Amets egitea doan da eta Saski Baskoniak amets egiteko aukera oparitu die 2022 xelebre honi amaiera emateko Euroligari dagiokionez. Denboraldi hasierako kinieletan talde gasteiztarra bizpahiru talde txarrenen artean kokatzen zen eta orain, Euroligako denboraldia erdira iristear dela, hirugarren postuan dago, Fenerbahçe eta Real Madrilen atzetik, baina hauekin biekin ez ezik, Bartzelkona eta AS Monakorekin 10-5 balantzeaz berdinduta, azaroaren 25az geroztik partida bat galtzea zer den ez dakiela. Ametsa bada, inork ez dezala Baskonia zalea esnatu; errealitatea bada, beste behin Dusko Ivanovicek arrazoi: errealitatea ametsik goxoena baino politagoa da.
Esan gabe doa Baskoniak partida irabaztea ezisbestean bete beharreko pausoa izango litzatekeela gasteiztarrek Euroligako aurreneko postua lortzeko, baina horrez gain, AS Monakok –Baskoniak 19.00etan jokatzen badu ostegunean, Monakok 21.00etan du hitzordua Zalgirisen aurka–, Bartzelonak –Dusko Ivanovic, Vildoza eta Campazzoren Izar Gorriaren kantxan jokatuko du ostiralean 19.00etan– edo Fenerbahçek –Virtusen kantxa dauka Dmitris Itoudisen taldeak hitzordua ostiralean, 20.30etan hasita– ere hobe luketela galtzea.
Kontua, alabaina, egun konkretu batez Euroligako lider izatea baino haratago doa. Ez dira gutxi dagoeneko Kaunasen jokatu behar den Lauko Finaleko sarrerak eta ostatua hartzea pentsatzen ari direnak; egia da maiatza oraindik tokitan dagoela eta bidean zernahi jazo litekeela, baina hain urte petrala nolabait gainditu eta gero, Gasteizen Saski Baskoniak berriz ere ilusioa sortu du, eta ilusio horretaz gozatzea nahi du.
Aurrez aurre, bestalde, ez dago aurkari hoberik Real Madril gorrotatua baino. Aurten ACB Ligan, artean Pierria Henry Gasteiza itzuliko zela inork ere ez zekielarik –madrildarrei irabazi osteko prentsaurrean eman zuen aditzera Joan Peñarroya entrenatzaileak, «txirene» ukitu xelebre batekin amaituz kazetarien aurreko saioa–, Saski Baskoniak 88-82 irabazi zuen, nahiz eta Markus Howardek ez jokatu, Olympiacosen aurka belaunean min hartu berri zegoelako. Egun hartan Daulton Hommes nabarmendu zen, 24 punturekin.
Ostegun arratsaldean, berriz, Pierria Henry eta Markus Howard biak izango dira. Virtus Boloniaren aurka kolpe baten erruz bizkarrean min hartu zuelako, Peñarroyak ez zizkion sei minutu baino gehiago eman eta asteartean, berriz, ACB Ligako partida Lugon jokatzeko deialditik at laga zuen eskolta estatubatuarra, nahiz eta jokalariak taldearekin bidaiatu.
Ez zituen lan errazak izan Saski Baskoniak Lugon 77-86 gailentzeko, Howarden faltaz gain bi falta tekniko adierazi eta gero, epaileek Vanja Marinkovic egotzi baitzuten. Alabaina, ondotxo izerdi gehiago bota behar izan zuen Real Madrilek. Chus Mateorenekm 80-85 irabazi zioten Surne Bilbao Basketi Miribillan, eta egiari zor, ia azken segundura arte partida zeinek eramango airean izan zen, Bilbao Basketek bere etxea –leporaino beteta hau ere, 10.014 ikuslerekin– azkeneraino defendatu zuelako. Azkenean gertatu behar duena gertatuko da, baina nekez pentsa liteke gasteiztarrek antzeko jarrerarik ez dutela erakutsiko ostegun arratsaldean.
Egitaraua
Sasoian ibiltzeko gomendioa egin du Saski Baskoniak bere sare sozialen bidez. Leporaino, alegia, 15.544 jarlekuak beterik izango direla aurreikusten da eta Unicajaren aurka ACB Ligako estrainekoa jokatzerakoan pabiloira iristeko makina batek izan zituen komeriak ahal dela ez errepikatzea nahiko luke klubak modu honetan.
Hargatik, zentzuzko aholkuak eskaintzeaz gain TUVISA Gasteizko Udaleko autobus zerbitzua ere indartu egingo omen da, 17.30etatik aurrera Europa eraikinetik eta Santiagoko ospitaletik.
Bestalde, 16.30etatik aurrera zale guztiak BAKHeko sarreran dagoen Fan Zone-ra hurbildu ahal izango dira. Bi orduz, janari eta edari barrak prest izango dira, taldea animatu aurretik indarrak hartzeko, eta itxaronaldia atseginagoa egingo duten entretenimendu jarduera ezberdinak egongo dira ere.
17.30etan, berriz, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago, Buesa Arenako ateak irekiko dira zale guztiei harrera egiteko. Pabiloiko 12 dorreetako ateak prestatuko dira, zale guztien sarrera eta fluxua errazteko. Gainera, Zurbanoko pabiloia argiz beteko da berriro, LED eskumuturrekoekin giro magikoa sortuz, eserleku guztietan aurkitu ahal izango baitira.
Real Madrilen aurkeztu ondoren, Tayra Taylor gasteiztarrak lehen aldiz joko du Buesa Arenan eta denboraldiko ekitaldi garrantzitsuenetako bati hasiera emango dio. Atsedenaldian, telesail ezagun berri baterako kantua konposatu duen Dieggi artistak bere lehen albumeko kantu zenbait eskainiko ditu.
Partida bukatutakoan, DJ Canynek Carlos Jean-en emanaldia baino lehen saio bat eskainiko du eta ostean aipatu Carlos Jean berak amaiera bikaina emango dio gauari.
Kostako da, beraz, auto eta jende pilaketarik saihestea, berdin sartzeko nola irteteko. Baskoniak amets egiteko eskubidea bere egin baitu segidan hamar partida irabazita, eta are amets goxoagoa litzateke baldin eta Real Madrilen aurka hamaikagarren garaipena kateatu eta 2022 urtea Euroligako lider amaituz gero. Eta noski, hori mundu guztiak ikusi nahi du.