«Diskurtsiboki kritikoa den jendearekiko interesgarria izateak tentatzen nau»
Andoain, 1975. Zazpi txapelketa eta sei final. 2017ko txapeldunordea da. Eskarmentuak ematen duen patxadaz, sortzaile bezala diskurtso interesgarria josi nahi du. Bertsozale kritikoek kezkatzen dute. «Dogmatikoak ez zaizkit interesatzen, ezta nire aldekoak balira ere».
Zazpigarren txapelketa, seigarren finala. Nola aldatu da txapelketa?
Soziologikoki aldatu da, entzule mota asko aniztu dela esango nuke, askoz kolore gehiagoko entzule mota dago gaur egun, zorionez, hori aberatsa delako. Bertsolariekiko mimo maila ere handitu egin dela esango nuke. Gaitegia ere asko aldatu da, bai plazan eta bai txapelketan. Eta gero, norbera aldatu den neurrian, txapelketarekiko pertzepzioa ere aldatu egin da. Ni lehen txapelketa horietan oso gaztea nintzen, ez nekien ezer, eta gaur egun gauza batzuk desberdin ikusten ditut, ni aldatu naizelako horiekiko. Baina batez ere soziologikoki aldatu dela esango nuke; zer eremutara iristen den, zein jenderengana iristen den eta, ondorioz, zer mezu kantatzen diren...
Txapelketaren oihartzun mediatikoa eta bertsolarien esposizio publikoa aldatu al dira?
Nik ezagutu ditudan txapelketetan, medioetan jarraipena handitzen joan da. Baina batez ere sare sozialetan aldatu da kontua azken bi txapelketetan. Nik ez dut sare sozialik eta ez diet kasurik egiten. Iruditzen zait gainera sare sozialetan esaten diren hamar kontuetatik bederatzi ez zaizkidala interesatzen. Uste dut mundu paralelo bat dela. Askotan aipatzen da halakok hau edo bestea idatzi du. Eta nik uste dut niri ez badit aurpegira esango, ez didala ezertarako balio, ez didala ekarpenik egiten. Sare sozialetan bai eman da aldaketa eta sekulako astakeriak esaten dira. Baina nire esperientziatik edo posiziotik, ez diot garrantziarik ematen. Egia da eragin eragin diezadaketela, nirekiko iritzi korronte bat sortzen bada, hori plazan igarri baitaiteke. Baina niri ez didate balio. Orain, norbait etortzen bazait eta aurpegira esaten badit nire bertso bat ez zaiola gustatu, kafe bat ordainduko diot eta zergatik ez zaion gustatu azaltzeko eskatuko diot. Uste dut orokorrean badagoela zer ikasia sare sozialen kontuarekin. Jendeak garrantzia handiegia ematen die.
Zu aldatu zarela diozu. Ez alferrik, 21 urte pasatu dira lehen final hartatik aurtengora. Nolako Aitor Mendiluze igoko da Nafarroa Arenako oholtzara?
Pentsatu nahi dut 2001eko finaleko Aitor igoko dela, baina beste esperientzia batekin, beste bizipen batzuekin, akats batzuetatik ikasita eta beste akats batzuk egiteko askatasunarekin. Ez dut uste hain desberdina naizenik, baina bai desberdin nagoela. Esperientziak ematen dizun talaia horretatik, saioa erabat desberdin planteatzen dut. 2001eko lehen final hartan dena zen izugarria, handia, berria, dena zen ni baino gehiago. Eta iritsi naiz puntu batera, finalaurrekoetan ere erakutsi dudala uste dut, badudana nortasun bat oholtzan, egoteko modu bat eta taldekideekiko ere beste pisu bat. Alde horretatik lasaiago, nor-ago eta kontzienteago igoko naiz.
Maila diskurtsiboan ere garapen bat izan dudala pentsatu nahi dut. 2001ean kantatzen nituen gauza asko gaur ez nituzke kantatuko horrela eta gaur kantatzen ditudan gauza batzuk orduan ez nituzkeen pentsatuko. Hori garapen pertsonala da eta bertsotan jartzen garenean ikusi egiten da garapen hori. Denok ikasten ari gara egunero, gizartea oso aldakorra da eta oso bizi dago, eta guri badagokigu iritzi kritiko bat izatea beti eta ondorioz askoz gehiago jasotzen saiatzen gara. Alderdi horretatik uste dut badudala beste karga bat daukan motxila, eta hori baliatu nahiko nuke.
Diskurtsoa aipatu duzu. Txapelketa honetan pisu handia hartu du. Kezkatzen al zaitu?
Ez nau kezkatzen beldur sentsaziotik, kezkatzen nau sortzaile bezala ekarpen bat egin nahi dudalako. Esaten ari naizena pertinentea edo interesgarria den kezkatzen nau. Ez hainbeste gustagarria den edo ez, batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei ez.
Batzuetan badaukat zalantza bat. Ez dakit jendeak zer ulertzen duen ‘diskurtsiboki ekarpen bat egitea’ esaten duenean. Batzuetan badirudi gai batzuei buruz gauza batzuk esatea badela ekarpen bat eta beste guztia ez. Askotan masak zer pentsatzen duen dekodetzea ez da erraza. Norbere esperientzia pertsonaletik, koherentziatik eta pentsaeratik egin behar den zerbait dela pentsatzen du, ekarpen bat egiteko hortik abiatu behar duzula, bestela pose bat izango litzateke.
Logikoa den bezala nik ez dut uste eman dezakedanik Saioa Alkaizak adibidez eman dezakeen diskurtsoa; batzuei Saioarena interesatuko zaie, beste batzuei nirea, eta beste batzuei ez bata eta ez bestea. Zorionez, horretarako ere badago aniztasuna.
«Esaten ari naizena pertinentea edo interesgarria den kezkatzen nau. Ez hainbeste gustagarria den edo ez, batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei ez»
Eta bertsolarien artean ahots anitzak izatea aberatsa da, ezta?
Bai. Nik ez dut Saioa Alkaiza izan nahi, nik nahi dut Saioa izatea Saioa. Eta ni naiz ni. Nik niretik eta ni naizenetik egiten saiatu behar dut. Niri pose batekin joatea, ‘jendeak hau nahi du eta hau emango diot’, ez zait iruditzen ez inteligentea, ezta erreala ere. Bakoitzak beretik egin dezala eta entzuleak erabakiko du gustatu zaion edo ez, edo kasu askotan zer gustatu zaion eta zer ez. Egia da publikoaren zati bat oso dogmatikoa izaten dela batzuetan; ‘hau gustatzen zait eta beste guztia ez’. Baina orokorrean esango nuke jendeari bertsolari bakoitzaren gauza batzuk gustatzen zaizkiola eta beste batzuk ez. Horrek askatasuna ematen dizu zuretik egiteko eta, era berean, beti zuretik egiteko ardura bat ere ematen dizu.
Exijenteagoa da publikoa orain?
Gauza batzuetan bai. Beharbada formarekiko exijentzia ez da hainbeste garatu eta, aldiz, diskurtsoarekiko bai da oso exijentea. Gertatzen dena da batzuetan exijentea dela maila kritikoan eta beste batzuetan maila dogmatikoan. Lehen kasuan bertsolariak esaten duena aztertu eta gustatuko zaio edo ez, eta bigarren kasuan, ez badu esan berak entzun nahi duena, ja ez zaio interesatzen. Bi korronte dira.
Hori lehen ere egon izan dela uste dut; hau ez baduzu esaten txarra zara eta hau esan behar duzu ona izateko. Hori ezagutu genuen beste gai batzuekin. Ez nau gehiegi kezkatzen horrek. Diskurtsiboki kritikoa den jendearekiko interesgarria izateak -kritikatzeko bada ere- tentatzen nau. Dogmatikoak ez zaizkit interesatzen, ezta nire aldekoak balira ere.
Belodromoa ezagutu zenuen. Gero, BEC eta, orain, Iruñea. Leku aldaketak zer garrantzia dauka?
Fisikoki, aldaketak beti dira onak eta interesgarriak; plaza berria, baldintza berriak... baina egia da plaza horietara ez zarela ohitzen. Espazio fisikoa bera kontrolatu dezakezu, baina plaza beti da berria. Eta Iruñeko plazarekin badaukat galdera ikur bat.
Baina guretzat salto handiena da zergatik goazen Iruñera eta zer dakarren horrek. Nori zer eskaintzera goazen. Une honetan Iruñera joatea bada jende bati esatea ‘zorionak, ondo ari zarete’. Nafarroan gauza asko gertatzen ari dira azken urteotan, ez bakarrik bertsolaritzan eta euskalgintzan, baina horietan ere bai, eta horiekiko errekonozimendu bat eta esker emate bat bada finala Iruñean egitea. Esango nuke baldintza batzuen aldetik akaso errazagoa zela berriz Barakaldon egitea, baina Iruñera joatea proposatu zenean denok esan genuen, bai, goazen.
Zalantza izan omen zenuen txapelketan izena emateko orduan.
Bai, une batean ez neukan zalantzarik ezezkoarekin. Urte asko dira eta une batzuetan zalantza sentitzen duzu, ‘zertara noa ni berriz txapelketara?’. Nik beti esaten dut niri txapelketa gustatu egiten zaidala eta horrela uzteak ere pena ematen zidan...
Agurtu egingo zara txapelketaz?
Ni ez naiz gai esateko hemendik lau urtera non, nola, zertan egongo naizen. Ez daukat txapelketa oholtza handi horretan agurtzeko beharrik. Uzten dudan egunean utzi eta kito. Baina oraintxe ez naiz ausartzen esatera hemendik lau urtera txapelketan egongo ez naizenik. Orain joan, ahal dudana egin, eta gero ikusiko da. Niretzat sari bat da finalean egotea eta hor bertsotan egin nahi nuke. Egia da aurten, egin ditudan bi finalerdietan, eroso sentitu naizela. Lasai ez, baina eroso. Uste dut egin dudan lanak eta ibilbideak ere laguntzen dutela horretan. Une batean nire buruari esan diot oholtza hori nirea ere badela. Finalean eroso sentitzea lortuko banu, asko litzateke. Hortik aurrera, ahal dudana.