arduraz hartu genuen ekarpena, badakigulako euskarri fisikoak ez daukala aterabide errazik eta Azokan, oraindik ere, bistariek eskuratzen dituztela CD eta biniloak. Hor sakoneko arazo handiagoa dago, bistan dago, baina gure esku dagoena egiten ahalegindu gara espazioa antolatzerakoan musikari bere plaza propioa emateko eta erakargarriago egiteko. Horrez gain, QR kodeen bidez bisitariek aukera izango dute aurkezten den lan berri bakoitzeko kanta bat entzuteko. Erraztasunak jarri nahi izan ditugu, arakatu eta nork bere gustuko sortzailea aurkitu dezan.

«Eremu digitalak mundu globalean jartzen zaitu eta ohartu orduko tanta bat zara ozeanoaren erdian, inoren mende eta ikusezin»  



Ahotseneko kontzertuak eta ekitaldiak «streaming» bidez ere eskainiko dira.

Emisio horiek pandemia aurrekoak dira eta aurten ere planteamenduari eutsiko diogu. Azken urteetan ekoizpen oso txukunak ateratzen dira streaming horietatik. Orain soinuari ere garrantzi handia ematen diogu streamingak egiteko orduan. Baina, nire ustez, zuzenean emititzeak besteko balioa dauka bideotekan gelditzen den materialak. Musika taldeek beren zuzenekoaren ikus-entzunezko oso duin bat daukate aurkezpen modura nahinora bidaltzeko, eta kulturzaleek bideotekan nahieran ikusteko.

‘Zu non, han DA!’ egitasmoan nobedadeak salduko dira 132 saltokitan eta lehen aldiz liburu aurkezpenak ere egingo dira hainbat lekutan. Azoka denboran luzatu eta geografikoki  zabaltzeko apustua egin duzue.

Pandemiak gauza onik ekarri badu, ‘Zu Non Han DA!’ egitasmoa da, zalantzarik gabe. Durangora etorri ezin izan zen urtean Azoka euskal herrietara eramateko asmoarekin jarri genuen martxan, Euskal Herriko liburu saltokien laguntza ikaragarriarekin. Urteko euskarazko nobedadeen ale batzuk hartzen dituzte saltokiek eta toki ikusgarrian jartzen dituzte apal eta erakusleihoetan. Harreman oso polita sortu da Azokaren eta liburu-denden artean, aurretik ez zegoena baina behar-beharrezkoa zena. Aurten buelta erdi eman diogu egitasmoari eta euskarazko lanak liburu-dendetan erakusgarri jartzearekin batera liburuen aurkezpenak ere antolatu ditugu. Liburu-dendek oso eskertuta hartu dute proposamen berria eta horrek asko asebetetzen gaitu.