Elbira Zipitriak andereño ugari formatu zituen frankismoan, ezkutuan

Arrisku guztien gainetik bere etxean haurrei euskaraz eskolak ezkutuan emateaz gain, Elbira Zipitriak andereño gazteak formatu zituen Donostian nork bere etxetik ikastola klandestinoen sarea handitu zezan. 40 urte beteko dira hil zenetik eta 80 lehen ikastola hura martxan jarri zuenetik.

Elbira Zipitria bere ikasleekin, argazki ezagunenetakoa den irudian. Gaztelurako bidean doa haurrekin, 1954ko uztailaren 15ean. Argazki originala da esku artean duguna.
Elbira Zipitria bere ikasleekin, argazki ezagunenetakoa den irudian. Gaztelurako bidean doa haurrekin, 1954ko uztailaren 15ean. Argazki originala da esku artean duguna. (Andoni ZINKUNEGI)

Itzalean lan egin zuen, eta iluntasunean argia piztu zuen. Esnatu zituen haurren adimenak eta elikatu zituen haien jakin-minak. Bidelagun izatera deitu zituen frankismoaren lehen urrats haietan Donostiako Irakasle Eskolatik, titulua jaso berritan, atera ziren zenbait emakume. Haiek ere ausartak, adoretsuak. Eta beren ogibideari emanak. Aberriari ere bai, Euskal Herriari; eta gure hizkuntzari, euskarari. Zigor eta debekuen gainetik.

Urte askoren ondoren ailegatzen ari zaio aitormen publikoa Elbira Zipitria (Zumaia, 1906- Donostia, 1982) andereñoari, hala uste dute bere albokoak izan ziren irakasle eta ikasle askok. “Andereñoen andereño” izan zela diote ezagutu zutenek, bere metodologia aurreratzailea zelako, apurtzailea, ezberdina. «Inoiz lehenago inon ez ikusia» irakatsi zuen emakume adoretsu honek diktadurak muineraino hartua zuen hezkuntza sistema baten baitan.

Ikastola klandestinoa ireki zuen Donostiako Alde Zaharrean, ia betidanik Fermin Calbeton kalean bizileku izan zuen etxebizitzan. Hor sustraitu aurretik, ordea, ibilia zen hiriburuko beste etxe batzuetan eskolak ematen. Noski, euskaraz. Noski, ezkutuan, begirada susmagarrietan susmorik ez pizteko.

Zumaian sortua, ahizpa bat zuen, Maria; eta anaia bat, Jorge. Lehenengoa moja zen, eta Marseillan bizi zen. Bigarrena artista, margolaria, tunante bizimodua zuen eta han-hemen ibiltzen zen, antza, Elbiraren disgusturako. Aita hargina zuen eta haren lan arrazoiak tarteko jaioterria utzi eta Lazkaon denboralditxo bat egin ondoren gurasoekin eta anai-arrebekin Donostiara lekualdatu zen, 26. atarira. Bigarren solairuko A atean instalatu ziren, eta han bertan hil zen 76 urterekin Gabonen biharamunean, abenduaren 26an. 1982. urtea zen.

Bi egunen buruan 40 urte beteko dira zendu zenetik, eta 80 lehenengo ikastola klandestinoa martxan jarri zuenetik. Bere izena du EHU/UPVko eraikin batek Donostian, eta Santa Maria parrokiaren alde batetik igarotzen den pasabide batek, gaztelurako bidean, bere izena du. Quebecen katedra batek Elbira Zipitria du izena eta berriki, Gipuzkoako Aldundiak bere patio nagusiaren erdi-erdian jarri du Lurdes Umerez egilearen eskultura ederra. Eta bitxia da, baina hain justu Gipuzkoako Aldundiaren beka bati esker egin ahal izan zituen maistra izateko ikasketak Zipitriak.

Emakume aitzindaria izan zen, gai izan zelako garaiari aurrea hartzeko hezkuntza berritzailea praktikatuz. Oso abertzalea zen, sutsua, eta EAJren Emakume Abertzaleen Batzako militante aktiboa izan zen. Baita ere kristau fededun zorrotza. Erlijioa eta politika iparrorratz, bi zituen kezka nagusiak: aberria eta euskara. Horiek bai kendu zioten loa sarri.

