NAIZ

Iberdrolak Brasilen instalatuko du lehen eguzki planta fotovoltaiko flotagarria

Iberdrolak Brasilgo Fernando de Noronha uhartean kokatuko du bere lehen eguzki planta fotovoltaikoa munduan. Egitura flotatzailea izango da eta 630 kilowatteko potentzia izango du; urtean sortuko duen «energia berdeak» irlak duen kontsumoaren erdia gaindituko du.

Fernando de Noronha uhartean kokatuko da Iberdrolaren proiektu berria.
Fernando de Noronha uhartean kokatuko da Iberdrolaren proiektu berria. (Iberdrola)

Fernando de Noronha irlan, Unescok Munduko Ondare Natural gisa aitortua duen leku berean, Iberdrola taldeak, Neoenergia filialaren bitartez, Brasilen kokatuko du konpainiak munduan duen lehen eguzki planta fotovoltaikoa. Proiektua zehazki Fernando de Noronha uharteko Xaréu presako ur-laminaren gainean eraikiko da.

Iberdrolak berak ohar bidez azaldu duenez, ekimena Compesa-rekin batera gauzatzen da, enpresa honek kudeatzen baititu bai ura banatzeko sarea baita estolderia uharte osoan. Era berean, Brasilgo Energia Elektrikoaren Agentziaren laguntza izango du proiektuak.

Instalazioaren ezaugarri eta gaitasunei dagokienez, 630 kilowatteko (kW) potentzia izango du, eta egitura flotatzaileak 1.240 megawatt orduko (MWh) «energia berdea» sortuko du urtean. Datuon arabera, Compesak uhartean duen energia kontsumoaren %50 baino gehiago estaltzeko adina izango da hori «zero kilometroko hornidura elektrikoarekin».

Instalazioak urtean 1.660 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestuko duten 940 panel inguru izango ditu. Proiektua urtea amaitu baino lehen hasiko da, eta bi milioi euroko inbertsioa izango du. Bere lehen eguzki-zentral flotatzailearen garapenari esker, Iberdrola taldeak teknologia berri hori probatu eta hedapen posiblea aztertuko duela aurreratu du.