NAIZ

Bilboko gizarte taldeek Giza Eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute abenduaren 10erako

Giza Eskubideak bermatzea eskatzeko manifestazioa deitu du Bilboko hamar gizarte-taldek osatutako 10 Giza Eskubideak plataformak ‘Jaiki hadi hire eskubideen alde’ lemapean datorren larunbaterako, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta.

Plataformaren barruan dagoen erakundeetako bat Ongi Etorri Errefuxiatuak da.
Plataformaren barruan dagoen erakundeetako bat Ongi Etorri Errefuxiatuak da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bilboko hamar gizarte taldek ‘10 Giza Eskubideak’ plataforma sortu dute manifestazioa deitu dute datorren abenduaren 10erako, «oinarrizkoak diren eskubideak» betetzea eskatzeko, hala nola, etxebizitza eskuratzeko eskubidea, osasun-arreta, elikadura, jantziak edo gizarte-zerbitzuak.

Abenduaren 10ean, datorren larunbatean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta plataformak jakinarazi duenez, 1948tik Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egin arren, gaur egun «eskubideak eta, are gutxiago, askatasunak errespetatzen ez direla» salatzen dute mobilizazioan irakurriko den manifestuan.

Plataforma honako elkarte hauek eratzen dute: Alboan, Aletu, Amnistia Internacional, Bizitegi, FEKOOR, Federación de Asociaciones Vecinales de Bilbao, Euskalerriko Eskautak Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zubietxe eta E.A.P.N. Euskadi.

Erakunde hauek botere publikoei eskatzen diete «beren inmobilismoa utz dezatela» eta «modu eraginkorrean» bete ditzatela oinarrizko eskubideak herritar guztientzat, baina baita biztanleria migratzailearentzat ere. Besteak beste, «etxebizitza, osasun-arreta, elikadura, jantziak, gizarte-zerbitzuak eta gizarte-partaidetza» nabarmentzen dituzte.

Era berean heteropatriarkatua «eraistea» eskatzen dute, «emakume guztiek beren bizitzak indarkeriarik gabe eta soldata duinekin bizi ditzaten». Halaber, sexu-orientazioa eta genero-identitatea «diskriminaziorako oinarri debekatutzat» hartzen dituzten lege zabalak aldarrikatu dituzte.

Ingurumenari dagokionez, naturaren zaintzarekiko konpromisoa eskatzen dute, «iraunkortasun ekologikoa lehenetsiz nazioz gaindiko boterearen interes ekonomikoaren gainetik», «Amazoniaren espoliazioan eta planetako beste ekosistema batzuetan parte hartzen duten enpresen zigorgabetasunari amaiera emateko».

Larunbateko manifestazioa 11.30ean hasiko da Arriaga Plazan eta Lakuako Gobernuaren egoitzan amaituko da.