Andereño batzuei formakuntza eman zien berekin praktikak eginez, bere etxean. Batez beste urtebeteko epean transmititzen zien metodologia bat eta besteek detaile bakoitza xurgatzen zuten, dena koadernoetan jasoaz. Helburua, haiek ondoren beste auzo eta herrietan, nork bere etxean, beste hainbeste egitea zen, ikastolen sarea handitu eta indartzeko. Zentsurak zentsura.

Klandestinitatetik publikotasunera jauzia eman eta ikastolen sorreran lehen ilaran parte hartu zuen Elbira Zipitriak, eta paradoxikoki hura izan zen bere gainbehera. Donostiako Alde Zaharrean Orixe ikastola sortu zuen, eta hantxe hartu zuen erretiroa urte batzuk geroxeago, 1971n.

Andereñoen andereño

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938) andereñoak bere alboan eman zituen hamalau urte. Urteak joan, urteak etorri, garbitasun harrigarriaz oroitzen ditu detaileak, keinuak eta anekdotak. Besteen ahotsen bidez hurbilduko gara Elbirarengana, haren figura itzaletik argitara eramateko asmoz.

Donostiako Ategorrietan irakasle ikasketak egiten ari zela aldatu zen Mitxelenaren patua. Oroitzen duenez, egun batean Jone Forcada izeneko emakume bat bertaratu zen, eta han euskaldunik ba ote zegoen galdetu zuen. «Eta ni neu suertatu nintzen», oroitzen du. «Donostiako kaian ikastola bat zuen Jonek, baina ezkondu egin zen eta utzi egin behar zuela esan zidan. Ondorengo bat behar zuen ilunabarretan eskola frantsesera joaten ziren haur batzuk euskararekin trebatzeko. Lau ume ziren, oso ondo gogoratzen ditut. Bi anaia eta bi anai-arreba ziren. Eta horrela hasi nintzen, 1956an, Jonek alokatuta zuen lokal hartan».

Jonek Mari Karmen Elbirarengana eraman zuen ondoren. «Izugarrizko poza hartu zuen, Magisteritza egiten zebilen jendea behar zuelako, irakasle beharra zegoen. Beti jartzen zuen baldintza bat: titulazioa. 'Tituluak ez du asko ematen, baina beharrezkoa da', esan ohi zuen». Urtebetez bere alboan praktikak eskaini zizkion, eta gogoa bazuen ekiteko, baina gurasoek zer esango ote zuten beldur zen. Azkenean konbentzitu zituen, eta ikasketak amaitu bezain pronto hasi zen. «Nik ideiarik ere ez nuen ikastola klandestinoak zeudenik ere! Ezta nire gurasoek ere, jakina. Gu Usurbilekoak ginen, eta eskolak erdaraz jasotzen bagenituen ere, andereñoa abertzalea zen, eta euskara kalean ez genuen debekatuta. Hori izan zen ezberdintasuna herri txikien eta hiriaren artean».

Mari Karmen Mitxelena andereñoa, bere etxean. (Jon URBE / FOKU)

«Oso emakume azkarra eta bizkorra zen, beti zebilen ikasten», gogoratzen du. Gerra garaian ihes egin zuen Sarara, eta 1936 eta 1942 urte artean labaiendarren etxean babestu zen. Itzuli zenean jarri zuen martxan lehen ikastola, baina erbestean egon zen aldian ez zion ikasteari utzi. «Pedagogia aurrerakoienetatik edan zuen, beti zegoen ikasteko prest, belarriak zorrotz. Montessori, Piaget, Freinet, Decroly… horiek metodologiak ziren, eta horregatik esaten zuen berak ez zuela ezer asmatu, ekarri eta egokitu egin zituela gurera, eta euskaratu gure nortasuna emanez. Elbirak esan ohi zuen hori zela bere meritua, ez ezer asmatzea», ekarri du gogora.

Mitxelenak hamalau urte partekatu zituen Elbiraren ondoan. Urtebeteko praktikak amaituta, gero berak beste hainbeste egin zuen beste etxe batzuetan, hazia zabalduz. Bazuen metodologia eta ezagutza. Hegan egiteko prest zegoen. Bidean gurutzatu zen orduan Kontxita Beitia (Pasai Antxo, 1940).

Donostiako Zurriola ikastolako sortzaileari tankerako zerbait gertatu zitzaion. Diktadurak ezarrita zuen jazarpena zela medio, jaiotzaz zuen euskara galdu zuen pasaitarrak, baina Elbirarentzat hura ez zen salbaezina. Urtasun abizena zuen gizon batek bere aitari eskaini zion alabak «ikastola batean» praktikak egiteko aukera. «Baina nola ikastola? Nola da posible hori? Eta non dago?», galdetu omen zion aitak gizon hari.

