«Larunbateko mailari eusteko gai bagara, gauza asko egin ditzakegu»
Realak urteko azken partida jokatuko du igandean Reale Arenan Levanteren kontra. Asteazken honetan, jokalari txuri-urdinek hitzordua izan dute komunikabideekin Zubietan taldearen gaurkotasunari buruz hitzegiteko.
Egun batzuk emango dituzte txuri-urdinek oraindik lanean Zubietan baina, lehiari dagokionez, 2022. urtea igandean amaituko da Realarentzat, Levanteren kontra Reale Arenan jokatuko duen neurketarekin, hurrengo jardunaldia atzeratuko baita Real Madrilek jokatu behar duen Txapeldunen partidarengatik. Hori dela eta, klub donostiarrak topaketa bat antolatu du zenbait futbolariren eta komunikabideen artean, taldearen gaurkotasunari buruz hitz egiteko.
Eta gaurkotasun horretan, aurreko partidak oraindik protagonismoa kentzen dio hurrengoari, ez baita erraza Realak Bartzelonan egindakoa ahaztea, garaipena beste behin gorri-urdinentzat izan bazen ere. Baina donostiarrek inoiz baino gertuago sentitu zuten txapeldunaren aurka emaitza on bat eskuratzeko aukera eta Bronzek 89.minutuan 2-1ekoa sartu zuenean frustrazioa nagusitu zen arren, egunak pasa ahala, gertatutakoaren irakurketa positiboak nagusitu dira. «Une horretan etsipena sentitzen duzu, oso gertu ikusi duzulako baina taldeak eskaini zuen mailarekin geratu behar gara –azpimarratu du Iris Arnaizek–. Zelaian zeunden jokalariei nabaritzen zitzaien disfrutatzen ari zirela eta partida irabazteko gai ikusten zutela euren burua. Eta, izan ere, irabazteko aukera izan zuten».
«Irakurketa positiboa egin behar dugu», esan du Adriana Nanclaresek ere. «Ez dut uste partida perfektua izan zenik baina gauza asko, ia denak, ondo egin genituen. Bartzelona menderatzea zaila da horrela ere baina gainontzeko aurkarien kontra posible da, maila hori ematen badugu, horrela lehiatzen badugu, edozein menderatzeko aukera dugu. Bidea, beraz, badakigu zein den eta baita bertatik ibiltzeko gaitasuna daukagula ere». Diskurtso berari ekin dio Iraia Iparragirrek, larunbateko partida «nola jokatu dugun eta nola egin diogun aurre» giltzarritzat hartu du. «Taldeak ez bakarrik goruntz doala baitzik eta gero eta konfiantza handiagorekin dagoela demostratu zuen, bestela ez da posible nortasun hori izatea horrelako aurkari baten kontra. Asko esaten du. Guzti horri, eskainitako mailari eta erakutsitako konfiantzari eusteko gai bagara, gauza asko egin ditzakegu, gauza on asko».
Badauka oraindik taldeak, denen ustetan, ibiltzeko bidea iaz lortutakoa berdintzeko, emaitzei zen jokoari dagokionez. Denboraldi-aurre konplikatua, denboraldi hasiera anomaloak, aurkari guztiak asko indartu izanak edota aurreko urtean egindakoaren konparazioen pisuak eragina izan dute Realarengan baina egoera egonkortuz doa. «Faktore askok baldintzatu dute hilabete hauetan gertatutakoa baina denboraldia luzea da eta taldeak puntu asko eskuratzeko aukera dauka oraindik eta baita joku-maila onenera heltzeko ere –esan du Iraiak–. Egia da hor goian egoteko puntu askok ezin digutela ihes egin baina tartea dago oraindik. Batez ere igandean irabazten badugu, oso desberdin ikusiko dugu egoera sailkapenean, urrats garrrantzitsua emateko aukera eskaintzen digu». Iris Arnaizen ustetan, «oraindik falta zaigu iaz genuen txispa horren pixka bat. Adibidez, atearen aurrean hobetu behar dugu, aurreko denboraldian gaitasun golegile handia geneukalako eta aurten gehiago kostatzen ari zaigu. Baina egia da ere aurten pixka bat zailagoa dela dena, oro har, gainontzeko taldeak ere indartzen direlako eta ezagutzen zaituztelako, danek nahi dute gure aurka puntuatzea eta gehienek sistema aldatzen dute edo gauza berriak egiten dituzte gure kontra aritzen direnean. Egia esateko, piropo bat da baina zuri ere esfortzu handiagoa exijitzen dizu».
