Nafarroa Behereko Mendibe herriaren parean, RD18 errepidean, istripua izan da ostegun arratsalde honetan. Gutxienez hiru auto eta elurra kentzeko makina bat harrapatu ditu elur-jausi batek, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Estatu ordezkaritzak adierazi duenaren arabera, «gidariak eta bidaiariak aterazi behar izan dituzte ibilgailuetatik baina zorionez biktimarik ez da izan».
Hala eta guztiz ere, eguraldi iragarpenei so eginez zuhurtziaz jokatzeko aholkua eman du Prefeturak auto gidariei zein mendizaleei ere.
Lehenengo albisteen arabera Iratiko etxoletara zihoazen lagunek pairatu dute Prefeturak jakinarazi duen istripua. Bidean zirela haien aurrean lehen elur-jausia gertatu da, eta atzera egitea erabaki dutenean, bertze elur kolpe heldu zaie gainean.
Gauzak horrela aipaturiko ibilgailuak harrapaturik gelditu dira. ‘Sud-Ouest’ kazetak zehaztu duenez zazpi auto eta elurra kentzeko makina bi hunkitu ditu lur-jausiak, «gutxienez 18 lagun» hunkitu duen istripua eraginez.
Prefeturak azaldutakoaren arabera, bederen hiru auto eta elurra kentzeko makina harrapatu ditu elurrak. Ez du zehaztu zenbat lagun ziren ibilgailuetan. Hori bai sorospen zerbitzuek bidaiariak askatu behar izan dituztela agerian jarri du. Zorionez, inor ez dela zauritu gaineratu du erakundeak ostegun gauean plazaratu duen prentsa agirian.
Azken egunotan elur dezente pilatu da Nafarroa Beherea eta Zuberoa aldera. Ondoren izan diren euriteek «elur geruza desorekatu dute», elur-jausien arriskua areagotuz.
Arriskua ekiditeko oharra zabaltzeaz gain, hainbat neurri iragarri ditu Prefeturak. Hala, RN 134 errepidean, zehazki Les Forges d'Albel eta Sonporteko eski estazioaren parkinaren artean, autoek ezin izango dute ibili bihar arratsaldera arte.
Ostegun arratsalde hoenetan plantan eman duten trafiko murrizketa, bihar ostirala, 14.00ak arte izanen dela indarrean jakitera eman du Prefeturak. Debekua ez da indarrean izanen Jendarmeria eta sorospen zerbitzuen ibilgailuentzat, ez eta, bistan da, elurra kentzeko makinentzako.
Egoera aldakorra izanik, tokian tokian elur arriskuaz oharraziz seinaleak plantan emanen dituela gehitu du Prefeturak.