«Guk uste genuen Urtasun hau ez zela abertzalea, baina inprudentzia puntu batekin gure aitari egin zion eskaintza horri esker jakin genuen bera, gu bezala, euskalduna zela. Antza, 5 urteko alaba eramaten zuen egunero 'ikastola batera'. Bai, Elbiraren ikastolaz ari zen», oroitzen du Beitiak. «Urtasunek esan zidan Elbirak erakutsiko zidala euskaraz, berreskuratuko nuela, izan ere, bera ostegunero joaten zela gau eskolara. Nire aitak ezagutzen zuen Elbira, mitinlari izugarria zelako. Hala, bideragarria eta fidagarria iruditu zitzaion emakume hura, eta aitaren oniritziarekin joan nintzen amak eta anaiak lagunduta Elbira ezagutzera».

Ikusi zuen lehen aldiaz ere primeran gogoratzen da Beitia. «Oso emakume txikia zen, eta ile zuria moño batean jasoa zuen. Oso txukun jantzita zegoen. Bere etxera igo ginen, eta galdeketa bat egin zidan.

-Nola duzu izena?

-Kontxita.

-Eta zenbat urte dituzu?

Ez nekien ezer gehiago erantzuten, ezer ez. Ulertzen nion pixka bat baina… «euskeraz ikasi nahi det, baina dena ahaztu det», esan nion.

-Zenbat denbora ahaztu duzula?

-Erabat-erabat ia bi urte bai.

-A! Ez da ezer! Bi urte ditugu berreskuratzeko.

«Halaxe izan zen nire lehen hartu-emana Elbirarekin. Batzuek diote ez bazinen euskalduna ez zintuela hartzen, baina berak nahi zuena zen magisteritza titulua izatea, gero ‘konponketak’ egingo zituela esaten zuen. Abertzaletasuna ere itzalita nuela aitortu nion, eta hori ere atonduko genuela esan zidan», kontatu du.

Beitiaren iritziz, Elbirak berarengan «aukera erreal bat» ikusi zuen ikastola klandestinoen sarea zabaltzeko. Ordurako, Mitxelenak amaituak zituen praktikak, eta bere ikastola propioa sortua zuen. Pasaiakoa izateak, gainera, herrietara hedatzeko aukera ematen zuen. «Utopia hutsa zen, baina asmo horrekin ekin nion, ardura eta konpromiso handiz».

Abertzale sentitzen ez zela aitortzean, lehen solasaldiaren ondoren, liburu bat eman zion. «‘Irakurri eta gustuko bazaizu, segi; ez bazaizu gustatzen, utzi. Eta ondoren esadazu hasi nahi duzun nirekin edo ez’. Luis de Elizaldek idatzitakoa zen, ‘Landibar’ zuen izena. Gerra garaiko abertzale eta ez-abertzale baten arteko amodioa kontatzen zuen. Astebetean amaitu nuen, eta Elbirari baiezkoa eman nion. Hitza eman eta hitza bete nuen. Euskaran trebatu nintzen eta berreskuratu nuen. Eta handik urte gutxi batzuetara nik nire ikastola jarri nuen martxan, nire herrian hasieran eta Donostian gero. Esan dezaket Elbira izan dela nire bizitzan mugarri bat, ordura arte eta aurrerantzean bizi izan nuenaren artean», dio hunkituta Beitiak. Irribarre handi bat marraztu zaio ezpainetan.

Arrazoinamenduaren bidez

Biek ala biek bat egiten dute metodologia erabat aurrerakoiaz mintzatzen direnean. Irakasle Eskolan ikasitakoak ez zuen «ezertarako» balio ez zuelako antzik Elbiraren moduekin. «Fakultatean egiten zena ehun urte atzera egiten zen gauza bera zen, eta Elbirak, ordea, bazuen bere bide propioa. Berea eskola bizia zen. Hauxe esaten zuen: haurrak hezi behar dira dakitenetik. Apur bat bada, apur horretatik, eta pixkanaka pittin bat gehiago eman, eta pittin bat gehiago… eraikitzen joan. Horri deitzen zaio irakaskuntza eraikitzailea», dio Mitxelenak.

