Maite Ubiria
Interview
Jean-Dominique Iriart
Larraineko auzapeza

«Mugak ezarri zituzten arte hemen ez zegoen arazorik, ‘Kaudilloaren’ garaian ere pasatu gara»

Jean-Dominique Iriartek aho bilorik gabe hitz egin du duela bi urte Pirinio Atlantikoen Prefeturak eman zuen aginduari buruz. Tokian-tokian mugaren itxierak eragindako kaltetik harago, «printzipioen gaineko eztabaida» gauzatu beharra dagoela ohartarazi du.

«Jean-Do» Iriart, Larraineko auzapeza.
«Jean-Do» Iriart, Larraineko auzapeza. (Guillaume FAUVEAU)

Azken bi urteetan Prefeturak emandako aginduaren ondorioz «pertsonak libreki ibiltzeko eskubidea bortxatua» izan dela oroitarazi du «JeanDo» Iriartek.

Euskal Herrian ez delako dimentsio hori aintzat hartzen damu da Kataluniako Banyuls pasabidea ireki dadin martxan den dinamikari beha den auzapez zuberotarra.

Nola bizi duzue Nafarroarekin lotzen zaituzten pasabide naturala hetsia izatea?

Pasabide naturala da, baina ez soilik guretzat, Euskal Herriko jende guztiarentzat baizik. Beti gure herri tipiak jasaten duen kaltea aipatzen da, baina kaltea euskal biztanle guztientzat da. Ez gara gu bakarrik hunkituak; kaltea Europako biztanle guziek jasaten dute.

Ekonomia alorrean dituen ondorio txarrak nabarmentzen dira gehienbat.

Ekonomiaren ikuspegitik aztertzen da afera, eta kaltea hor dago. Bistan da, Larraineko jendeak Iruñera joateko behar du 50 kilometro gehiago egin, izan Ibañetatik edo Biarnoko San Martingo Harritik pasatuz, baina arazoa ez da bakarrik niretzat, edo gaineko larraintarrentzat, zuretzat ere bada, beste edozein euskal biztanlerentzat bezala.

Europar Batasuna sortzeko irizpide nagusia, hain zuzen, pertsonak libreki igarotzeko eskubidea, auzitan da inoiz ez bezala gure herrian.

Aitzinera joz, bi estatuek mugak finkatu zituzten arte (1856. urtean, Baionako Tratatuaren bidez) hemen ez zen arazorik. Ondoren, jakin behar da ‘Kaudilloaren’ denboran ere pasatu garela. Kontrolak baziren, noski, baina gaur ezagutzen dugun bezalako debekurik sekula ez da izan. Europak merkantziak eta pertsonak libreki igarotzeko eremua sortuz geroztik lehenbiziko aldiz muga pasatzeko debeku osoa heldu da. Hori ez da zutik egoten ahal eta Europako jende bakoitzak behar luke salatu.

Iaz, Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoko herritarrak bildu zituen ekimen batean, ‘Euskal Herrian mugarik ez’ leloa astindu zenuten.

Eztabaida behar delako bere mailan eman. Hala egin dute Banyuls-en, Katalunian. Han bai, ene ustez, eman dute auzitan debeku hori. Harremanetan gara hango elkarte eta herritarrekin. Gauzak hala segituz gero, iritzi publikoa interpelatzeko aukera izanen da.

Mendiko mugetan noiz lausotuko da egoera? Prefeturaren berririk baduzue?

Estatuek dute subiranotasuna eta hori erabiltzen dute. Gure herri txikian muga ixtea tokatu zaigu. Eta hautetsi handiak ez ditut entzuten. Lehenengo galdera da: zein da neurri horren efikazia? Ez du ezertarako balio. Izan terrorismoa, covida, migranteak edo droga, ontsa badakigu mendiko mugek ez dituztela sekula arazo horiek geldiarazi. Gure bortu hori, bestalde, beti erabilia izan da libertatearen alde borrokatzeko. Bigarren Mundu Gerra denboran pasatu dira juduak, Ingalaterrako hegazkinlariak, erresistenteak.. eta guk egun behar dugu onartu muga hori zerratua izan dadin?

Adierazpenak, gutunak... euskal ordezkariek maiz salatu dute mugaz bi aldeetan ematen den egoera azkeneko bi urte hauetan, baita lehenagorik ere.

Baionan bildu zen mugaz gaindiko misio operatiboaren bilkura jarraiki nuen. Printzipio handiak, hitz ederrak, baliatu zituzten. Mugaz bi aldeetako harremanak bultzatzeko egitasmoak. Baina han Alsazian egiteko, nonbait. Alta, jakin behar da europar populazioaren %30 muga eremuetan bizi dela. Ekonomiaren garapena aipatzen digute, baina, berriz diot, printzipioen araberako eztabaidarik ez da.

Ez zaitu asetzen, beraz, mugetako egoerari Euskal Herrian eman zaion erantzunak.

Irudi luke mundu materialista honetan printzipioak ahantziak direla, eta ez ditut ikusten hemengo mugimendu politikoak maila horretara joateko prest. Hemen beti kalteaz ari gara, beti zenbat gauza saldu dugun edo ez dugu saldu, zenbat jende gehiago edo gutxiago etorri den kanpinetan... baina gauza harago doa. Ez badugu printzipioei buruz gogoetatzen, pertsona batzuek eskubide batzuk badituzte eta beste batzuek ez, zer balio du Europak?

Nola erantzun inposaketari? Zer urrats espero duzu?

Eguneroko borroka da libertatea, Europako eraikuntzaren eta populuen arteko kidetzaren aldeko borroka. Gure ekinbidea da, denona, estatuek inposatu duten erabakia salatzea, ez onartzea. Alkate bezala behar nuke debeku hori aplikarazi, eta norbait pasatzen bada multa ezarri. Baina horren kontra naiz. Nafarrak, aragoiarrak, auzoak ditugu, denok gara europarrak. Zer espero dut? Aliatuak xerkatzen ditut, kalteak salatzeko baino, zalantzan dauden balioak defendatzeko.