Mikel Aginagalde

Bertatik bertara erein, bertakoa kontsumitu

Hernaniko Arriatzu baserriko barazkiak eta kapoiak ezagunak dira Donostian, azken mendean zehar presente egon baitira hiriburuko azoka desberdinetan. Ane Zeberiok jarraitzen du gaur egun etxeko tradizioa eta bere iritziz garrantzitsua da San Tomas azokan egotea eta nekazariei protagonismoa ematea.

Ane Zeberio, bere baserrian ekoizten dituzten barazkiak saltzeko Hernani erdialdean zabaldu duten Arriatzu dendan.
Ane Zeberio, bere baserrian ekoizten dituzten barazkiak saltzeko Hernani erdialdean zabaldu duten Arriatzu dendan. (NAIZ)

Arriatzu baserria Hernaniko Osiñaga auzoan kokaturik dago. Bertan nekazaritzan eta abeltzaintzan aritu izan dira hamarkada luzeetan zehar, baina azken urteetan nekazaritza izan da euren jarduera nagusia. Baserrian ekoitzitako kalitate ezin hobeko produktuak Hernani erdialdeko Arriatzu dendan nahiz inguruko merkatuetan saltzen dituzte. Donostiako San Tomas azokan ere jarri ohi dute postua, eta bertan hainbat sari ere irabazi izan dituzte azken urteetan.

Ane Zeberio hernaniar gaztea eta haren familia dira gaur egun denda kudeatzeaz arduratzen direnak. Diotenez, euren nekazaritza produktuen lehen erreferentziak 1936. urtekoak dira. Hau da, euren birramona eta birraitona izan ziren Espainiako Gerra Zibilaren garaian baserriko baratzeetako fruitu eta barazkiak Donostiako merkatuetara eramaten hasi zirenak, batik bat, Bretxako merkatura. Orduz gero, Arriatzu dendako produktuen ekoizpena eta salmenta etengabean eraldatzen joan da, gizartearekin eta bere kontsumo ohiturekin batera.

Sasoikoa eta goi mailakoa

Gaur egun, dendan saltzen dutenaren zati handiena Hernaniko Osinaga auzoko Arriatzu baserrian daukaten baratzean ekoizten dute. Hala ere, inguruko beste baserrietan erositako produktuak ere izan ohi dituzte bezeroarentzat eskuragarri. Ane Zeberiok dio saiatzen direla Arriatzuko barazkiak sasoikoak eta ahalik eta kalitate onenekoak izaten, eta horixe dela euren berezitasun nagusietako bat. «Baratzea oso gorabeheratsua izan arren, eta urte bakoitza desberdina izanda ere, kalitate oneneko gaiak saltzen ahalegintzen gara».

Arriatzu dendan kalitatezko makina bat produktu aurki ditzakegu; besteak beste, nabarmentzekoak dira aipaturiko barazkiez gainera, lekaleak, fruituak, baserriko arrautzak, gazta, ardi esnea, eta beste hainbat eta hainbat elikagai.  

Bestalde, Arriatzuko bezeroak, oro har, Hernaniko herritarrak direla esan beharra dago; baina Astigarraga, Urnieta, Andoain eta Goizueta bezalako herrietatik ere asko eta asko gerturatzen dira dendara erosketa egitera. Zeberioren arabera, «nahiz eta gure bezero gehienak herrikoak bertakoak izan, inguruetatik ere gerturatzen dira guregana, eta hori oso positiboa dela uste dugu». Halaber, bezero horiek gehienak erosle fidelak izan ohi direla dio Zeberiok.

Ohiko presentzia

Aurtengo ekitaldian ere, enegarrenez, Arriatzuko barazkiak izango dira ikusgai eta erosgai Donostian ospatuko den San Tomas azokan. Zeberioren arabera, parte hartze hori duela urte asko hasi zen eta historia luze zein mardula dauka. «Garai batean etxean kapoiak egiten genituen eta San Tomas eguneko lehiaketa ospetsuan parte hartzen zuten sarritan gure senideek; ni haurra nintzen ordu hartan. Duela lau edizio inguru, ordea, Konstituzio plazan postua jarri eta barazki ekoizle bezala aurkeztu eta lehiatzen hasi ginen». Esan beharra dago, zentzu horretan, hainbat sari ere irabazi izan dituztela maila desberdinetan.

Oraingo honetan azken momentura arte ez dute erabaki abenduaren 21eko merkatuan egotea; urte txarra izan omen da eurentzat. Edonola ere, gisa horretako azoketan egotearen garrantzia azpimarratu nahi du Zeberiok. «Ezin dugu ahaztu zergatik egiten den San Tomas azoka, zein den haren jatorria. Iraganean, baserritarrak hirira jaisten ziren euren errentak jauntxoei ordaintzera, eta horri esker trukea sortzen zen. Gertaera horri esker ospatzen da gaur egun ezagutzen dugun festa. Uste dut garrantzitsua dela, gainera, gu jai horretan egotea eta guri protagonismoa ematea». Izan ere, Zeberiok dio egun horretan ikusmiran jende asko egoteaz gain, salmentak ere handiak izan ohi direla.

«Lixto», baratzetik lapikora zuzen-zuzenean

Baratzeko elikagaiak saltzeko beste eredu bat dugu «Lixto». Arriatzu barazki dendatik zuzenean lapikora edo platerera eramateko prestatutako barazkiak, hain zuzen ere.

Arriatzuko belaunaldi berriak egungo testuinguru sozial eta ekonomikora egokitzen dira une oro, eta «Lixto» da horren erakusle argia. Barazkiak ondo aukeratu, garbitu, lehortu, zatitu eta enbasatu egiten dituzte bezeroari eskaintzeko, kontsumitzailearentzat errazagoa izan dadin produktuaz gozatzea.

Izan ere, Ane Zeberioren arabera, «gure baratzetik ateratzen diren barazki askok ez dute itxurarik ederrena, baina kalitate handikoak dira, eta bigarren aukera bat eman behar zaiela uste dugu. Hori dela-eta, moztuta eta zatitan saltzen ditugu, elikagai horiek oso probetxugarriak direlako. Gainera, harrera ona izan ohi dute, eta bezeroak estima handia die».

«Lixto» barazkiak saltzeko modu berritzaileari esker, garaian garaiko baserriko produktuak eros eta dasta daitezke, moztuta, garbituta, desinfektatuta eta lehortuta. Halaber, inongo kontserbagarri eta koloragarririk gabeko jaki ekologikoak direla nabarmendu beharra dago, hots, ehuneko ehunean naturala da barazki oro.
Ez hori bakarrik, «Lixto» formatuaren baitan, aukera anitz ditu bezeroak bere beharretara egokituak, betiere; besteak beste, barazki xehatua, menestra, porru-patata, entsalada edo beste hainbat elikagai.