Igandean aurkari bientzat izango da erronka bestearen ahuleziak behartzea. Reala bigarrena izan zen iaz eta orduan emandako mailatik gero eta gertuago egoteaz gain, sailkapenean ere aurreko postuetara gerturatzea lortu du hasiera gorabeheratsuaren ondoren. Baina Levanteren proiektu berria ere bere hautagaitza sendoa aurkezten ari da Txapeldunen Ligako txartela lortzeko. Hirugarrena da eta igandean zazpi gol egin zizkion Betisi. «Oso talde intentsoa da –azpimarratu du Nanclaresek–. Eta modu batera edo bestera, beti lortzen du zerbait. Iaz ere partida biak irabazi zizkigun, zer edo zer gehiago merezi izan bagenuen ere». «Aldaketa aulkian oso ondo etorri zaio –gaineratu du Arnaizek–, bere jokoak bat egin du futbolarien ezaugarriekin. Oso maila altuan dago, oso gustokoa dudan taldea da eta jokalari ikusgarriak ditu. Partida polita izan daitekeela uste dut, talde bioi baloia edukitzea gustatzen zaigulako eta gakoa hor egongo da, ea zein nagusitzen den alderdi horretan».
«Oso talde ona da –esan du Iraiak ere–. Guri bezela, asko gustatzen zaie baloia mantentzea. Baina berriro ere larunbateko partidara noa, Bartzelonari ere asko gustatzen baitzaio baloia edukitzea eta begira zein ondo egin genuen. Partida polita izango da ikusteko eta jokatzeko eta gakoa ate aurrean asmatzean egon daiteke. Motibazioak, gutxienez, lagunduko gaitu, urteko azkena baita, aurkari handi baten kontra, Reale Arenan… Ea denon artean lortzen badugu».
Hiru lesio, hiru egoera
Hiru futbolariek egoera pertsonal desberdinetatik ekingo diote neurketari, hirurak iaz lesioekin gaizki pasatu ondoren. Adriana Nanclaresek hamaikakoari eutsi dio, Iris Arnaiz lehia dotorea izaten ari da Andreia Jacintorekin eta Iraia Iparragirrek oso minutu gutxi izan ditu, berak onartzen duenez, hain lesio luze baten ondoren erritmoa hartzea ere ez baita erreza. «Oso prozesu luzea izaten ari da –esan du–. Azkenean zortzi hilabete eman nituen azken partidatik eta gainera ez da bakarrik orkatila errekuperatzea, baizik eta fisikoki eta mentalki ere ondo egotea. Bide horretatik noa, gero eta hobeto nago baina badakit oraindik ez nagoela nire onenean. Normala da minutu gutxi edukitzea baina azkenean borroka hori erronka positibo bat da niretzat eta horretan dihardut». Ez da erraza, hala ere, asteburuan saririk ez dagoenean egunero entrenatzeko motibazioa izatea baina «beti bilatzen duzu nonbait. Egun zailenetan, buru-makur zaudenean, zailagoa da. Baina futbola da, badakigu nolakoa den. Dena eman behar duzu egunero eta minutuak dituzuenean, aprobetxatu. Batez ere, egiten duzuna, ahalik eta ondoen egitea. Une honetan garrantzi handiagoa ematen ari naiz nire buruarekin lasai sentitzen eta gustora sentitzen».
Ez da seinale txarra, edozein kasutan, minutuak hain garestiak izatea. «Taldeak zein maila altua duen erakusten du. Iaz bigarrena amaitzea ez zen zortea izan eta aurten ere gauzak oso ondo egiten ari gara», aldarrikatu du hegaleko gipuzkoarrak. Gainera, ilusioz begiratzen dio 2023ri, Gabonetako opor luzeen ondoren, oso exijentzia handiko bi hilabete etorriko baitira, Liga, Kopa eta Superkoparekin.
«Iaz oso gaizki pasatu nuen –esplikatu du Nanclaresek–. Egunero entrenatu ahal izatea eta hilabeteak ematea min hartu barik satisfakzio bat da. Eta poliki-poliki nire maila onenera gerturatzen noa, oraindik tarte handia daukadan. Horrek jokatzeko aukera ematen badit, askoz hobe. Eta bestela, lanean jarraitu jokatu ahal izateko».
«Gure arteko lehia oso osasuntsua da –gaineratu du Iris Arnaizek–. Andreia oso jokalari ona da, oso gaztea eta oso ona, eta berari esker denok hobetzen ari gara. Egia esateko, ez nuen denboraldia oso ondo hasi, iazkoa ere ezin izan nuen ondo amaitu lesioarengatik eta kostatu zait. Baina orain prest sentitzen naiz, Nataliak [Arroyo] behar nauenerako nire onena emateko. Gainera, denok daukagu argi taldeak duela lehentasuna eta horretarako egiten dugula lan».