NAIZ

Eskubide guztiak lortu arte iraungo duen fase berri bat irekitzear da Bilbo

Euskal presoen kontrako urruntze politikaren amaieraren atarian dator manifestazioa, Euskal Herrian urteko mobilizazio politiko handiena izan ohi dena. Irudia aldatuta, Sarek «Etxera bidea gertu» mezua egia bihurtu nahi du eta, bide horretan, ziklo berri bat abiatzearen lekuko izango da gaur Bilbo.

Sare Herritarrak 2020an Bilbon deitu zuen mobilizazioko irudia.
Sare Herritarrak 2020an Bilbon deitu zuen mobilizazioko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal preso, iheslari eta deportatuen oinarrizko eskubideak bete daitezela eskatzeko garrasi bateratua Bilbon lurreratuko da beste urtebetez, bertatik lau haizeetara zabaltzeko. Salbuespen politika amaitzeko Sare Herritarrak urtero urtarrilez antolatzen duen manifestazioak erronka handi bat gauzatu nahi du, beste behin ere, gaur: Bilboko Autonomia kalea jendez betetzea. Hamarkada bat baino gehiago darama erronka hori urtero betetzen –2021ean eta 2022an salbu, herriz herri egin baitziren mobilizazioak, koronabirusaren pandemiaren ondorioz–, 70.000tik gora pertsona mugiaraziz, tarteko 130.000 historikoa 2014an, Tantaz Tantak deitutako mobilizazioan. Pandemia aurreko azken mobilizazio masiboan (2020) 80.000 pertsona elkartu ziren Bilbon eta Baionan, GARAren kontaketaren arabera.

Aurtengo honetan Zabalburun kokatuko da martxaren buruan joango den pankarta 17.00etan eta Autonomiara luzatuko da, atzetik, manifestazioaren gorputza. Udaletxerako bidea egingo du, han bukatzeko. Bertan irakurriko dute aurtengo mezua Sareko arduradunek.

Eskubideak bete daitezen eskatzen duen mobilizazioa izanik, gizarteko izate, izaera eta ideien ordezkaritza zabala lortu ohi du Sareren mobilizazio egunak. Bi norabidetan eragiteko antolatzen du urteroko zita: preso, iheslari eta deportatuen eskubideetan eta biktimen justizia, erreparazio eta aitortzan. Horrela, Bilbon izango dira indarkeria desberdinek eragindako biktimak, 10.30ean Euskalduna Jauregian egingo den mahai-inguruan: Rosa Rodero, Rosa Lluch (ETAren biktimak), Maider Garcia (GALena), Irantzu Benito (urruntze politikaren biktima), Mari Nieves Diaz eta Tamara Muruetagoiena (euskal presoen senideak eta torturaren biktimak). Maider Galardi kazetariak gidatuko du mahaia.

Irudi berritua

Errepidean hamasei lagun eta senideren heriotza ekarri duen sakabanaketaren fasea bukatzear dago –hamahiru preso daude Espainiako kartzeletan– 34 urteren ostean, eta eskubide urraketa hori gainditzearekin batera, ziklo berri bat irekiko da. «Urruntze politikaren amaieraren atarian gaude», nabarmendu zuen Mikel Mundiñano Sareko kideak NAIZ Irratian.

Horregatik, irudi eta asmo berrituarekin deitu du Sarek manifestazioa. Asteon aurkeztu du logo berria, bi geziz osatutakoa, «geziek erakusten diguten bideari jarraituz, ‘etxera bidea gertu’ mezua egia bihurtzen hasteko» asmo argia duena, aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez. Hala, testuinguru politikoaren aldaketara doitu da Sare, nahiz eta helburu nagusiak, funtsean, betikoa izaten jarraitzen duen: salbuespen politikak deuseztatu daitezela eta, sinpleki, presoei dagokienean legea bete dadila. Itu hori destatuta, legeak dioenaren baitan euskal presoen gradu progresioa egiteko bidea bultzatuko du plataformak aurrerantzean.

Sarek irudi berria aurkezteko egin zuen ekitaldia. (Jon URBE/FOKU)
Sarek irudi berria aurkezteko egin zuen ekitaldia. (Jon URBE/FOKU)

Gaur, gainera, gizarte zibil osoari proposatuko dio agertoki berri horretara egokitzea eta, aldaketaren adierazle, ikur berria Bilboko bazter guztietara hedatzeko asmoa du.

