Ahotsenea, hamabost urte zaleak eta sortzaileak elkartzen
Hamabost urte joan dira Ahotseneak lehen pausuak eman zituenetik. Dagoeneko ezin irudikatu Azoka kontzertu eta literatur solasaldirik gabe. Espazio berria gehitzea baino askoz gehiago izan zen, bere eskutik etorri baitziren pixkanaka beste guneak ere, eta denen artean osatutako kultur eskaintza.
Edorta Jimenezek Italiatik ‘inportatutakoa’ da Ahotsenea. «Oso esperientzia ederra bizia zuen han eta gure egoerara moldatu genuen», gogoratu du Gotzon Barandiaranek. Sortzaile taldeko kide da larrabetzuarra. «Duela 15 urte bazegoen atxikimendu identitarioa eta kulturala euskararekiko eta jendea Azokara zetorren. Horrekin batera bultzada eman nahi zitzaien disko eta liburuei. Zer gertatzen zen? Erdal produktuek zutela hartua protagonismorik handiena. Eta gure ustez euskarazkoek hartu behar zuten, batetik. Bestetik, kulturaren beste irakurketa egiten ari ginen. Kultura ez baita kontsumitzea bakarrik. Iruditu zitzaigun oso egokia zela produktua egotea baina garrantzitsua zen sortzailea eta zalea, bata bestearen ondoan, aurrez aurre jartzea. Ordura arte standean gertatzen zen enkontru hori, eta gure asmoa sorkuntza prozesuaren baitan txertatzea zen», kontatu du.
Gero eta presentzia handiagoa eskuratuz joan zen, eredua erabat finkatzeraino. Bost egunotan 68 liburu eta 47 disko aurkezpen hartuko ditu. Kopuruak kopuru, gustura dago Ahotseneako kidea inoiz baino estilo anitzagoak entzungo direlako, Euskal Herrian rockak izan duen nagusitasuna alboratu eta erritmo urbanoei leku eginez. Literaturaren esparruan nabarmentzekoa da itzulpengintzaren indarra.
Ahotsenea abian jarri aurretik inertziaren menpe zegoen Azoka Barandiaranen esanetan. «Eta euskarazko kulturgintzak ezin du inertzian bizi. Inertziak jan egingo gaitu. Kultura eta hizkuntza gutxiagotua gara, menostua gara, zapaldua gara, ez gara ofizialak gure lurralde osoan, eskubideak ez dizkigute bermatzen, judizialki Espainiatik eta Frantziatik etengabe eragozpenak ditugu, eta hori aintzat hartu behar dugu, ezin dugu jokatu hizkuntza hegemonikoen moduan. Inertzia guretzat oso kaltegarria da».
Jauziak egin beharra azpimarratu du. Eta horixe izan zen Ahotsenea. Bokazioa norabidez aldatu zen. «Gero etorri ziren beste guneak, Plateruena ere ordura arte ez bezala gunetzat hartzen hasi ginen... Eszenatokia, Kabi@, guneen Azoka sortu zen. Jada ez zen disko eta liburu Azoka, jada zen euskal kulturaren Azoka».
Eta Koordinazio Mahaia jarri zen abian. «Gune bakoitza autonomoa da, baina jakina, elkarlanean aritzen gara Gerediagarekin eta beste eragileekin. Koordinazio Mahaia izan ezean ez daukazu ikuspegi integralik», esan du.
Asmatu
Asmatu zutelakoan dago. «Gaur egun kontsumoa, salerosketa, nola doan ikusita, duela 15 urte apustu hau egin izan ez bagenu ez dakit Durangoko Azokarik legokeen ere. Disko eta liburu salmenta ikusten da nola dagoen: diskoak saltzen zituzten denda gehienak itxita daude, liburu denda txikiak ozta-ozta bizi dira, gehienak testu liburuetatik eta erdarazko ekoizpenetik, euskarazkotik ez... ikusita ze aldaketa egon den digitalizazio eta globalizario suntsitzaile honekin, non egongo ginatete gaur bakarrik stand-ak baleude? Nik uste dut asmatu genuela».
Miren Narbaiza martxan zegoen trenera igo zen. Bera da egungo koordinatzailea. «Ni heldu nintzenerako Ahotsenean lantalde sendoa zen, Azokan erabat egonkortua dagoen makina, eta denak itxura bikaina zeukanean iritsi zen urterik eta txarrena. Bazirudien gidoia idatzita zegoela eta justu izurriaren urtea izan zen. Inprobisazio urte madarikatu bat. Hau da nire lehen urte ‘arrunta’», esan du.
Izurriak eszenatoki aldaketa ekarri zuen. Plateruenan hartu zuten aterpe musika saioek eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolan literatur aurkezpenek. Aurtengoa erabakiorra izango da bide horri eutsi ala ez erabakitzerakoan.
Zalantzan jarri du erakundeko publikoek Durangoko Azokan sinesten duten. «Hotzari eta euriari beldurrik izango ez dioten karpak ordaintzeko inbertsiorik egiteko gaitasunik ez du Bizkaiko Diputazioak? Badauka, beste gauza batzutarako bideratzen du...», bota du Euskarazko kulturgintzaren plaza nagusia hau da eta gehiago babesten dituzte fundazioak eta egitasmo pribatuak Azokari bideratzen dioten aurrekontuaren hirukoitza inbertituta. Horri gehitzen zaizkie egin beharreko beste hainbat hobekuntza Durango ez baitago prest hainbeste herritar hartzeko. 57 urte dira eta hori ez da Gerediagaren kontua. Euskal Herri bezala apustua egitea. Egin beharko da zerbait gutxieneko kalitate eta duintasunarekin egin ahal izateko».
Aurrera begirako erronkez galdetuta, musikariaren ustez, «ezin gara egon ‘hau badoa bere abiaduran eta jarrai dezagun bidea’ pentsatuz. Euskal Herrian etengabeko hausnarketa egitera behartuak gaude. Hemendik 15 urtera non egon nahi dugun pentsatu behar dugun zerbait da. Gehiegi egonkortzea ez da ona. Uste dut erronketako bat hau dela».
Barandiaranen esanetan benetako erronka da «erakunde publikoetan ardura duten alderdi politikoetako ordezkariak jabetzea eurak dirala kulturgintzako parte bat eta gainontzeko eragileekin adostu behar dutela kultur politika. Ezin dutena da hartu instituzioak beraien alderdien bulegoak balira bezala. Eta gaur egun hori gertatzen da. Bertara joan eta zerbitzuak eskatzeko toki bezala funtzionatzen dute».