Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Emakumeok Gerraren Aurkako ekimeneko kideek, aurrekontuak onartuko diren egun horretan hiru aldarri helarazteko.
«Euskal aurrekontu publikoetako euro bakar batek ere ezin izango du zuzenean edo zeharka erabilera militarreko edozein elementu fabrikatzen duten industriak finantzatu, ez eta aplikazio militarreko I+G edo I+G+B proiektuak finantzatu ere», esijitu dute.
Bigarren eskaera hau erantsi dute: diru horiek eta industria militarra bera «gizarte-onurako industria zibiletara bihurtzeko proiektuetara bideratzea, gerra inbertitzeari utziz».
Eta horiekin batera, «Eusko Jaurlaritzaren eta euskal armagintzaren arteko edozein akordio baliogabetzea» aldarrikatzen dute Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideek.
«Gizateria astintzen duen gaitzik handiena dira gerrak eta segurtasuna eskalada militarrean datzan ideiak pertsonen eta herrien arteko harremanen kontzepzio bortitzean ditu bere erroak», nabarmendu dute elkarretaratzean.
Horren aurrean, berdintasunean eta zaintzan oinarritutako gizartea defendatu dute. «Eta guretzat etikoki jasanezina den muga bat dago –sakondu dute–; euskal industria militarra diru publikoarekin finantzatzea. Horrek heriotzen eta suntsipenen konplize bihurtzen gaitu».