Manex Altuna

Julen Agirrezabala golik jaso gabe eta Gorka Guruzeta min hartuta

Raul Garciak jokalari erabakigarria izaten jarraitzen duela erakutsi zuen Sestaon. Muniainek, berriz, 30 urte bete ditu eta Athleticen historian partida gehien jokatu dituen laugarren jokalaria bilakatu da.

Julen Agirrezabala hamaikakoan sartu da Kopako bi kanporaketetan.
Julen Agirrezabala hamaikakoan sartu da Kopako bi kanporaketetan. (@AthleticClub)

Athleticek lan nekeza egin behar izan zuen Las Llanasen irabazteko. Jokoa ez zen ikusgarria izan, baina helburua bete zen. Sestao Riverrek ez zion inolako erraztasunik eman eta azken unerarte lehiatu zuen. Zuri-gorriek Raul Garciak geldikako jokaldi batean egindako gol bati esker lortu zuten kanporaketa gainditzea.

Nafarrak 37 urte egingo ditu uztailean eta kontratua amaitzen zaio denboraldi amaieran. Hamaikakoetan pisua galtzen ari da adinean gora egin ahala, baina oraindik taldeari lagundu diezaiokeela agerian utzi zuen. Athleticen jokalari gutxik daukate golak erraz egiteko gaitasuna eta Raul Garcia horietako bat da.

Nabarmentzekoa da garaipena geldikako jokaldi baten ostean iritsi zela. Oier Zarragak egin zuen erdiraketa. Herrera lesionaturik dago eta hasieratik aritu zen Mungiakoa. Iaz askoz gehiago jokatu zuen Unai Vencedorri aurre hartu dio zelai erdian toki bat egiterakoan. Zarragaren kontratua ere ikasturte amaieran bukatzen da. Badirudi luzatzeko negoziaketak abiatu direla.

Iker Muniain kapitaina ere aipatu beharra dago. Aulkian geratu zen, baina bigarren zatian jokatutako minutuekin 511 partidatan parte hartu dagoeneko talde zuri-gorriarekin eta Andoni Iraola gainditu du ranking historikoan. Iribar (614), Txetxu Rojo (541) eta Etxeberriaren (514) ondoren, partida gehien jokatu dituen laugarren jokalaria da. 30 urte bete ditu abenduan.

Bestalde, Julen Agirrezabalak golik jaso gabe jarraitzen du. Titularra izan da Kopako bi partidetan eta maila bikaina erakutsi du. Alziran geldiketa bikainak egin zituen eta Sestaon ere lasaitasuna eman zion taldeari. Lehen zatian Aritz Huetek egindako jaurtiketa bati bikain erantzun zion eta areara hurbildu ziren guztietan ondo moldatu zen. Azken asteetan zuri-gorriek jokatu dituzten lau lagunartekoetan ere Julen Agirrezabalak ez du gol bat ere ez jaso.

Guruzetaren kolpea

Guruzetak min hartu zuen Sestaon eta aldaketa eskatu behar izan zuen lehen zatian. (@AthleticClub)
Guruzetak min hartu zuen Sestaon eta aldaketa eskatu behar izan zuen lehen zatian. (@AthleticClub)

Partidako albiste txarrena Gorka Guruzetaren lesioa izan zen. Antiguokon taldekide izandako Aritz Huetek sarrera gogorra egin zion aurrelari donostiarrari eta min hartuta aldaketa eskatu behar izan zuen. Valverdek kolpe bat baino ez izatea espero zuela adierazi zuen partidaren ostean.

Guruzeta oso bolada onean zegoen, lagunartekoetan hiru gol egin ditu eta bost daramatza ligan. Zenbaki paregabeak dira kontuan hartu minutu gutxi jokatu dituela. Hamaikakoan tokia egiteko aukera zeukan. Ikusteke dago abenduaren 29an Betisen zelaian jokatu behar den Ligako partidarako prest egongo den.

Ostiralean, aldiz, Athleticek Kopako hurrengo aurkaria zein izango den ezagutuko du. Urtarrileko lehen egunetan jokatuko da partida.