NAIZ

CCOO, LAB eta UGTk Lakuaren inplikazioa eskatu dute Bizkaiko Metalgintzako gatazkan

Bizkaiko Metalgintzaren negoziazioan FVEM patronalak ezarritako «blokeoa» salatu du CCOO, LAB eta UGTk osatzen duten gehiengo sindikalak, eta Lakuako Gobernuko lan eta enplegu sailari gatazkan bitartekari izateko eskatu dio.

Bizkaiko Metalgintzako langileen mobilizazioa.
Bizkaiko Metalgintzako langileen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2021eko azaroan, Bizkaiko Metalgintzaren negoziazio mahaia eratu zen. Urtebete baino gehiagoko negoziazioaren eta hainbat grebaren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen du. Testuinguru honetan, CCOO, LAB eta UGTk osatzen duten gehiengo sindikalak «patronalaren etengabeko blokeoa» salatu du.

«Azken 5 greba egun arrakastatsuen ondoren, berriz ere negoziazioari eskua luzatu genion, eta erantzukizunez jokatuz, abenduaren 21ean egindako azken bileran, gehiengo sindikalak, gure plataforma aldatu genuen, azken hilabetean hirugarrenez. Bilera horretan, akordiorik eza alde batera utzita, arazoak FVEMek negoziazioan erakutsitako borondate falta eta jarrera harroa izan ziren; izan ere, plataforman egindako aldaketak onartezintzat jo zituen eta sindikatuak aseezinak zirela esan zuen. Bilera data berririk gabe amaitu zen», azaldu dute sindikatuek.

Joan den abenduaren 2an, Lakuako Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia prest agertu zen bere Sailak balizko bitartekaritza batean parte har zezan, aldeek hala eskatzen bazuten; bada, Bizkaiko Metalgintzaren mahaiko gehiengo sindikalak formalki eskatuko dio Sail horri parte har dezan, «metalaren gatazka konpontzeko bidean aurrera egiteko».

«Erabateko blokeoa eta negoziazioa mespretxatzen duen eta sektoreko lan baldintzen erantzule egiten ez den patronalaren jarrera honen aurrean, uste dugu Eusko Jaurlaritzak esku har dezakeela eta eragile aktiboa izan daitekeela gatazka konpontzeko. Negoziazio mahaiko gehiengo sindikalak (CCOO, LAB eta UGT) Lan eta Enplegu Sailari eskatzen diogu gatazka honetan bitartekari izan dadila, honela, FVEM ukatzen ari den negoziazio bat ahalbidetu ahal izateko», gaineratu dute.

Hortaz, gehiengo sindikalak negoziazioari eskua luzatzen diotela nabarmendu dute, bidezko akordio batera iristeko helburuarekin. Baina FVEMek bitartekaritza hori onartzen ez badu, gatazkarekin jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek.

Bizkaiko Metalgintzaren hitzarmena herrialdeko zabalena da eragiten dien langile kopuruagatik (56.000 inguru).