NAIZ
Donostia

Donostiako Metroaren lanek Erdialdeko etxebizitza batean eragindako kalteak salatu dituzte

Donostiako Metroaren lanek Erdiguneko eraikinetan sortu dituzten kalteen zerrenda luzatuz doa. Orain, Artzain Onaren plazan dagoen etxebizitza baten egituran agertu diren pitzadurak salatu ditu Satorralaia elkarteak. Bizilagunak, kezkatuta antza, ETSrekin jarri dira harremanetan.

Kaltetutako etxebizitza Erdigunean dago, Loiola eta San Martin kaleek bat egiten duten izkinan.
Kaltetutako etxebizitza Erdigunean dago, Loiola eta San Martin kaleek bat egiten duten izkinan. (Satorralaia)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Artzain Onaren Plazan dagoen eraikin batean sortu dituzten kalteak salatu ditu. Eraikina zehazki Loiola eta San Martin kaleen arteko izkinean dago, Erviti musika denda ezaguna zegoen tokian, hain zuzen.

Aipatu izkina arkitektonikoki osatzen duen arkuko harlanduzko piezen mugimenduek eta pitzadurek erakusten dutenez, «Loiola kaleko 14. zenbakiko eraikinaren desegonkortze bat gertatu da Metroaren lanek bere zimenduei eragin dietelako, eta horren larritasuna areagotu egiten da eraikinaren izkinan gertatzen denean», ohartarazi dute.

Iturri berberek adierazi dutenez, «obrek eraikinaren egituran eragindako kalteak ez zaizkie oharkabean pasatu jabeei, antza denez, ETSrekin harremanetan baitaude».

Satorralaiak kalte horien jatorria Erdialde-Kontxako geltokira sartzeko kanoiak eraikitzeko Easo eta San Martin kaleetan erabili diren metodo «oso erasokorrak» direla defendatzen du. Gainera, gogorarazi du eraikuntza proiektuan jasota dagoela «sarbide-kanoiak oso eremu eraikian daudela, eta horrek eraikuntza arrisku handiak dakartzala» .

Erabilitako eraikuntza sistema metro batetik gorako diametroa duten piloteak lurpean presio bidez lerrokadan sartzea izan da pantaila hormak eraikitzeko. «Pilote eskerga horiek indar bortitzarekin presionatuz sartu behar izan dituzte gainera –azaldu dute–, Artzain Onaren eremuko lurzoru hareatsuaren pean sakontasun handian aurkitzen den ‘arroka’ lurrazpira iritsi eta sartu arte».

«Pilotaje etengabe eta masibo horren inpaktuak obratik gertu dagoen harri ormaz egindako eraikin honen egonkortasunari kalte egin dio, etxearen zimenduek hondar geruza horren gainean oinarri hartzeaz gain, eraikinaren egitura ez dela konbentzionala kontuan hartu behar delarik, fatxada nagusia kalteturiko arkuteriaren gainean eusten baita», zehaztu du Satorralaiak ohar bidez.

Easo kalean eroritako balkoia

Bestalde, iragan urtarrilaren 4ean handik gertu dagoen Easo kaleko 31. zenbakian erori zen balkoiaren harira, Satorralaiak adierazi du «zergatia mementuz argitu gabe badago ere», azpimarratu du «Metroaren proiektuak berak nabarmentzen duela eraikin horren azpitik igaroko den San Bartolomeko sarbide kanoia eraikitzeak etxe horrentzat dakarren arrisku larria, Metroaren geltokira sartzeko sarbide horren zulaketa lanak eraikinaren zimenduetatik oso hurbil egin behar direlako».