Avironek Challenge Cup txapelketan jokatutako partida guztiak galdu ditu. Hirugarren porrota jaso du Benetton talde italiarraren aurka (26-7). Baionako mutilek markagailua ireki dute Yohan Orabek egindako entsegu bati esker eta Machenaudek 0 eta 7koa ezarri du.
Ordu erdi iraun du Avironen pozak. Lehen zatiaren azken hamar minutuetan hiru entsegu jaso dituzte eta 19-7 galtzen joan dira aldageletara. Bigarren zatian berdintasuna izan da nagusi, baina italiarrek erabakita utzi dute norgehiagoka azken minutuetan beste entsegu bat lortuta.
Hurrengo jardunaldian Scarlets talde galestarra hartuko dute Jean Daguer zelaian. Lehen jardunaldian galdu egin zuten beraien kontra etxetik kanpo. Benettonek ere irabazi egin zuen Baionan eta sailkapenaren zuloan daude lapurtarrak.
Biarritzek ere galdu egin zuen ostiral iluntzean Colomiers taldearen kontra. 23 eta 17 nagusitu ziren etxekoak eta Biarritz Pro D2 ligako hirugarren postuan geratu da porrotaren ostean.
Ohorezko Mailan, Ordiziak ere porrot egin du Complutense Cisnerosen aurka Altamiran (10-34). Madrildarrak hasieratik gailendu dira eta ez diete aukerarik eman goierritarrei. Luzapenean lortu du Ordiziak azken orduko entsegu bat.
Gernikak, berriz, Pozuelo taldeari egingo dio igandean bisita. Bizkaitarrek puntu bakar bat daukate sailkapenean, Goierrikoen kontrako derbia 20 eta 23 galdu ostean.
Bestalde, Eibar taldeko emakumeek ere Sevillako La Cartujan galdu dute sailkapeneko lehen postuan doan Corteva Cocosen aurka (50-12).