Alfred Hitchcockek esan omen zuen filme bateko «gaiztoak» ezartzen duela filme horren egiazko maila. Norman Bates eta bere ama, Rebecca eta giltzain andrea edo, George Lucasen eskutik, «Star Wars» sagako Darth Vader izango lirateke zeinbait adibide garbi, beste askoren artean.
Saskibaloiak ere badu fikziotik partidek aurrez idatziriko gidoi bati lotuta ez dauden arren. Zentzu horretan, igande honetan Gasteiza edo Bilbora txangoa egin behar duten Alex Mumbruk eta Sito Alonsok badakite Saski Baskoniak eta Bilbao Basketek etsai amorratutzat hartuko dituztela, hurrenez hurren. Beraiek ederki dakite hori eta Gasteizko eta Bilboko zaleek ere bai. Pieza honek bistakoa dena hitzez jarri baino ez du egingo, eta horrela, ACB Ligako hamabosgarren jardunaldiari gatza eta piperra emateko balioko du.
Ez baita gauza bera, ezta inondik ere, astean zehar gertatu den moduan, Granadari irabaztea eta Alba Berlinen aurka galtzea Baskoniaren kasuan, edo Unicajaren kontra galtzea Bilbao Basketi dagokionez; ez baita gauza berdina diogu, arerioak arerio «huts» direlako, ez dagoelako inon ere etsairik; are gehiago, Unicajan Ibon Navarro lako pertsona jator bat izan dute aurrez aurre bilbotarrek eta Baskoniak, berriz, lesioz josita zetorren Granada igo berria eta Euroligako azken postuan doan Alba Berlin «majoa» izan dituelako aurkari, Alex Renfroe, Pablo Pin, Israel Gonzalez eta Luke Sikma lako jende otzana bertan direla.
Ez jauna. Alex Mumbru ez da ez majoa, ez jatorra ezta otzana ere. Joventuteko, Real Madrileko eta inoizko Bilbao Basket onenaren irudia izan zen bere garaian eta orain Valentzia Basket, Euroligan Saski Baskoniak «berea» duen postua kendu nahi dion taldeko entrenatzailea da. Ez dago errukirik Valentzia Basketekin; ez da errukirik izango 18.30etatik aurrera Buesa Arenan hasiko den neurketa hortan, batez ere gasteiztarrek talde taronja Kopatik at lagatzeko aukerarik izan dezaketelako.
Hamalau jardunaldiren ostean, Bilbao Basket, UCAM Murtzia, Breogan eta Obradoirorekin batera berdinduta bada ere, Valentzia Basket dago ACB Ligako zortzigarren postuan. Gainera, ostiral gauean Belgradeko Izar Gorriaren aurka etxean 75-77 galtzetik dator. Ondorioz, Alex Mumbruren taldea Euroligako Top 8tik bi garaipenetara geratu da aurreneko itzulia amaitu berritan 7-10 balantzearekin, Saski Baskonia, bere 11-6 balantzea eskuan duela, aurreneko postuan dagoen artean –AS Monako, Real Madril, Bartzelona eta Olympiacosekin berdinduta eta puntu aldea dela medio, hirugarren postuan–. Bada, Euroligako trena pixkanaka galtzen ari da Valentzia Basket; Alex Mumbru etsaiaren Valentzia Basket, eta a zer gozatua Gasteizko zaleentzat ACB Kopatik kanpo ere geratuko balitz! Non eta Baskoniak ACB Ligako aurreneko itzulia aurreneko lauren artean amaituko duela ia ziurtatu daitekeen bitartean.
Ez ahaztu, gainera, Saski Baskonia oraindik bolada bikainean dagoela. Bai, egia da segidan hamabi garaipen lortu eta gero Alba Berlinen aurka inork ere uste ez zuela galdu egin duela asteon, gaizkio jokatu arren partida irabazteko bizpahiru aukera garbi pasatzen utzi eta gero. Era berean, ordea, ACB Ligan azken sei partidak irabazi ditu, azaroaren 20an Manresaren kantxan galdu zuelarik bere azken neurketa eta etxean, ACB Ligan, Txus Vidorreta –beste etsai amorratu bat hau ere– buru duen Lenovo Tenerife baino ez dela gailendu Buesa Arenan, baina porrot hura urriaren 9an jaso zuen Baskoniak. Ezin zaie laga etsai amorratuei Zurbaotik garaipenak eraman ditzaten!
«Bigarren mailako» helburua
Jardunaldiko azken partida izango da domekan 20.00etan Bilbao Basketek eta UCAM Murtziak jokatuko dutena. Jakina da beltzezko gizonentzat, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak dioena sinetsi gero behintzat, otsailean Badalonan Kopa jokatzea ez dagoela bere helburuen artean, «ACB Ligako hamasei onenen artean sailkatzea» baino. Kontuan hartuta, gutxi gorabehera, maila mantentzeko hamabi garaipen lortzea nahikoa izan ohi dela, helburu nagusi hori betetzeko bidea nahiko txukun darama talde bizkaitarrak.
