Joseba Salbador Goikoetxea

Aurtengo txerria Aizarnazabalgo Larraxko baserritik dator

Donostiako San Tomas azokak pandemia aurreko erritmoa berreskuratuko du ia osorik, baina bada aldaketa nabarmen bat. Konstituzio plazan erakusgai jarriko den txerria aurten ez da Leitzako Arro baserritik etorriko, ardura hori hartzen zuen Kristina Saralegi hil egin baitzen otsailean 48 urte zituela.

Manu Eizagirre, Basatxerri kooperatibako baserritarra, Donostiarako aukeratu duen Roxaito txerriarekin.
Manu Eizagirre, Basatxerri kooperatibako baserritarra, Donostiarako aukeratu duen Roxaito txerriarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bere ordez, aurten Aizarnazabaldik etorriko da San Tomas eguneko protagonista nagusia, zehazki, Larraxko baserritik. Izan ere, Saralegik utzitako hutsunea betetzeko Donostiako Udala Basatxerri kooperatibako kideekin harremanetan jarri zen, eta hauek Larraxko baserriko Manu Eizagirre hautatu zuten aurtengo ordezkari gisa.

Manuk bere ukuiluko ateak zabaldu zituen joan den astean, kazetarien aurrean txerriaren aurkezpen ofiziala egiteko. Txerriak Roxaito izena du, hamar hilabete ditu eta berrehun kilo inguruko pisua du. Beraz, ez da Saralegik ekartzen zituen txerrien 350 edo 400 kilotara iristen, baina animalia honek San Tomas egunean duen papera ongi baino hobeto beteko du.

Bere jabeak dioen bezala, «Roxaito lasaia da eta gustura ibiltzen da baserri inguruko larreetan». Basatxerri kooperatibako txerri guztiak aire librean hazten dituzte, inolako estresik gabe, eta larreetan aurkitzen dituzten ezkurrak, belarrak eta sustraiak jaten dituzte. Ukuiluan, bestalde, pentsu naturalak ematen dizkiete, transgenikorik gabeko osagaiekin: artoa, garagarra, garia, oloa...

Euskal Herriko mendietan aske hazteko arraza aproposa da, %50ean Duroc eta beste %50ean Landrace eta Large White arrazako nahasketa delako. Ondorioz, pisua hartzen duten txerriak dira, baina aldi berean arinak dira, beti alde batera eta bestera mugitzen ibiltzen direlako.
Manu Eizagirrek hogei urte daramatza Basatxerri kooperatiban, hau da, ia sortu zenetik. Txerriak hazteaz gain,

Lumagorriko oilaskoak ere izan ditu, eta bere emaztearekin batera, nekazal turismoa ere zabalik izan dute hainbat urtetan. Orain, ordea, txerriak haztera bakarrik dedikatzen da, eta gustura dago bere lanarekin.

Gaur egun, gainera, Basatxerriko ukuiluetako ekoizpen arduraduna da. Berak azaldu duen bezala, kooperatibak 35 baserritar biltzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta, horretaz gain, beste hamabi ustiategi ditu Usurbilen. Baserri bakoitzean, gainera, gehienezko kopuru bat dute, eta 150 buru inguru hazten dituzte normalean, gehienez 200. Horrela, modu tradizionaleko hazkuntza bermatzen dute.