NAIZ
Donostia

Donostiako udal liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko eskaria berretsiko dute

Urtarrilaren 14an 11 urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zendu zenetik eta udal liburutegiari bere izena jartzea helburu duen herri ekimenak omenaldi eta aldarrikapen eguna antolatu du.

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena gogoratzeko ekitaldia Donostian.
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena gogoratzeko ekitaldia Donostian. (Andoni Canellada | FOKU)

Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia prestatu du urtarrilaren 14rako, Antiguan. Larunbatez, 12:00etan, bere horma-irudi handiaren aurrean, Gaskuña Plazan –Txillardegi Plaza ere deitua– bilduko dira.

«Tamalez, izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegi Udal Liburutegia izena jartzeko aldarrikapenak ez du emaitza onik izan hamarkada luze honetan, joan den urteko X. edizioa indartsua izan zen arren», adierazi dute ohar baten bidez. «Egin ditugun saio guztiak ez dira nahikoak izan Donostiako Udalak horrelako erabakia har dezan. Ikusten denez, oraingo Udal Gobernuak zein Donostiako Udal Batzarrak ez dute horretarako borondaterik, milaka donostiarrek horren aldeko nahia azaldu duten arren», gehitu dute.

Hala ere, «amorerik ez ematea» erabaki dutela nabarmendu nahi izan dute eta datorren maiatzean izango diren udal hauteskundeen ondoren osatuko den Donostiako Udal berriari, erabaki hori har dezan eskatuko diotela baieztatu dute. «Carlos Santamaria edota Koldo Mitxelena bezala, Txillardegiren izena ere Donostiako kultur paisaian presente egon dadin nahi dugulako, merezi duelako».

Jakinarazi dutenez, herri ekimenaz gain, eragile ezberdinak 2023an ere Txillardegiren figura goraipatzeko ekimenak antolatzen ari dira. Aspalditik datorren eskaerak euskal hizkuntzari eta hiriari hainbeste eman dion linguistaren izena nabarmentzeko beharra azaltzen du.