Lehendabiziko aldiz saioko 7 aurkezleek batera gidatu zuten 500. Bigaren Kafea. Eszenografia bitxia zen, arraiak atzean bueltaka, aurrean aurkezleak mahai batean ilaran jarrita eta zuzeneko banda eskuinaldean. Bai, kategoriako late showetan bezala zuzeneko banda izan zuen Bigarren Kafeak bere 500. saioan.
Publikoan lagunak, kolaboratzaile ohiak eta egun jarraitzen dutenak, eta entzule ugari. Abenduaren 26koak izan zuen festa kutxu bat, poz konpartitu bat eta zuzeneko musikak horretan laguntzen zuen, asko gainera. Txaloak, irri algarak eta zozketetan bai ala bai zerbait irabazi nahi zuenik bazen han.
500.na fidel izan zen ohiko estiloari, edukiari, baliabide teknologikoei. Noski, gonbidatu gehienak aurrez-aurre egon ziren Aquariumean. Esan daiteke omenaldi gisako bat izan zela, astero-astero kolaboratzaile diren lagunak, eta izandakoak konpartitu baitzuten oholtza.
Saioa 'maite ditut'-ekin hasi zen, nola bestela! Eta erabat nostalgiko jarri gabe bakoitzaren hastapenak gogoratuz abiatu zen saioa. Hastapen horietako parte diren Dona Apellaniz psikologoa eta Maria Romero Laspiur moda diseinatzailea izan ziren lehenengo gonbidatuak. Bikotea hirukote bihurtu zuen Iker Laurobak. Astero egiten zituen ‘Politikantuz’ tarteko kantuak gogoratzerakoan irri dezente entzun zen publikoan. Arrakastatsuenak, dudarik gabe, EHBilduko Oskar Matuteri eskainitakoa «Oskar Matute, zure oro da bertute. Dialektika dekozu borroka armatute...», edo «Covida Ezpañan» pasodoblea. Kantura ere animatu zen Lauroba eta ‘Udaberria’ abestu zuen, ongi akonpainatuta, Gartxot Unsainekin.
Ondoren etorri zen Harkaitz Canoren txanda. Bera ez da ohiko kolaboratzailea, baina azken aldian lehengusu txiki bihurtu da Bigarren Kafeako familian eta zer den konfiantza, akatu ere egin dutela Cano. Ez dadila inor asaldatu, fikzioan hil zuten, LabankaDA! irrati fikzioan zehatzagoak bagara. «Lan ederrak izan nituen hori dena etxean azaltzen» esan zuen idazleak. Portzierto, bertan zegoen publikoan Uxue Razkin podcastaren gidoigileetako bat. Orain badakigu gehienez ere 18 proiektu dituela martxan Harkaitz Canok, XIX. mendeko mueble bat badu bi kaxoi zutabetan banatua, bederatzina kaxoi alde bakoitzean, eta kaxoi bakoitzean proiektu bat. Bat bukatu ahala lekua egiten dio hurrengoari.
Aquariumetik ere bideodei bidez egin ziren konexio batzuk: Aita Mari salbamendu ontziko Izaskun Arriaranek parte hartu zuen saioan, eta baita Iruñe Astizek ere. Twitch plataforman hamar orduko zuzeneko maratoia egiten ari zela konektatu zuten @arkkuso-rekin, publikoa irriz hasi zen nafarrak aitortu zuenean maratoia atzerapenarekin hasia zuela gainadun kafea teklatu gainera erori zitzaiolako.
Omenaldi gehiago izan ziren saioan, Amaia Rosende, Fariba Sheikhan eta Iñaki Lasa. Hirurak Bigarren Kafe-ko aurlezke izandakoak. Kazetarion sekretuetaz aritu ziren, astroak eta horoskopoa, astelehenetako afoniak, eta elkarrizketatuen azken orduko kalabazen arrazoi posibleak izan zituzten hizpide.
Zuzeneko musikak protagonismo handia izan zuen saio osoan, ederki aritu ziren baterian Mikel Urretagoiena, baxuan Julen Barandiaren ‘Txiki’, saxo tenorean Aitor Zorzano eta gitarra elektrikoan Ander Zubillaga. Bukatzeko ere, musika izan zen protagonista, ‘Kafea ala Liburua’ kantuarekin eman zioten amaiera saioari. Saiatu ziren Jabier Muguruza (kantuaren egilea) Aquariumera eramaten, baina ezin izan zuen etorri eta, beste behin, erakutsi zuten mikrofono aitzinean abilak eta polifazetikoak direla Bigarren Kafekoak. Iñigo Asensiok bertsionatu zuen kantua eta Maialen Tellabide gehitu zen zuzeneko bandara azken kantu honetarako.
Bigarren Kafea magazineko urteko azken saioa izan da 500.na. Urteko bereziena ezbairik gabe. 1000.era iristeko bidea ederra izan dadila!