Egoera hobea bai, ona ez

Ezbairik gabe, hobea da gaur egun euskal presoen egoera aurreko urteetako manifestazioak testuinguratu zituzten koiuntura politikoen aldean. 130.000 lagun elkartu zituen 2014ko manifestazio historikoak uneko errepresio gogorrari eta Mariano Rajoyk (PP) gidatutako Gobernu espainiarraren blokeoari erantzun zien. Gainera, sarekada bat izan zuen aurrekari: mobilizazioa baino hiru egun lehenago, Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu zituen, EPPKko kanpo-bitartekariak. Orduko hartan, gainera, Eloy Velasco epaileak martxa debekatu zuen, eta bigarren deialdi bat egin behar izan zuen Tantaz Tanta kolektiboak. Preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria isiltzeko saiakerak izan ziren, baina zifra historikoak erakutsi bezala, kontrakoa eragin zuten. Orduan, 499 preso politiko zeuden; orain 170 dira.

Gaur egun, egoera oso bestelakoa da. ETA deseginda, 2018an hasi zuten Gobernu frantses eta espainiarrak euskal presoak Euskal Herriratzeko prozesua, eta motela –geldia, une batzuetan– izan bada ere, dozena batera murriztu da urrundutako presoek osatzen duten multzoa. Lehen graduak eta isolamenduak ere gainditu dira dagoeneko.

Ezin egoera konpondutzat eman, ordea, artean ere indarrean baitago salbuespen politika, gradu progresioan ezartzen diren oztopoetan antzeman daitekeen modura. 2021eko urriaz geroztik Lakuarena da EAEko espetxeen kudeaketaren eskumena eta, ordutik, zertxobait azkartu da euskal presoei hirugarren graduak emateko prozesua. Hala ere, askoz gehiago egiteko aukera du Gasteizko Gobernuak, Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak GARAri azpimarratu zionez: 34 baimen eman ditu, baina 110 presok (%64) betetzen dituzte gradu progresiorako baldintzak, kondenaren erdia betea dutenez gero.

Zentzu horretan, atzerapausoak ere izan dira. Lakuako Gobernuak ematen dituen baimen administratibo gehienen kontra helegiteak sistematikoki aurkezteko ohiturari eutsi dio Fiskaltzak (34tik 24ren kontra errekurtsoa aurkeztu du). Bederatzi gradu erregresio eragin ditu jokabide horrek eta hamahiru pertsona daude ebazpenaren zain; orain, ez hori bakarrik, Auzitegi Gorenaren erabakiz, Fiskaltzak helegitea aurkezten duen unean espetxera itzuli behar baitute presook, ebazpen judizialik gabe. Mikel Mundiñanoren iritziz, erabaki hauek «herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrera-urratsak oztopatzeko asmoa dute».

Xabier Atristain eta Joseba Arregi preso ohien kasuak izan dira 2022. urteko adierazgarrienak. Xabier Atristainen kasuan, Europak Estatu espainiarra zigortu zuen preso donostiarrari defentsa eskubidea urratzeagatik eta aske geratu zen Atristain, bere kontrako kondena baliogabetuta geratu ostean. Hilabete batzuen buruan, ordea, Estatu espainiarrak berriz ere espetxeratu zuen. Joseba Arregi oñatiarra, halaber, hirugarren graduan kondena betetzen ari zen, aurretik 30 urte kartzelan pasatu ostean. 76 urterekin, gradu erregresioa aplikatu zioten eta, beraz, espetxera itzuli zuten Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak.

Horma guztiak

Euskal preso, iheslari eta deportatuen kontrako salbuespenezko politika osatzen duten horma guztiak eraistea du muga gaurko mobilizazioak. Horma bat botata, sakabanaketarena, hurrengoei aurre egiteko bezainbesteko herri gogoa dagoela erakustekotan da Bilbo eta, beraz, gaur abiatuko da azken fasea izan daitekeena: indarkerien biktimei justizia, erreparazioa eta aitortza bermatzearekin batera, preso, iheslari eta deportatu guztien eskubide guztiak aitortu arte iraungo duen ziklo itxaropentsua.