NAIZ

Jangeletako araudia langileekin negoziatzeko exijitu dio LABek Lakuako Hezkuntza Sailari

LABek Lakuako Hezkuntza Sailari eskatu dio funtzionamendu araudia jangeletako langileekin negozia dezala, jangelen aldeko «benetako apustua» egin dezan. Nafarroan, berriz, datozen egunetarako deituta zegoen greba bertan behera utzi dute begiraleen lanaldia ez murriztea lortu delako.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jangelen araudia langileekin negoziatzea eskatu dio agerraldi batean LABek Lakuari.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jangelen araudia langileekin negoziatzea eskatu dio agerraldi batean LABek Lakuari. (LAB Sindikatua)

LAB sindikatuak jangelen aldeko «benetako apustua» egin dezala eta bertako langileen ordezkariak elkarrizketa mahai batera deitzeko eskatu dio Lakuako Hezkuntza Sailari, sailburuak eta sailburuordeak zerbitzua kudeatzen duten azpikontratatutako enpresekin negoziatu behar dela baitiote. Nafarroan sektore honetan deitutako greba bertan behera utzi dute lanaldiaren murrizketa atzera bota baita.

LABek astelehen honetan egindako agerraldi batean adierazi duenez, sindikatuak azken urteotan salatu du jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra aldatzeko premia.

«Egunetik egunera, langileek ez dagozkien gero eta funtzio gehiago beren gain hartu behar» dituztela salatu du sindikatuak eta negoziatu beharreko alderdien artean ratioak, funtzioak, lanaldiak eta jangelako ordutegiak nabarmendu ditu, besteak beste.

LABek dioenez, hitzarmen kolektiboa enpresa emakidadunekin negoziatuko dute, baina ez jangelen funtzionamendu araudia, Hezkuntza Sailaren eskumen esklusiboa delako.

Sindikatuaren ustez, jangelena ez da «zerbitzu osagarri huts gisa» baloratu behar eta «ikastetxeko beste gune bat bezala hartu behar da, non ikasten eta hezten jarraitzen den».

«Jangela seguru eta kalitatezkoak nahi ditugu, bai langileentzat, bai ikasleentzat, eta horretarako ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak baliabide gehiago ematea. LAB sindikatuak hainbat proposamen aurkeztu dizkio Hezkuntza Sailari hainbat formularekin egoera horri irtenbidea emateko, baina denak baztertu ditu», salatu du sindikatuak.

Nafarroako greba, bertan behera

Nafarroako eskoletako jantokiak kudeatzen dituzten enpresek begiraleen 2,5 orduko lanaldia murriztuko zutela jakinarazi zutenean, LAB sindikatuak horu greba egun deitu zituen 35 jantokitan abenduaren 13, 15 eta 20rako.

Joan den ostiralean Hezkuntza Departamentuak proposatutako murrizketa kenduko zuela jakinarazi zuten enpresek, Nafarroako Gobernuaren mendeko kontratua duten jantokietako begirale guztientzak 2,5 orduko lanaldia mantenduz.

Sindikatuaren iritziz greba deialdia «funtsezkoa» izan da hori lortzeko eta lanuzteak bertan behera utzi dituzte.