NAIZ

Barakaldoko Udalak ez dio helegiterik aurkeztuko EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari

Barakaldoko Udalak ez dio helegiterik aurkeztuko enpresa pribatuen kontratazioak egiterakoan euskara eskakizuna baliogabetzen duen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari, «legezko oinarririk» ez dagoela argudiatuta. Kontseiluak babesa helarazi dio Udalari.

EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon.
EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. (KONTSEILUA)

Euskalgintzaren Kontseiluak «oso larritzat» jo du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, zeinaren arabera Barakaldoko Udalak ezin izango dien euskara eskakizunik ezarri Udalaren zerbitzuak eskainiko dituzten enpresa pribatuetako langileei.

Kontseiluarentzat, epaiak «herritarren eskubideen urraketak betikotu ditu administrazioaren lanak kanpoko enpresa bati esleitzen zaizkion bakoitzean», eta uste du euskaraz bizi nahi duten herritarrei are oztopo gehiago jarriko zaizkiela.

Era berean, Barakaldoko Udalak enpresak kontratatzean ezarritako irizpidea txalotu egin du, enpresa pribatua izan arren zerbitzua erakunde publiko batean eskaintzen ari direlako, eta alkateari babesa ematea garrantzitsua dela uste du. Horregatik, Kontseiluko idazkari nagusia den Idurre Eskisabelek eskutitza helarazi dio.

Batetik, Udalak hartutako erabakiari babesa agertzeko xedea du gutunak, herritarrak administrazio publikoetatik zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea azpimarratuz.

Bestetik, Kontseiluak helegitea jartzeko eskaera egin dio Barakaldoko alkateari: «Badakigu botere judiziala ez dugula bidaide izaten, baina epai oso ahula kaleratu du auzitegiak. Izan ere, auzitegiak 2014ko epai bat hartzen du oinarri, baina ez dio erreparatu orduz geroztik onartu den eta egun indarrean dagoen araudiari, 2016ko Udal Legeari eta 179/2019 dekretuari zehazki. Horrexegatik, uste dugu juridikoki ere erantzun behako litzaiokeela, are gehiago, Kontseiluaren babes osoa izango du aurrera eginez gero», idatzi du Eskisabelek eskutitzean.

Udalak ez du helegiterik aurkeztuko

Nolanahi ere, Udalak iragarri du ez duela helegiterik aurkeztuko, bertako zerbitzu tekniko-juridikoek ondorioztatu baitute ez dagoela «legezko oinarririk» errekurtsoa jartzeko, ohar labur batean jakinarazi duenez.

Botere judiziala hizkuntza-politika egiten ari da

Kontseiluko idazkari nagusiak berretsi du azken hilabeteetan euskalgintzatik behin eta berriro salatzen ari direna, hain zuzen ere, botere judiziala hizkuntza-politika egiten ari dela. «Beste behin, indarrean dagoen legeriari muzin egin diote epaileek, euskaldunon kaltetan. Izan ere, egun ezarrita dagoen ofizialtasunaren ondorio juridikoen irakurketa are murritzagoa egiten ari dira epaien zein jurisprudentziaren bidez: Irungo kasua, Laudiokoa... Bide honetatik, euskaldunon eskubideak are gehiago murriztu nahi dituzte ofizialtasunaren irakurketa murritzago baten bidez».

Gauzak horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak horri guztiari «batasunetik eta bateratasunetik» erantzuteko beharra azpimarratu nahi izan du eta eragile sozialak, politikoak eta sindikalak bat egitera deitu.

Azkenik, Kontseiluak gogora ekarri ditu auziarekin lotuta 2022an aurkeztu zituen bi proposamen. Lehenengoak EAEko sektore publikoa euskalduntzeko neurri zehatzak eta egingarriak jasotzen ditu, euskal gehiengo sindikalarekin batera adostutakoak. Bigarrenak, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko bidean, herritar helduen euskalduntzea sustatzeko proposamen estrategikoak jasotzen ditu, sektoreko eragileekin elkarlanean garatutakoak.