NAIZ

Lannemezango presondegian ekitaldia egin du Xuti Gaztek, presoei elkartasuna adierazteko

Xuti Gazte dinamikak ekitaldia egin du Lannemezango kartzelan, bertan dauden euskal preso politikoen askatasuna eskatu eta elkartasuna adierazteko. Hamarka gaztek hartu dute parte, dinamikak jakitera eman duenez.

Ekitaldia egin du Xuti Gazte dinamikak Lannemezango espetxean.
Ekitaldia egin du Xuti Gazte dinamikak Lannemezango espetxean. (Xuti Gazte)

Hamarka gaztek Ipar Euskal Herritik Lannemezanerako bidea egin dute ostegun honetan, Xuti Gazte dinamikak deitutako ekitaldian parte hartzeko. Bertan «preso diren hamaika euskal preso politikoei eta bisitan diren haien senideei gure elkartasuna adierazteko» antolatu dute ekitaldia, ohar batean azaldu dutenez. Izan ere, Eguberri inguruan etxe askotan jai giroa nabaritzen den honetan, «Euskal Herriko etxe gehiegitan kadira bat hutsik da oraino».

Azpimarratu dute gazteek ez dutela borroka armatua haien egunerokoan kasik ezagutu, baina hura bukatu zenetik hamaika urte igaro badira ere, oraindik gatazkaren ondorioak konpondu gabe daudela salatu dute. «173 preso, bost deportatu eta hamarka iheslari eskas dira oraindik haien etxeetan, frantses eta espainiar estatuek ez dutelako egiazko bakearen aldeko engaiamendurik hartzen», gaitzetsi dute.

Xuti Gazte dinamikak beste ekimen batzuekin ere agertu die «maitasuna» eta elkartasuna presoei. Besteak beste, gutunak igorri dizkiete espetxeetan diren guztiei eta «errepresaliatu politikoen egoera jakitera emateko hitzaldi bat» antolatu dute. Izan ere, «ezinbesteko»tzat jotzen dute «Euskal Herriaren askatasunaren alde engaiatuak giren gazteok borroka honetan gure aitzinetik ibili zirenekin harremana sendotzea».

Gaur, ahotsa zein banderolak altxatuz helarazi diete maitasuna Lannemezanen preso direnei, «pareta, hesi eta barroteen bertze aldetik entzun eta ikus gaitzaten». Lehenago, omenaldia egin diete beren senide eta lagunak bisitatzera joan direnei ere: «Hamarkada luzetan sufritu duten dispertsio politika bukatzen ari bada ere, astero-astero espetxeetara etortzeak errespetua, txaloak eta maitasuna merezi baititu; hala izanen da guztiak etxean izan arte».

Halaber, ekitaldian dei egin dute datorren urtarrilaren 7an Bilbon Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzera, «karrikak bete eta espetxeak hustutzeko».