Realak Sporting de Huelvaren aurka jokatuko du Superkopako finalerdia

Natalia Arroyoren taldeari aurkari xumeena egokitu zaio Superkopako final-aurrekoetan. Bestea Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute urtarrilaren 19an. Bi finalerdietako irabazleak finala jokatuko dute urtarrilaren 22an. Partida guztiak Meridan jokatuko dira.

Sinne Jensen Realeko jokalaria Levanteren aurka Anoetan jokatu zen azken partidan.
Sinne Jensen Realeko jokalaria Levanteren aurka Anoetan jokatu zen azken partidan. (Jon URBE | FOKU)

Realak zortea izan du Superkopako zozketan, eta Sporting de Huelva aurkari xumeena egokitu zaio. Urtarrilaren 18an izango da partida 19:00etan. Guztira lau talde lehiatuko dira txapelketan, eta beste final-aurrekoa Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute urtarrilaren 19an, ordu berean. Laugarrenez jarraian, final four formatuan lehiatuko direnez, final-aurrekoetan irabaztea lortzen dutenak izango dira finala jokatuko dutenak urtarrilaren 22an.

Natalia Arroyoren jokalariek Realaren historiako bigarren garaikurra lortu dezakete, 2019an Kopa irabazi ostean. Orduan, Gonzalo Arconada txuri-urdinen entrenatzaile zela, Atletico Madrilen aurka nagusitu ziren finalean, Kiana Palacio eta Nahikari Garcia aurrelarien golekin (1-2).

Kopa irabazi ondotik, 2020ko otsailean Superkopa jokatu zuten estreinakoz, Salamancan, eta finalera iritsi ziren Levante garaitu ostean. Finalean, Bartzelonaren aurka, sekulako jipoia jaso zuten gipuzkoarrek.

Bartzelona da formatu horretan Superkopa gehien irabazi dituen taldea: bi guztira. Gainerako taldeentzat estreinako aldia litzateke horrelakorik irabazten dutela. Horrez gain, lehendabiziko aldia da horrelako txapelketa bat Extremaduran jokatzen dela, zehazki Meridan, eta Romano Jose Fouto estadioan jokatuko dituzte hiru norgehiagokak.