Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gabriel Arestiren lehen bi sonetoak aurkitu dituzte

Gaur arte galdurik ziren Gabriel Arestiren gaztaroko bi sonetoren berri eman du Jon Kortazar katedratikoak abenduaren 9an, Sancho el Sabio Fundazioaren aldizkarian, NAIZek jakin duenez. Gaztelaniaz 1953ko otsailean idatzitako poemok dira.

Marivi Gaubeka, Itziar Sanchez Gaubeka eta Jon Kortazar.
Marivi Gaubeka, Itziar Sanchez Gaubeka eta Jon Kortazar. (Aritz Loiola | FOKU)

1953ko otsailean, 19 urte zituenean, Gabriel Arestik gazteleraz idatzitako soneto biren berri eman du Jon Kortazar katedradunak Sancho el Sabio Fundazioaren aldizkarian. Poema biok Bilboko idazleari ezagutzen zaizkion lehen lanak dira. Beraz, euskal poesiaren egile berritzailearen lanaren sorkuntza urte eta erdi lehenagora ekarriko lukete.

Soneto bien agerpenaren atzean beste istorio txiki asko daude: gorde dituen emakumearen (Marivi Gaubeka) istorioa, eta baserri bateko familiarena. Hau guztia, zabalago, bihar GARAn eta NAIZen.

Loroño baserrian

Marivi Gaubeka Larrabetzuko Loroño Erdikoa baserriko armairuetan eta tiraderetan arakatzen hasi zen 1999an, familiaren oroitzapenak bilatu nahian, bestela kanpoko su handian bukatuko zuten-eta. Soinean zeraman poltsara bota zituen aurkitu zituen argazki, paper, gutun eta liburu zaharrak. Baserri askotan gertatu den legez, bakarrik bizi zen osaba ezkongabea hil zenean, lur eta landa haiek ezin inork bere gain hartu eta oinordekoak saltzeko hautua hartu zuen.

Marivik poltsan gorde zituen gauzen artean eskolako erlijio liburu bat zegoen (‘Religión, segundo curso’); barnean, eta orduan ez zen ohartu, bi poema. Etxeko armairu batean, amonak brodatutako eta estreinatu gabeko sukaldeko zapien gainean, txukun-txukun, bere familiaren ‘memoriaren kutxa’ bezala definitu daitekeena gorde zuen hamarkada batzuetan, harik eta horren berri Jon Kortazarri, EHUn euskal literaturaren katedradun eta ikertzaileari, iritsi zitzaion arte.

«Orain arte ezagutzen genituen Gabriel Arestiren (1933-1975) lehendabiziko poemak ‘Euzko Gogoa’ aldizkarian argitaratutakoak ziren, 1954ko abenduan; hauek 1953ko otsailekoak dira; hau da, urtebete eta erdi lehenagokoak. Orain badakigu idazlea zela 1953an», dio Kortazarrek. Eta erantsi du: «Beharbada ez dira Arestiren lanik onenak, baina inork ez du esan Arestiren hoberenak direnik; dioguna da lehenak direla. Eta zentzu horretan argitzen dute Arestiren hasiera literarioa nolakoa izan zen. Aurkikuntza honek bi osagai ditu: bat, noizkoak diren, zeren asko aurreratzen da lehenengo testua; bigarrena, hasiera-hasieratik Aresti apurtzailea dela eta hasiera-hasieratik jantzia dela».

2016an, GARAk eta NAIZek eman zuten Gabriel Arestiren bi poemen aurkikuntzaren berri. Donostiako etxebizitza batean aurkitu ziren, gaztelaniazko bertsioan, hain zuzen, ‘Harri eta herri’ hartako I eta N letradun poemak. Antza, Orixe sarira aurkeztutako lan originalean zeuden bi zati dira, gero, 1964an Zarauzko Itxaropena argitaletxearekin liburu moduan argitaratzea erabaki zuenean, kendu zituenak. Hipotesien arabera, aurreko polemikei ihes egitearren apartatu zituen bildumatik.

Urtebete beranduago, 2017an, ordura arte entzun gabea zen audioa berreskuratu zuten GARA eta NAIZek. Arestiren ahotsa zen, Rikardo Arregi andoaindarraren aldeko herri mezan ‘Auhenaren sentimendua’ poema errezitatzen.

Erlijio liburuaren barnean

Bilboko Escuela de Altos Estudios Mercantiles deiturikoan ikasle izan zenean idatzi zituen bi poema hauek. 1953an ‘profesor mercantil’ izatea lortu zuenean idatzi zituen, zehazki, 19 urte zituenean, eta eskolako bere erlijio liburuan ahaztuta utzi zituen. Erlijio liburua Jose Ignazio Gaubeka (Zornotzan hil zen, 2016an) eskola kideari utzi zion; hain zuzen ere, Marivi Gaubekaren osabari. Liburuaren hasieran esaldi esanguratsua: «Por razones ajenas a su voluntad y durante el periodo escolar 1952-1953 pertenece este libro a Gabriel M. Aresti Segurola». Arestiren umore eta ironia fina, hor.

Barnean, eskuz idatzita, bi orritan hizki txukunez jositako sonetoak. Azpian Gabriel María A.S., eta data: 1953ko otsailaren 16a. Soneto bietan. Bat amodiozkoa da eta bestea desamodiozkoa.

Hemen lehena:

«Por ti quisiera componer un canto/ lleno de aromas de dulzura lleno/ que embriagara nuestro amor terreno/ con el espíritu del divino llanto./ Con él quisiera desgarrar el manto/ que cubre el aura del eterno seno/ con él quisiera deslizar el cieno/ de la locura del delirio santo./ Y así librarme del deliquio informe/ de amarte siempre con el alma muda/ mientras los ojos con livor deforme/ presentan siempre la constante duda./ Por ti resume mi canción conforme/ se viste de ángel mi pasión desnuda».


Bigarrenen sonetoan:

«No has escuchado la dolencia occisa/ del acre acento de mi humilde queja/ que el viento intonso sin cesar aleja/ con una inhábil celerada prisa/ hasta perderla por la mar sumisa./ En mi demencia la sutil madeja/ de tus desdenes sin piedad semeja/ las incongruencia de loca risa/ cuando comprendo que la vida es huera/ y no es posible reformar su ambiente./ ¿Por qué me ignoras en mi noche austera?/ ¿Por qué te muestras tan incoherente?/ Te has ausentado de mi triste vera/ tan sigilosa solapadamente...»



Hizkera berezia erabili zuen hemeretzi urteko Aresti hark bere lehen hamalaukoetan. Hizkuntza literarioan baino erabiltzen ez diren hitzak agertzen dira, batzuk egun desagertuta daudenak, asko irakurtzen zuen seinale. «Oso goian idazten hasten da, landuegia da, baina testigantza garrantzitsua da. Marivi Gaubekari esker, Arestiren lanaren ‘historiaurrea’ ezagutu ahal dugu», Kortazarren arabera.

Sancho el Sabio Fundazioaren Euskal Ikerketa Aldizkaria diziplina anitzeko aldizkari zientifikoa da. Euskal gaietan espezializatuta dago eta Sancho el Sabio Fundazioak (egoitza Gasteizen duen euskal kulturaren dokumentazio-zentroak, alegia) editatzen du 1991. urtetik,  Vital Fundazioaren babesarekin.