NAIZ

Mikel Irastorza heldu den urtarrilaren 5ean auzipetuko dute, Parisen

Mikel Irastorza Artola heldu den urtarrilaren 5ean auzipetuko dute Parisen, «gaizkile talde bateko kide» izateaz akusaturik. 2016ko azaroaren 5ean atzeman zuen frantziar Poliziak Azkainen. Lapurdin bizi den donostiarrak azken bost urteak kontrol judizialpean eman ditu.

Mikel Irastorza, 2017ko abuztuaren 8an, lagunak agurtzen Baionako tren geltokian. Bezperan astera zen baldintzapeko askatasunean, Fleury-Merogisetk.
Mikel Irastorza, 2017ko abuztuaren 8an, lagunak agurtzen Baionako tren geltokian. Bezperan astera zen baldintzapeko askatasunean, Fleury-Merogisetk. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Mikel Irastorza Artola heldu den urtarrilaren 5ean auzipetuko dute Parisen, «gaizkile talde bateko kide» izateaz akusaturik, Mediabask.eus atariak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Lapurdin bizi den donostiarra 2016ko azaroaren 5ean atzeman zuen frantziar Poliziak Azkainen, Guardia Zibilarekin batera eginiko operazio batean.

Berarekin batera Xabier Arin eta Denise Elizagoyen ere hartu zituzten atxilo, haien etxean baitzen Irastorza.

Bikote azkaindarra kontrol judizialpean aske utzi zuten bitartean, Irastorza Fleury-Merogiseko kartzelan sartu zuten.

2017ko abuztuaren 7an baldintzapeko askatasunean atera zen azken bost urteak kontrol judiizalpenan eman dituen Irastorzak. Besteak beste, eskumutur elektronikoa eraman behar izan du eta frantziar Estatuko lurraldetik ateratzeko debekua ezarri zioten.

Lau urte baino gehiago daramatza Mediabask hedabide taldean lanean, zehazki Kazeta.eus atariko kazetari gisa.

Arin eta Elizagoyen, auzitik kanpo

Urtarrilaren 5ean Parisen iraganen den auzian euskal preso ohia auzipetuko dute soilik, Xabier Arin eta Denise Elizagoyen auzitik kanpo uztea erabaki baitu instrukzio epaileak.

Horrelako atxiloketa operazioen ondoko ohiko mezuari jarraikiz, 2016ko azaroaren 5ean, espainiar Barne ministroak berehala erran zuen operazioa «kolpe gogorra» izan zela ETArentzat.

Polizia-iturriek behin eta berriz aipatu zuten Irastorza buruzagi nagusia zela eta «aparatu logistiko militarraren» buru jarri zuten.

Aldiz, prozedura judizialean ez da gisa horretako akusaziorik agertzen.

Oroitarazi behar da, polizia operazio hartatik hilabete ingurura gertatu zela Luhuson jendarte zibileko hainbat kide esanguratsuen atxiloketa ere.

Operazio horrekin ETAren armagabetzea zapuztu nahi izan bazen ere, 2017ko apirilaren 8an Baionan gauzatu zuen armagabetzea jendarte zibilak nazioarteko begiraleekin batera.