NAIZ

Irundarrek ‘Protesta egin eta biziraun’ kanpaina hasi dute, Juan Thalamas Labandibar moztuz

Puntu beltza da Irungo Juan Thalamas Labandibar kalea, Behobia eta Artia-Azken Portuko auzoen artean kokatua. Abiadura-muga orduko 30 kilometrora murriztea eskatu arren, ez da aintzat hartzen eta horrek istripuak eta biktimak eragiten jarraitzen du. Aldundiaren eta Udalaren «nagikeria» salatu dute.

Irundar talde batek Juan Thalamas Labandibar kalea moztu du, bertako abiadura-muga orduko 30 kilometrora murrizteko eskatzeko.
Irundar talde batek Juan Thalamas Labandibar kalea moztu du, bertako abiadura-muga orduko 30 kilometrora murrizteko eskatzeko. (NAIZ)

Irundarrek GI-636 Juan Thalamas Labandibar kalea moztu dute berriro Behobian, «bide terrorismoari amaiera emateko erabakia» hartu dutelako. Puntu beltz horretako ezbeharrek ez dute etenik, eta trafiko mozketen kanpaina bat abiatu dute, ‘Protesta egin eta biziraun’ izenekoa, «bide terrorismoaren» biktimak oroitzeko, istripuok salatzeko, eta gertatu diren heriotzen aurrean Gipuzkoako foru Aldundiak eta Irungo Udalak erakutsi duten «nagikeria eta axolagabekeria» bukatzeko.

Nabarmendu dutenez, bide eta bizi-segurtasuna, osasuna, osotasun fisikoa eta pertsonen bizitza daude jokoan. «Oinez ibiltzea eta bizikletaz ibiltzea bizitzeko modu bat izan dadin, eta ez hiltzeko modu bat».

30 kilometro orduko abiadura muga

Irungo Juan Thalamas Labandibar kalean, Behobia eta Artia-Azken Portuko auzoen artean, abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztea eskatu arren, ez da aintzat hartzen eta horrek istripuak eta biktimak eragiten jarraitzen du.

Kalea hirigunea dela azaldu dute: «Saihesbide edo bide alternatiboak daudenean, hiribidea da eta ez zeharbidea, Gipuzkoako Foru Aldundiak interesatzen zaiolako sailkatzen duen bezala. Kasu honetan bi saihesbide baitaude, GI-3453 eta AP-8 errepidea hain zuzen ere. Bestalde, bazterbide edo arekak falta ditu. Baimendutako abiadura 50 kilometro ordukoa da, 30ekoa izan beharko lukeen arren, Zirkulazio Arau Orokorrak zehazten duenaren arabera».

Egunero 25.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira bertatik, horietako asko kamioiak, eta batzuek salgai arriskutsuak daramatzate. Ibilgailu kopuru handi horrek auzo horietako biztanleekin espazioa partekatzen du; oinezkoen pasealekua eta bidegorria erabiltzen duten oinezko eta txirrindulariekin; Azken Portu kiroldegiko erabiltzaileekin; edo kale horretan geltokiak dituzten hiriko eta eskolako autobusen erabiltzaileekin.

Emaitzarik gabe

Protesta egin duten irundarrek esplikatu dutenez, tarte hau puntu beltza da, «baina eremu honetan dauden interes ekonomiko, politiko eta pribatuek (Zaisako plataforma logistikoak, espekulazio urbanistikoak eta lurzoruaren erabilera-aldaketak) ezinezko egiten dute ekimenak aurrera egitea. Hamasei hilabeteko lan gogorraren ondoren, administrazio-bidea eta bide politikoa agortu dira».

Ez Irungo Udalaren Osoko Bilkurak duela urtebete baino gehiago aho batez hartutako erabakia, ez Arartekoaren jarduerak, ez hamar erakundek osatutako talde batek hasitako espedienteak; ezta hainbat komunikabide eta sare sozialetan kaleratutako salaketek ere, ez dute emaitzarik eman.

Irungo Udalaren Osoko Bilkuraren akordio hartan, aipatutako tartean abiadura orduko 30 kilometrora murrizteko erabakia hartu zen, baina, gainera, «trafikoa baretu eta baketzea» aurreikusten zuen, hiru helbururekin: mugikortasun seguru eta jasangarria, eta airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea.