Nafarroa Arenak zutik egin die ongietorria bertsolariei. Zutik eta txaloka. Luzea izan da oholtzara bitarteko bidea, baina igarri da herri oso bat bertsolariei bultzaka. Hunkituta igo dira bertsolariak tranpaldora, begiak umel.
Zozketak honako ordena erabaki du goizeko saiorako: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi.
Eta bertsolarien agurrekin berotu da lehenengoz plaza. «Kaixo Nafarroari, hola Arenari/ aupa hemen etxean sentitzen den hari/ gaur zortzi ahots gatoz zortzi hitz emari/ geure ahalak gehituz zuen kemenari/ sentitzen baitet nola ari garen ari/ begirada zabaltzen itsutzen denari», hasi da Aitor Mendiluze.
Nerea Ibarzabalek ere agur ederra: «Aro berrien jaiotza/ egunon a ze malkotza/ zuentzat gure aitortza/ odol mamitan bihotza/ ortozik doan hizkuntza honek beti hanketako hotza/ baina erretzen suma daiteke gaur Iruñeko oholtza/ emozioen magma gori bada gutako bakoitza/ ustekabean lehertzen denean lurrazpiko berben poltsa/ ea ze mundu posibletarantz labaintzen zaigun ahotsa».
Amets Arzallusek Hertzainak eta Chill Mafia izan ditu gogoan eta oso bizkor kantatu du agurra. Indartsu hasi da. «Kaixo lagun guztiak gu ez gara Hertzainak/ gaur erreko ditugu aurtengo gaztainak/ lehertu arte zainak/ hainbeste merezi du hain plaza bikainak/ barkatu ni ez nabaiz errotxaopearra/ baina neuk ere badut alderdi makarra/ hemen gehitxo entzuten da musika zaharra/ da zaharra BECeko izarra/ herri honek badu letra berrien beharra...». Eta amaiera, «...naparra arena hondarra/ zu dantzan jartzea da nahi dudan bakarra». Eta jarri du dantzan lehen kolpean.
Joanes Illarregi, finalista berria eta finalista gazteena. Ahotsa dardarti hasi da, baina gero eta seguruago eman du pausoa plaza erraldoi horretan. «Hau da jendetza dagona dena masifikatua/ egunon Euskal Herria lehen agur sakratua/ merkatu beltza izan da sarreraren merkatua/ Arenan nonbait garesti dago metro karratua/ pista rebote ta grada hiru zonaz banatua/ nafarroa berriz ere dago zonifikatua/ jolasa eta jokoa hitzez elkarbanatua/ elkartuko gaituena izan dadila kantua».
Alaia Martin irribartsu hasi da. «A ze hondartza puska dagoen gaur Nafarroa Arenan/ irrika daukat oinen puinttetan ta eguzki usaina kreman/ bagatoz gure hezur haragi desio eta harreman/ gaur baietz festa antzeman/ historiaren tabernan/ egun argi bat filmatu nahi dut zuen begien zineman/ gure herri hau oinarri hartu eta naizenetik eman».
Maialen Lujanbio lehenengoz entzun dugu txapelketa honetan. Gaur ez da oholtzako emakume bakarra eta aldaketa hori izan du ahotan. «Bertsogintza den sokatira hontan, gogo belarri ta aho/ zer eta nola nork eta nori non eta nondik esango/ aurrera nahiak atzera kargak ta urratu gabe ez dago/ artea hori da eta finalak gaur Nafarroa arrago/ izan izan da arrago/ gauzak gertatu daitezkenean gertatzen direla nago/ beti gertatu behar zuketena baino beranduxeago».
Sustrai Colina izan da hurrengoa plazari agurra kantatzen. «Nahiz eta hala bazan ta hala ez bazan/ ipuina amaitu ohi den kalabazan/ ni berpiztu edo ez egon naiz zalantzan/ eta Irulegiko eskuaren trazan/ tatxan tataxan tatxan/ hara hor non natzan/ Iruñeko plazan/ libre eta konfiantzan/ zuen eskuak hegan eraman nazan».
Zortzigarren tokian egokitu da Beñat Gaztelumendi bere hirugarren final honetan. «Egunon hara zortzi eztarri ta Nafarroa Arena/ bertsoa izan zen gordeleku bat ume beldurti harena/ hitzek isurtzen duten lurruna/ ispilu malgu gorputz zurruna gure maskara gardena/ pitzadura bat gure diglosi inposatuan barrena/ udazkenean piztu den herri honen nerbio sistema/ niretzat hori baita bertsoa printza bat eta unibertsoa/ gu sortzen ari garena/ ta gu sortzen gaituena».
Goizeko saioa abiatuta, plaza gozatua hartzen ari da.