NAIZ
Iruñea

Nafarroako farmaziak «puntu morea» izango dira indarkeria matxista borrokatzeko

Farmaziek, gertuko eta konfiantzazko guneak diren aldetik, ekarpen handia egin dezakete eta, hori balioan jarriaz, Nafarroan «puntu morea» izango dira indarkeria matxistaren biktimak lagundu eta artatu ahal izateko. ‘Leku seguruan zaude’ lemapean, zaintza-sarearen parte izango dira.

Orain arte Nafarroan Udalek jartzen zituzten puntu moreak, jaien baitan.
Orain arte Nafarroan Udalek jartzen zituzten puntu moreak, jaien baitan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroan dauden 601 farmaziak indarkeria matxistaren aurkako 'puntu moreak' bihurtuko dira. Helburua, salaketa bat egin daitekeen gune bat baino «zerbait gehiago» izatea da, alegia, proaktiboak izatea eta biktimekiko sentsibilitate berezia izatea farmazietan, hau da, zaintza-sarea izatea.

Protokolo berriak aldaketa dakar, izan ere, orain arte, Nafarroan «puntu moreak» Udaletan ezartzen ziren jai baitan, baina hemendik aurrera zabaltzen joango dira sarea ehunduz. Farmaziak hedapenaren abiapuntu izango dira, beraz.

Protokoloaren sinadura ekitaldian Jose Luis Arasti Nafarroan Gobernu espainiarraren ordezkariak azaldu duenez, puntu horiek berdintasunerako tresnak dira, eta «gizarte osoa indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzea eta emakumeen aurkako indarkeria kasuetan jarduteko informazioa zabaltzea» dute helburu.

Horien bidez, zerbitzuak biktimei hurbildu nahi zaizkie, bai eta erakundeei, establezimenduei edo enpresei informazioa eman ere, indarkeria matxistaren kasu edo susmo baten aurrean nola jokatu jakiteko.

Nafarroan, azpimarratu duenez, farmaziak «hurbilekoak eta konfiantzazko» guneak dira. «Informazio-plataforma bikainak dira, genero-indarkeriaren biktimek, modu diskretu eta seguruan, laguntza eskatu ahal izan dezaten», gaineratu du.

Horretarako, Corfna Nafarroako Farmazien elkargoak farmazietan materiala banatu du. Indarkeria-kasu baten aurrean nola jokatu azaltzen duen gida bat da, eta besteak beste biktimentzako baliabideak jasotzen ditu. Horrez gain, indarkeria matxista zer den, haren adierazpen desberdinak zeintzuk diren eta indarkeria hori nola detektatu jakiteko informazioa ere jasotzen du.

Gainera, «puntu morea» gidarekin lotutako QR kode bat duten itsasgarriak banatu dira indarkeria matxistaren aurrean jarduteko. Horien helburua da adieraztea gune hori toki segurua dela biktimentzat, eta informazioa eta laguntza jaso dezaketela, behar izanez gero.

Ekimena ondo hartu dute farmaziek, Marta Galipienzo Cofna-ko presidenteak esan duenez, denbora baitaramate elkarlanean. «Osasungintzatik harago» konprometitzen direla berretsi du.

Horregatik, zerbitzua emateko konpromisoaren baitan, «oso pozik» daudela ziurtatu du, «erabilgarriak direlako, batez ere landa-eremuetan, mendikoetan, sarbide zailekoak diren guneetan». Zentzu horretan, oso garrantzitsutzat jo du eta jasotzen ari diren prestakuntza eskertu du.

‘Leku seguruan zaude’ leloak, azpimarratu du, «ezin hobeto definitzen du farmazia».