Laso-Imaz Urrutikoetxea-Albisu bikoteek gaur egin dute asteazkeneko partidarako material hautaketa Mungian, eta Binakako Txapelketako ligaxkako 9. jardunaldiari hasiera emango diote. Ander Imaz atzelariak adierazi du partida «zaila» izango dela, ondo jokatzen ari den bikote baten aurka lehiatuko direlako, eta haiek bezala, sailkapeneko gorengo postuetan daudelako.
Albisuk, bere aldetik, aitortu du haientzako neurketa «zaila eta garrantzitsua» izango dela, irabazi ezkero, sailkapenean Laso-Imaz bikotearen pare jarriko direlako. «Egun polita izango da: espero dugu jende asko etortzea, partida polita jokatzea, eta neurketa irabaztea», nabarmendu du atzelariak.
Bestetik, Elordik min hartu du ezkerreko eskuan, eta ezingo du hurrengo partida jokatu. Haren ordez, Irribarria ariko da. Ostiralean Urdulizen (Bizkaia) ariko dira nor baino nor gehiago Ezkurdia eta Martija Irribarria eta Zabaletaren aurka. 9. jardunaldiko gainerako neurketak larunbatean eta igandean jokatu dira. Lehenik, Iruñean jokatuko dute, Altuna III eta Tolosa Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka. Eta, igandean, Etxebarrin (Bizkaia) Jaka eta Aranguren Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra.
Ligaxkako sailkapen nagusia
1. Elordi-Zabaleta: 7 puntu
2. P. Etxeberria-Rezusta: 5 puntu
3. Laso-Imaz: 5 puntu
4. Altuna III-Tolosa: 5 puntu
5. Urrutikoetxea-Albisu: 4 puntu
6. Peña II-Mariezkurrena II: 3 puntu
7. Ezkurdia-Martija: 2 puntu
8. Jaka-Aranguren: 1 puntu