NAIZ

Langile batek bakarrik ez dezala lan egin exijitu dio LABek Kutxabanki

Joan den asteartean Izarrako bulegoko Kutxabankeko langilearen heriotzaren ondoren, LAB sindikatuak enpresari eskatu dio pertsona batek bakarrik lan egin ez dezala, hainbat arrisku ekiditeko.

Langileek bakarrik lan egin ez dezatela eskatu dio LABek Kutxabanki.
Langileek bakarrik lan egin ez dezatela eskatu dio LABek Kutxabanki. (Gorka RUBIO | FOKU)

Izarrako Kutxabankeko langile bat lanean bakarrik ari zela hil zen joan den asteartean. Horren aurrean, LAB sindikatuak enpresa batzordearen hurrengo bileran gainerako sindikatuei eskatuko die Kutxabanki modu bateratuan exijitzeko langileek ez dezatela bakarrik lan egiten jarraitu.

«Ikerketak zehaztuko du lankidearen heriotza zerk eragin duen, baina gertaera tragiko honen aurrean, LABek galdetzen du ea heriotza hori saihestu zitekeen beste lankide bat berarekin egon izan balitz», adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.

Eskaera egiteko arrazoien artean, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, laneko segurtasuna eta osasuna azpimarratzen ditu sindikatuak. Hala, hainbat faktore aipatu ditu langile bat bakarrik ez egotea gomendatzeko: lapurretak jasateko aukera, bihotzekoen, iktusen edo bestelako afekzioen kasuan artatzeko ezintasuna edo sortzen duen estresa eta antsietatea.

Nahiz eta azken urteotan sindikatuak bi aldiz eskatu dion Kutxabanki langile bat bakarrik ez egoteko bere lanpostuan, Kutxabankeko zuzendaritzak ezezkoa erantzun duela salatu du. Sindikatuaren arabera, langileen segurtasuna «jokoan dago» eta astearteko ezbeharraren ondoren enpresak «ezin du beste alde batera begiratu».

Halaber, enpresak urtero dituen «egundoko» irabaziekin «langileek jasan behar duten prekarietatea onartezina» dela defendatu du LABek.