Txikitik handira egiten zuen, gainera, edozein zela materia. Gertukoa ulergarriagoa zelakoan, ezaguna delako. «Gurekin tematzen ziren munduko ibaiak, lakuak eta mendi tontorrak irakasten, eta berak, ordea, irakasten zuen aurrena non zeuden Urumea, Oria, Bidasoa… eta non jaiotzen ziren. Urgull, Igeldo, Ulia… ingurutik abiatzen zen beti, ikusten eta ezagutzen genuenetik», dio bestetik Beitiak.

Elbirarekin «dena» zen ezberdina, hala diote bi andereñoek. «Gauza guztiak arrazoinamenduaren bidez azaltzen zituen, eta ezer baino lehen zergatiak ematen zituen. Eta umeren batek ulertzen ez bazuen, beti-beti bilatzen zituen bideak eta moduak ulertu zezan. Horretan oso tematua zen, eta denek ulertu arte horretan segitzen zuen».

Kontxita Beitiak euskara erabat galdu zuen frankismoan eta Zipitriari esker berreskuratu zuen. Zurriola ikastolako sortzaileetako bat izan zen. (Jon URBE / FOKU)

Zorrotzaz gain umeekin oso goxoa ez zela dioten ahotsak badauden arren, umeek eta haien heziketak kezkatzen zuten, eta Elbira beti zegoen metodologia hobetzeko saiakerak egiten. «Oso dedikatua zegoen neska-mutikoei, dena ahalik eta hoberen ulertzeko ahalegintzen. Eta berak bere moduak erdietsi zituen. Adibidez, matematiketan taulak ez genituen ohi bezala irakasten. Bi lauko eta lau biko gauza bera ez zirela ikusarazi nahi izaten zuen. Bi lauko dira lau eta lau; eta lau biko dira bi, eta bi, bi eta bi. Emaitza berdina izango dute, zortzi, baino ez zaizu berdin irudituko bi goxoki jasotzea edo lau, ez da hala?», azaldu du Mitxelenak.

«Eskola bizia» aipatu dute, eta akaso hori da Elbiraren metodoaren deskribapenik fidelena. Inguruaz baliatzen zen irakasteko, sinistuta egunerokoan zeudela egoera onenak matematikan edo idazketan aplikatzeko. «Santa Barbarara, Hernanira, joaten ginen baratzeak ikustera, eta baserritarrek erakusten zizkiguten lekak, babarrunak eta tomateak, edo Bretxara egiten genituen maiz bisitak, baserritarren postuetara. Kaira ere usu joaten ginen, izan ere, ikasle askoren aitak edo aitonak arrantzaleak ziren eta aurretik bagenekien txalupak noiz ailegatuko ziren kargarekin. Eta bertatik bertara ikusten genituen bokartak, txipiroiak, antxoak, berdelak, sardinak… ‘Galdetu aitari zenbat kilo berdel ekarri duten, eta zenbatean saldu duten kiloa kofradian’. Eta datu horiekin egiten genituen gero ariketak eta idazlanak», oroitzen du.

Gaztelura ostegunero egiten zuten irteera, eguraldia alde bazegoen. Han, naturan, beti zegoen zer ikasi. Hosto bilketa egiten zen, politena bilatzeko, eta denek ezberdinak behar zuten izan. Edo gaztainak, hurrak, intxaurrak biltzen zituzten… Maldan gora, gaur egun bere izena duen pasabidean, Garizuma garaian otoitz egitera sartzen zituen umeak Santa Teresara, Ama Birjinari eskatzera. «Baina beti Euskal Herriaren alde eskatzen zuen. Ez zuen ‘Aita gurea’ esaten, baizik eta abesten zuen: ‘Mikel, Mikel, Mikel gurea, zaindu, zaindu Euskal Herria…’».

«Oso-oso emakume fededuna zen, erlijioak presentzia handia zuen, erabatekoa. Zuzena zen, baina aldi berean modernoa zen. Ez nuke esango tradizionalista zenik. Aberria eta erlijioa ziren bere bi zutabeak, baina kristautasuna ez zen espainiarra. Bere lagunak ziren Orixe, Barandiaran…». Mitxelenak zein Beitiak ez dute aipatu gabe utzi nahi Zipitriaren feminismoa, eta emakumeari ematen zion lekua eta zilegitasuna. Bere lekua emateko borrokatzen zen. «Oso feminista zen. ‘Feminista’ hitzak orduan oso konnotazio txarrak zituen eta ez genion hala esaten, baina bagenekien hala zela», dio Beitiak. Familia defendatzen zuen, eta bereziki ama. «Ez zuen zapalkuntzarik onartzen».

