Maite Ubiria

«Bil Gaiten» taldean arituko dira hautetsi abertzale eta ezkertiarrak Euskal Elkargoan

Baionan bilduko da, etzi, Euskal Elkargoko herriarteko kontseilua. Bertan gauzatuko da azken hilabetetan denon ahotan izan den egitasmoa. Hain zuzen, erakundeko araudiak aurreikusten duenez lehenengo talde politikoak eratuko dira. «Bil Gaiten» izanen da hautetsi abertzale eta ezkertiarren aterpea.

«Bil Gaiten» taldea gaur arratsaldean aurkeztu da, Hiriburun.
«Bil Gaiten» taldea gaur arratsaldean aurkeztu da, Hiriburun. (Guillaume FAUVEAU)

Abenduaren 10ean Baionako Henri Grenet Auditorumean Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseiluak egingo duen bilerak abagune berria markatuko du.

Hain zuzen, erakundeko araudiak aurreikusten duenez lehenengo talde politikoak eratuko dira bilera horretan.

Bi famili politiko izan dira, orain arte, talde gisara jokatzeko borondatea agertu dutenak.

Lehen taldea ‘Elgarrekin Herriarentzat’ izenarekin aurkeztu zen, azaroaren 30ean, Baionan.

Peio Etxeleku hautetsi kanboarra du lemazain eta «izen-abizenekin» berrogeitik gora hautetsi ordezkatuko ditu, gehienbat jeltzale eta frantziar eskuinekoak.

Taldearen sustatzaileen esanetan beste 30 bat hautetsik babestuko lukete taldea, gaur gaurkoz izena emateko urratsa ez badute egin ere.

Gobernantzan zein inbertsioetan «oreka» handiagoa nahi dute lortu Euskal Elkargoaren baitan 'Elkarrekin Herriarentzat' taldea osatu duten hautetsiek.

Bigarren taldea, ostegun honetan aurkeztu da, Hiriburun. 'Bil Gaiten' izena hartu du hautetsi ezkertiar eta abertzalez osatuko den taldeak.

Oraingoz, 27 hautetsi batu dira taldean. Gaurko aurkezpenean izan dira, besteak beste, Hiriburuko auzapeza, Alain Iriart; Urruñako auzapeza, Filipe Aramendi; Itsasuko auzapezorde den Nicole Etxamendi eta Jean-Claude Mailharin, Amenduzeko herri kontseilaria.

Azken biek partekatuko dute, hain zuzen, taldearen lehendakaritza, abenduaren 7an Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariari gutun ofizial baten bidez jakinarazi diotenez.

Herriko Etxe anitzetan markarik gabeko zerrendak edo hautagaitza anitzak aurkezten dira eta horrek zailago bilakatzen du marka politikoen araberako neurketa zuzenak egitea.

Hala, EH Baiko hautetsi guztiek ez dute 'Bil Gaiten' taldean sartzeko hautua egin.

Izan ere, aurrera begira, markarik haratago, ateak zabalik dituztela azaldu dute gaur Hiriburun eginiko aurkezpenean parte hartu duten oerdezkariek.

«Bil Gaiten» taldeko sortzaileek azaldu dutenez, Euskal Elkargoa eratu zenetik, Euskal Herria Baik saretze lanari ekin zion. Denboraren poderioz, «alderdi batek abiatu desmartxa batetik alderdi baten kidetza gainditzen duen antolakuntza ireki batetara» igaro dela gaineratuz.

Taldearen balore nagusiak

Taldeko kideek hainbat  irizpide partekatzen dituzte. Hala, Euskal Elkargoa sortzera eraman zuen prozesuarekin bat eginik, «ahalmen gehiago» izango duen erakunde baten alde lan egiteko engaiamendua azaldu dute.

Bestalde, «Iparralde guzia hartuko duen lurralde ikuspuntua» aldarrikatu dute.

Era berean, Euskal Elkargoaren baitan «eraginkortasun eta demokrazia gehiago» erdiesteko hautetsien antolakuntza ezinbesteko tresna dela defendatu dute, baita behar adinako baliabideak eskatu dituztela ere.

Euskal Elkargoko araudiaren arabera gutxienez 20 hautetsiren sostengua beharrezkoa da talde politikoa osatzeko.

Arestian aipaturiko bi taldek oinarrizko baldintza hori betetzen dutenez, beraien eskaerei bide ematearekin batera araudiak aurreikusten dituen baliabideak zehaztu beharko lituzke, larunbateko bileratik aitzin, Ipar Euskal Herriko erakundeak, heldu den urteko Aurrekontuan aintzat hartzeko.