Baina aurreneko itzuli amaiera gogorra dauka, era berean, eta igandekoa da itzuliko azkenengo neurketa Miribillan, azken bi poartidak Gironan eta Bartzelonan jokatu beharko baititu, hurrenez hurren. Eta egia da aurten, iazko denboraldiarekin alderatuta, beltzezko gizonak ez dabiltzala gaizki etxetik kanpo jokatzen dutenean, baina egia da ere iaz sendoago aritu zirela Bilbao Arenan. Aurreneko itzuli honetan zazpi gartaipenetik lau «bakarrik» lortu dituzte etxean; hau da, Saski Baskoniak, Obradoirok eta Real Madrilek irabazi egin dutela, eta badirela nahikoa nahikoa porrot UCAM Murtzia ere zerrenda hortara gehitu dadin.
Nolanahi, Saski Baskoniak Valentziari irabaztea oso litekeena da, eta hala gertatuko balitz, Bilbao Basketen balizko garaipenak egundoko bultzada emango lioke zortzigarren postu hortan amaitzeko. Esan bezala, Kopa jokatzea ez omen da Jaume Ponsarnau eta bere taldearen helburua, baina sailkatuz gero nekez geratuko lirateke Badalonara joateke. Are gehiago, bigarren itzulia osoa jokatzen hasi aurretik, hain desiratuak diren hamabi garaipenak orain baino ere hurbilago izango lituzke kasu horretan. Beraz, zortzigarren leku horrek ezer ere ez luke txarrik beltzezko gizonentzat.
Iheslariaren bisita
Esan bezala, Sito Alonsok gidatzen du UCAM Murtzia eta horrek ez dakar oroimen onegirik Bilboko zaleentzat. Gipuzkoa Basketekin lan bikaina egin eta gero, 2014/15 denboraldian iritsi zen Alonso Bilbora eta bi denboraldi egin eta gero Saski Baskoniara joan zen, nahiz eta artean kontratua bazuen. Ezustean eta ia ezkutuan alde egin zuela, diruz oso larri zebilen taldea bertan behera lagatzea ia, leporatzen diote Bilbotik UCAM Murtziako entrenatzaileari. Hargatik, eta bere izaera xelebrea dela mediio, ez du lagun askorik utzi Sito Alonsok Bilbo inguruan.
Bestalde, Murtziako taldean Sadiel Rojasek jarraitzen du, eta Dominikar Errepublikako hegalekoak jokatzen jarraitzen duen bitartean, ez da errukirik izango, Rojas bera gogortasuna eta indarkeria behar bezala bereizteko arazoetan ibili baita makina bat urtean. Ezin ahaztu horrez gain Ilimane Diop ere badatorrela UCAM Murtziarekin; Dakarren jaiotako pibot gasteiztarra asko otzandu da azken urteetan, baina bere kirol bizitzako hasierako urteetan behar baino liskar gehiagotan sartu zuen muturra, batik bat Bilbao Basket eta Baskoniaren artean 2015eko martxoan Miribillan izan zen liskar lotsagarri hartan. Ilimane Diopek ez zuen surik piztu, Dejan Todorovic eta Tornike Shengelia izan zirelako liskar horri bide eman izanaren erantzule, baina Diop bera egurra banatzen aritu ziren bi taldeetako jokalarien artean zen, eta garai hartan Baskoniako kapitaina zen Fernando San Emeterio parean jarri izan ez balitzaio, ez zuen berehalakoan geratzeko asmo handirik.
Hori dena gutxi ez eta, aintzat hartu behar da FIBA Saskibaloi Txapeldunen Ligako Top16ko ligaxkan ere elkar ikusi dezaketela talde hauek biek. Bizkaitarrak eta Vidorretaren Lenovo Tenerifek lekua irabazi dute, eta zain daude ligaxkako beste bi arerioen aurka. Badirudi Turkiako Darussafakak nahiko bideraturik duela Benfica talde portugaldarraren aurkako kanporaketa, eta bestetik, kostata bada ere, UCAM Murtziak irabazi egin dio asteon Pinar Karsiyaka talde turkiarrari, nahiz eta datorren asteko emaitzak erakutsiko duen Sito Alonsorenak sailkatuko diren ala kitarakoa jokatu beharko duten.
Domekako partida bakarrik aintzat hartuta, ikusi egin behar Bilbao Basketek Agustin Ubal eta Nikola Radicevic jokatzeko moduan dituen, orkatilako arazoak dituzte-eta biek ala biek. UCAM Murtziari dagokionez, berriz, mundu guztia sano omen dago, baina asteon bi partida jokatzetik –eta irabaztetik– dator, ostiralean 85-64 egurra eman baitzion Lenovo Teneriferi. Ondorioz, nahi gabe ia, Kopa jokatzeko azken txartel horren borrokan murgildu dira Sito Alonsorenak.
Deskuidoan pieza hau irakurri eta eskuak burura eraman baditu baten batek, dagoela lasai. Hau saskibaloia baino ez da, esaerak dioen bezala, garrantziarik ez duten gauzen artean gauzarik garrantzitsuena. Etsairik amorratuenari ere eskua ematen zaio partida hasi aurretik eta baita bera amaitu eta gero ere. Munduak jiraka jarraituko du eta, irabazi nahiz galdu, hurrengo partidari begiratuko diete denek, igande arratsalde honetan jazo denari baino. Hurrengo berriz ere etsai amorratu maiteen aurka jokatzea tokatzen den arte.