NAIZ

Emakumeen ikusgarritasuna eta berdintasuna aldarrikatuko ditu ‘Emakumeak’ kongresuak

‘Emakumeak’ Kongresua egingo dute urtarrilaren 17tik 20ra Bilbon. Agenda feminista, ekonomia feminista eta askatasun afektibo-sexuala izango dira hizketagai nagusiak. Bizkaiko emakumeak «protagonista» izatea nahi dutela azpimarratu du Foru Aldundiak.

‘Emakumeak’ kongresuaren aurkezpena.
‘Emakumeak’ kongresuaren aurkezpena. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatuak aurkeztu du urtaprrilaren 17tik 20ra Bilboko Euskaldunan egingo den ‘Emakumeak’ kongresua. Emakumeen ikusgarritasunaren eta berdintasunaren alde eginiko borroka feminista aldarrikatuko dute hiru eguneko programaren bidez.

Laespadak azaldu du kongresuak «kolore morearekin, feminismoaren morearekin» markatuko duela Bizkaia. Gehitu du ‘Emakumeak’ dela kongresuaren izenburua, topaketetan Bizkaiko emakumeek protagonismo osoa izango dutelako agenda feministari, ekonomia feministari edo askatasun afektibo-sexualari bidezko gogoeta egiteko.

Borroka feministaren bidez aurrerapausu asko eman badira ere, ezer ez dela lortu «modu ezeztaezinean» adierazi du Laesapadak, eta «berdintasun gehiago, feminismo gehiago» behar dela: «Emakumeen Biltzarra beste urrats bat da. Emakumeok gure eskubide eta askatasunen aldeko borrokan egin dugun bidea duela zenbait mende hasi zen, eta bitartean aurrerapen asko eta atzerapauso batzuk izan dira, ezer ez dago amaituta».

Gizarte osoari irekitako hitzordua dela azaldu du, baita gizonezkoei ere, baina «protagonismoa emakumeena» dela azpimarratu du; leku askotatik iritsitako emakumeekin izandako eztabaiden eta hausnarketen bidez bete nahi dituzte hiru egunak. Doakoa izango da sarrera, baina izena eman beharko da edukiera mugak direla eta; Laespadak gogorarazi du sarrera gutxi geratzen direla eta lehenbailehen izena emateko dei egin die Bizkaiko zein Euskal Herriko emakumeei.

Parte-hartze zabala

Bertako zein nazioarteko parte-hartzaileekin egingo da urtarrileko zita. Kongresuan erreferenteak izango dira, hala nola Segolene Royal frantziar ministro ohia eta Poitou-Charentes-eko Eskualde Kontseiluko egungo presidentea; Fawzia Koofi, Afganistango politikaria eta ekintzailea; Ana Pelaez, Emakumearen aurkako Bazterkeria Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordeko buruordea; Sindy Takanashi, komunikatzailea eta dibulgatzailea; Rosa Maria Calaf eta Paloma del Rio, kazetariak; Mabel Lozano, zinema-zuzendaria; Nuria Varela, idazlea; Elena Arzak, sukaldaria; edo Izaro eta Christina Rosenvinge kantariak.

Kongresuaren baitan erakusketa gune bat ere egongo da, bertan Bizkaiko emakumeak ardatz dituen argazki erakusketa bat aurkeztuko da. Eta adingabeak zaintzeko zerbitzua zein liburu denda ere egongo dira.

Programazioaren zati handiena kongresuaren baitan kokatuko bada ere, uda baino lehenagotik jarduera-programa oso bat egin da: zinema, antzerkia, jardunaldiak, erakusketak, kaleko artea, bertsolariak, kirola, musika edota herri bazkaria, esaterako.