Internet bidez mintzatu da Denise Hinkel AEBetako Kaliforniakko Lawrence Livermore Laborategi Nazionaleko fisikaria EFE agentziarekin. Aste honetan, laborategi horretako zientzialariek fusio nuklear bat lortu dutela iragarri du Gobernu estatubatuarrak. Fusio horrek, lehendabizikoz, prozesuan erabiltzen duena baino energia gehiago ekoizten du.
Nabarmendu duenez, sufritzen ari garen larrialdi klimatiko honetako joko arauak alda ditzake horrek, energia ekoizpen merkeago bat, garbia eta ia mugagabea posible egiten duelako.
Adituek kalkulatzen dutenez, oraindik hamarkada batzuk beharko dira fusio energia hori merkaturatzeko. Hinkelek aurreratu duenez, hori gertatzen denean karbonorik gabeko sare elektriko bat eratzen ahalko da.
«Ez baduzu petroliorik erre behar, karbonorik gabeko ingurugiro batera iristeko urrats zoragarria litzateke», egin du gogoeta fisikariak. Ez du zalantzarik, fusio energia honek «izugarri lagunduko luke klima aldaketaren kontrako borrokan».
Paraleloki, bertze energia baliabide bat gehituko luke, «punturen batean baliabide naturalik gabe geldituko garelako», erran du.
Fusio nuklearraren abantailak
Fusio nuklearra erreakzio bat da. Bertan, bi atomo nukleo arin elkartzen dira bertze nukleo pisutsuago bat eratzeko. Aldi berean, energia kantitate handiak askatzen dira. Orain fisio nuklearra erabiltzen da mundu osoan elektrizitatea sortzeko, eta sistema horrek epe luzeko hondakin nuklearrak sortzen ditu. Fusio nuklearrak ez luke halakorik eraginen.
Abantaila gehiago ere baditu. Deuteron eta litioa erabiltzen ditu, naturan ugari dauden elementuak. Horiekin kasik mugarik gabe sortzen ahalko litzateke energia.
Izarren baldintzak simulatuz
Hinkelek esplikatu du fusio energia dela eguzkia elikatzen duen prozesua: «Oinarrian, prozesu hori laborategira eramaten eta energia hori aprobetxatzen saiatzen ari gara».
Izarren barnean dauden baldintzak birsortzeko, Lawrence Livermore laborategiko zientzialariek 192 laser zuzendu zituzten arto krispeta baten tamainako helburu baten aurka, deuteron eta tritoizko kapsula batera zehazki (tritoia litiotik eratortzen da), 3 milioi Celsius gradutan.
Hala, izar baten baldintzak simulatu zituzten eta fusioa lortu zuten energia irabazi garbi batekin.
Laserraren asmakizuna abiapuntu
Teknika hau baliatzeko ideia 1960an laserra asmatu ondotik sortu zen. Kaliforniako zentro honetako bertako fisikari batek sortu zuen, John Nicholsek. Izpi horiek erabiltzea proposatu zuen laborategian kontrolatutako fusio nuklear bat eragiteko.
Ordutik horretan ibili dira lanean, ulermen zientifikoa handitzen. «Teknologia laserra hobetu egin da, jomugak eraikitzeko gaitasuna ere bai, eta hori dena gertatzea ezinbestekoa izan da gaur egun gauden puntura heltzeko», azaldu du Denise Hinkelek.
Postdoktoretzako ikasle zela barneratu zen bera proiektuan. Esperimentu sail bat diseinatu zuen. Baliagarriak izan dira fusio erreakzioetan erabiltzen dena baino energia gehiago sortzeko. Gaur egun, gaitasun prediktiboan aritzen den lantaldea gidatzen du.
Burukomin handiena, kode informatikoek
30 urteotan erronka aunitzi egin diote aurre, baina Hinkeli burukomin handienak sortu dizkiotenak kode informatikoak izan dira. «Esperimentuekin hasi ginenean, ez genuen arlo horretako inongo daturik, ez zegoen energia horri buruzko daturik», oroitu du zientzialariak.
Oraindik erronka dute hori eta lanean segitzen dute gaitasun prediktiboa hobetzeko, ez baita erabat zuzena. Ordenagailuan egindako simulazioek espazio eta denbora eskala ugari izatea da horren arrazoia.
Bertze zailtasun bat helmuga izanen zen kapsula fabrikatzea izan zen. «Edozein inperfekzio txikik eragin zezakeen leherketan».
Trabak gaindituta eta joan den abenduaren 5eko esperimentuaren ondoren, lanean jarraitzea bertzerik ez dute. Denise Hinkelek egun hartako lorpena errepikatu nahi du, eta etorkizunean laserretatik energia gehiago bideratu kapsulara, jomuga handiagoak erabiltzeko.