Ion Salgado

Ikasleen bizitzak erdigunean izango dituen hezkuntza sistema aldarrikatu du Ikamak

Ikamak mobilizazioak egin ditu ostegun honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ikasleen bizitza erdigunean izango duen hezkuntza sistema aldarrikatzeko: «Ikasleok bizitzarako heziko gaituen hezkuntza, zaintza erdigunean izango duena».

Ikasleak Bilboko kaleetan.
Ikasleak Bilboko kaleetan. (Marisol Ramirez | Foku)

Ikamak mobilizazioak deitu ditu ostegun honetan Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Arabako hiriburuan egindako manifestazioan gazteek ohartarazi dute ez daudela ados «inposatzen diguten hezkuntza sistemarekin». Horren ordez, ikasleen bizitzak erdigunean jarriko duen eredua aldarrikatu dute, «ikasleok bizitzarako heziko gaituen hezkuntza, zaintza erdigunean izango duena».

«Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eginiko hezkuntza eredu bat» nahi dute, «gure herri zabaleko lurralde administratibo ezberdinen izaera eta aitortu eta hauetara egokitzen dena, beti ikuspuntu nazional batetik».

Adierazi dutenez, «eskatzen dugun hezkuntza Estatu espainiar eta frantsesak ez digutela emango argi dugu. Baina ez hori bakarrik, Euskal Herri mailan arautu beharko den hezkuntza eredu berri honetan, ikasleok erdigunean egon ezean, ez da gure hezkuntza izango».

«Hau horrela, gaur egun mahai gainean dagoen EAEko Hezkuntza Legeak ez ditu printzipio hauek betetzen eta horregatik ez dugu onartzen. Gaurko egunez, bere urteurrena den Nafarroako zonifikazioaren legea onartzen ez dugun bezala», gaineratu dute. Izan ere, Ikamaren esanetan, «gurea, hezkuntza euskahalduna, feminista, ekologista eta inklusiboa izango da, edo ez da izango».

Donostian eginiko mobilizazioa. (Gorka Rubio | Foku)

Esan dutenez, «ikasleok nahikoa dela ohiukatzen dugu. Guk ez dugu agortuta dagoen sistema birproduzitu nahi. Guk egungo sistema ezagutu nahi dugu, aldatu ahal izateko». Eta helburu horrekin borrokan jarraituko dute.

«Gaur kaleetan bat egin dugu Hego Euskal Herri guztiko ikasleok. Baina ez da azkena izango. Asko dagoelako borrokatzeko eta guk borrokatu ezean, ez du inork guregatik egingo. Ez etzi, su txikiekin garaipen handiak lortzen baitira», azpimarratu dute.