Testuinguru politiko haren baitan, non hezkuntzan neskak eta mutilak banantzen ziren, Elbirak horri muzin egin eta ez zuen banaketarik aplikatzen, ikasleen adinekin egin ez zuen bezala. «Neskek eta mutilek espazio bera konpartitzen zuten, eta ez zuen inolako diferentziarik egiten, gauzak berdin-berdin agintzen zizkien, dena zen berdina denentzat», dio Mitxelenak. «Heziketa bertsua zuen denentzat, bera barne; hala, denak lurrean esertzen ziren. Inportantea ez zen gertutasuna bakarrik, baizik eta berdintasuna». Hori da gakoa. «Ikasturte hasieran haurrek jostailu bat eraman behar izaten zuten, eta han biltzen ziren panpinekin esaten zien mutilei: ‘Hartu panpinak eta eman biberoia. Horrela ikasiko duzue aita onak izaten’. Pentsa, duela 75 urte baino gehiagoko kontuak dira…».

Aldaketaren ondorioak

Azkenera arte iraun zuten klandestinitatean eskolak euskaraz ematen, eta polizia atzetik izatea gauza normala zen. Hori gertatzen zenean, umeak ezkutatu egiten zituzten. Baina garai batetik aurrera, bi andereñoek gogoratzen dutenez, eskolatze kartillak eskatzen hasi ziren. Gobernadoreak atera zuen dekretu bidez neurria, eta legeztatzeko epe bat zabaldu zen. Bederatzi urterekin derrigorrezkoa zen ikastetxeetan matrikulatzea. Jakina, sistematik at egonda, zaila zuten kartilla horiek lortzea, eta beste zentroetan zituen kontaktu eta harreman onei esker lortu zituen asko Mitxelenak, umeak hezkuntza sistema legeztatuan sar zitezen. «Trikimailuekin ibili ginen».

Hala, ikastola gehienak auzoetako parrokiei lotuak sortu ahal izan ziren, baina hor ere euskara debekatuta zegoen. Alde Zaharreko kasuan, Santa Mariari atxikita, gurasoek Asociacion Recreativa Cultural Orixe sortu zuten, zeinaren zeregin nagusia ikastola bultzatzea zen.

Irekitzeko baimena eskatuta zegoen, baina baldintza minimo batzuk eskatu zitzaizkien, hala nola Santa Teresako bidexkan hartutako lokal «ilun, heze eta zikina» txukuntzea. Arratoiak ere ibiltzen ziren. 1968. urtean, gurasoek nork bere poltsikotik «diru pila bat» jarri zuten, eta gero abalak eskatu zituzten. «700.000 pezetako mailegua atera zuten. Orduan izugarria zen!». Dirua obrak egiteko erabili zuten, eta han atondu ziren «bost gela handi, ederrak». Hala ere, baimena oraindik ez zen ailegatu. «Han ere izan genituen ikuskariak. Formakuntza aldetik oso ondo prestatuak zeudela jasotzen zuten txostenetan, ‘Formacion del Espiritu Nacional’ delakoan izan ezik».

Elbira Zipitria bere ikasleekin (Andoni ZINKUNEGI)

«Etorri zitzaigun behin Santa Teresako zuloetara ikuskaria, eta justu sartu zen aurreneko gelan, nire gelan -dio Mitxelenak-. Aztertu zituen haurrak, eta mila galdera egiten hasi zen. Matematika, geografia, hizkuntza… denetik! Eta halako batean hartu zuen mutiko bat, 8 bat urte zituena, eta esan zion:

-¿Cómo te llamas?

-Jon…

-¿Cómo te llamas?

-Jon…

-¡¿Cómo te llamas?!

-¡Juan!

Mutil koxkorra hirugarrenean jabetu zen zer esan nahi zion gizon hark. Gizajoa!

-¿Cual es tu patria?

-Euskadi.

-¿Conoces alguna bandera?

-Sí.

-¿Cual?

-La ikurriña.

-¿Qué colores tiene?

-Blanco, rojo y verde.

-¿Quién es Franco?

-Un hombre.

-¿Conoces el escudo de España?

-No…

«‘Akabo gure ikastola eta akabo euskara!’ pentsatu nuen. Hurrengo egunean Elbiraren gelan sartu zen. Zenbat negar egin genuen arratsalde hartan… gure burua Martutenen ikusi genuen!».

