Ion Salgado

Osakidetzako langileek benetako negoziazioa aldarrikatu dute: «Jokoan dago biztanleen osasuna»

Osakidetzako langileak kalera atera dira ostegun honetan Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuen deialdiari jarraituz. «Benetako negoziazioa» aldarrikatu dute Mahai Sektorialaren «blokeoa» gainditzeko. Izan era, ohartarazi dutenez, «jokoan dago biztanleriaren osasuna».

Txagorritxun egindako elkarretaratzearen argazkia.
Txagorritxun egindako elkarretaratzearen argazkia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek egindako deialdiarekin bat egin dute ostegun honetan Osakidetzako ehunka langilek. EAEko ospitale eta osasun zentro ezberdinen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte «benetako negoziazioa» aldarrikatzeko.

Izan ere, sindikatuen esanetan, Osakidetzak ez du negoziatzen Mahai Sektorialean, «nahi duena eta nahi duenean bakarrik tratatzen da. Egoera horrek okerrera egin du eta erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori guztia gure osasun publikoaren narriadura ukaezina den une batean, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat».

«Suntsitzen ari dira gure osasun publikoa eta hori onartezin da, jokoan dagoelako biztanleriaren osasuna», nabarmendu du Gabirel Perez Satse sindikatuko ordezkariak Txagorritxun egindako mobilizazioan. Bertan azaldu duenez, negoziazioa «ezinbestekoa» da langile eta herritarrek kalitatezko arreta eskaini eta jaso ahal izateko.

ELA sindikatuko kidea den Elena Gerenabarrenak adierazi duenez, agintariek Osakidetza «lapurtu dute eta saldu nahi dute, batzuen mesedetan eta langile zein gizartearen kaltetan». Herritarrek «osasun publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa» behar dutela ohartarazi du komunikabideen aurrean.

Jesus Oñate LAB sindikatuko ordezkariaren ustez, Osakidetzako zuzendaritzak «birplanteatu behar du bere jarrera aurrean ditugun gatazka guztiak bideratzeko». Bestela mobilizazio gehiago deituko dituzte sindikatuek; greba gehiago deitzeko aukera ere mahai gainean dagoela nabarmendu du.

Imanol Alcalde SMEko kideak nabarmendu duenez, akordioak lortu behar dira zerbitzu publikoaren «bikaintasuna» babesteko, eta horretarako «funtsezkoa da langileen baldintzak zaintzea». Esan duenez, azken urteetako murrizketek zaildu egin dute Osakidetzako profesionalen lana. Esan duenez, Lehen Arreta indartu egin behar da eta arreta bermatu, bai herri txikietan baita etengabeko arreta guneetan ere.

«Benetako parte-hartzea»

«Langileak eta herritarrak nazkatuta daude, eta premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko», gaineratu dute sindikatuek. Gotzone Sagardui sailburuak iragarritako prozesua kritikatu dute, soilik ehun langileen iritzia jasoko duelako.

Gogoratu dutenez, «Osakidetzan 37.000 langile baino gehiago gara eta, beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk askoz ere kopuru handiagoa izan behar du, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatzen dituena».