NAIZ

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzea, asteazkenean izango den bileraren zain

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuak berriro mobilizatu dira astelehen honetan izan diren kargu-uzteak eta dimisioak salatzeko. Salaketa hori mahaigaineratuko dute asteazkenean, Osakidetzako Zuzendaritzarekin izango duten bileran.  

Astelehen honetan Donostia Ospitalean egindako elkarretaratzea.
Astelehen honetan Donostia Ospitalean egindako elkarretaratzea. (@Hdoprofesional1)

Donostialdeko zerbitzuburuek elkarretaratzea egin dute berriro astelehen honetan Donostia Ospitalean, ESIan izan diren kargu-uzteak eta dimisioak salatzeko.

Osasun arloko profesionalek ez dute adierazpenik egin komunikabideen aurrean. Dena den, datorren asteazkenean Osakidetzako zuzendaritzaren ordezkariekin bilduko dira.

Abenduaren 28 zerbitzuburuek manifestu bat argitaratu zuten «eredu inposatzailean» oinarritutako lan funtzionamendua salatuz. Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatu zuten «kudeaketa krisi larriari» aurre egiteko.

Hurrengo asteetan zerbitzuburuek ordezkaritza mahai tekniko bat eratzea proposatu zuten ESIaren estrategia prestatzeko, eta «gardentasuna» exijitu zuten, plantillak «behar bezala dimentsionatu» eta egonkortu ahal izateko.

Halaber, espezialitate batzuek laguntza «superespezializatua» behar dutela azaldu zuten. Agerraldi batean ohartarazi zutenez, Osakidetzak abian jarritako lan eskaintza publikoak ez ditu profil espezifikoak jasotzen kategoria gehienetan.

Elkarrizketaren garrantzia

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak elkarrizketaren garrantzia azpimarratu eta adierazi du egoera konpontzeko bilerak egin beharko direla.

Dena den, Sagarduiren esanetan, Donostialdeko ESIan bizi den gatazkak ez du eraginik izan bertan eskaintzen den osasun arretan.