Erretiroa eta heriotza

Beitiak eta Mitxelenak uste dute hortxe hasi zela, pixkanaka, Elbiraren gainbehera. Ez zuen ondo asimilatu aldaketa, etxetik atera eta eraikin batean sartzea, hamarnako taldeak izatetik, 30 ikasle izatera. Aldaketa oso handia izan zen. «Nik uste dut berak ez zuela hori amesten, eta beldurra zuela aldaketak egindako lan guztia baliogabetuko ote zuen. Beldurra ez zen metodoarekiko, hori transmititu zigulako eta guk aldi berean aplikatu eta egokitu genuelako nork berean, baizik euskararekiko», uste du Beitiak.

Hor kokatzen dituzte euskara batuaren sorrerak eman zizkion minak eta disgustuak, eta zeresanik ez "h"-aren aplikazioak. «Elbirak munduko hizkuntza asko aztertu zituen, eta esaten zuen beste guztietan gauzak errazten saiatzen ari ziren bitartean, hemen alderantziz ari ginela. ‘Iparraldean bai, ahoskatzen dutelako, baina hemen ez!’, aldarrikatzen zuen. Ene! zenbat buelta eman zizkion horri!», kontatu du Mitxelenak.

Orixen hiru urte eginda, 1971. urtean hartu zuen erretiroa Zipitriak. Baina ez pentsiorik, ez bestelako diru sarrerarik ez zuen. «Klaseak ematen zituenean, 150 pezeta kobratzen zituen hilabetean familia bakoitzeko, euro bat baino gutxiago da hori. Xoxik ez zuen», dio Beitiak. Baina bazuen maite zuen jendea inguruan, lagunak, ikasle ohiak eta haien gurasoak. «Denon artean zaindu genuen». Mari Karmen Mitxelenari honek arreta handia ematen dio oraindik gaur egun, nola besteei emana zen erabat, eta ahaztu zuen bere burua. «Hain zen azkarra eta berezia, kozinatzeko kontuei-eta ez zien inongo inportantziarik ematen. Zenbat aldiz ez ote zen kafesne bat hartu eta ohera joango! Nik uste dut bere osasuna ahultzen joan zela».

Heriotzaren egunetik 40 urte igaro dira eta urteurrenak ufada berri bat ekarri dio Elbira Zipitriaren bizitzari eta pentsamoldeari. Bidegilea izan zen emakume hari orain ari zaizkio heltzen aitormenak eta errekonozimenduak, bereziki estamentu publikoetatik. «Ez zen omenaldi zalea, berak jakingo balu zertan ari garen! Baina ondo ari gara, dagokion lekua ematen. Batzuei kosta zaie, eta isilune bat egon da, luzea; ordea, behar da jakin eta behar da esan ikastolak emakumeok sortu eta atera genituela aurrera», aldarrikatu du Mitxelenak.

AMAMA ESKOLASTIKAREN ALBOAN LURPERATU ZUTEN, BERAK ESKATU BEZALA

Elbira Zipitriak, Zumaian jaio arren, bizitza osoa Donostian eman zuen. Halere, ez zen euskararen hirian lurperatua izan. Istorio polita dago zergatiaren atzean:

«Elbiraren etxetik jende asko pasatzen zen solastatzera, berriketara, debatitzera. Politikaz, erlijioaz, hizkuntzaz, aberriaz… garai zailak ziren, eta Elbirak ez zuen gaurkotasunaren haria galtzen», oroitzen du Mari Karmen Mitxelenak. Josu Arenaza sendagilea zen, eta tarteka egiten zion bisita Fermin Calbetoneko etxebizitzara. Harekin batera joaten omen zen Gotzon Garitaonandia, Mañuko abade gaztea, eta lagunak egin ziren. «Horregatik, Elbira asko joaten zen Mañura eta bisita bakoitzean familia baten baserrian egiten zuen egonaldia. Halaxe ezagutu zuen amama Eskolastika», oroitzen du.

Emakume honek asko omen zekien Euskal Herriaz eta kondairez, eta Zipitriak adi-adi entzuten zituen bere istorioak. «Orduak eta orduak ematen zituzten hizketan mitologiaz, kondairez, bitxikeriez. Oso emakume jakintsua zen, ‘Bizkaiko amama’ deitzen zioten, eta 106 urterekin hil zen». Izugarri maite zuten elkar eta, hil aurretik, lagun minei argi utzi zigun bere borondatea: Mañun izan nahi zuela hilobiratua, amama Eskolastikaren ondoan. Eta halaxe egin genuen», gogoratzen du Mitxelenak.